Euskarazko prentsaren historia bideo batean

Euskarazko prentsaren historiari buruzko zortzi minutuko animazio bideo batekin ekin dio aurtengo ikasturteari Ikusgelak, euskarazko bideo pedagogikoen atariak.

Urte honetako berritasuna historiaren gaineko saila izango da.

Astearte eta ostegunero aterako du bideo berri bat Ikusgelak. Aurten, historiari buruzko bideoak egiten hasiko dira, Danel Pascualek aurkeztuta.  Garai historiko baten gako nagusiak jasoko dituzte zazpi-hamar minutu inguruko bideo horiek, umorez eta tonu freskoan betiere.


Euskal kulturako bideo sortan, berriz, euskal zinema, euskal antzerkigintza eta Euskal Pizkundea jorratuko dituzte. Erronka digitalen sortarekin ere jarraituko dute. Leire Palaciosek aurkeztuko du Badalab-ekin kolaborazioan sortutako sail hori. Filosofiaren gaineko bideoak ere egingo dituzte, baita literatura unibertsalari buruzkoak ere.

Bideoak Youtubeko Ikusgela kanalean, Wikipedian eta sare sozialetan ikusi ahalko dira, baita Ikusgela.eus webgunean ere. Bideoen gidoiak Mikel Alvarez eta Lander Arretxeak egin dituzte.