Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria
Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu. Astero, hiru ataletako baten inguruko ikus-entzunezko bat kaleratuko dute. Jada ikusgai jarri dituzte BEZari buruzko bideo bat [goian ikusgai] eta Platon pentsalariari buruzko beste bat.
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta hezkuntzako hainbat arlotako elkarte eta katedrekin elkarlanean, Ikusgela proiektua sortu du. Ikusgela euskarazko eduki pedagogikoen ataria da, eta euskarazko ikus-entzunezkoak sortzen ditu ikasleentzat, hainbat gairen inguruan. Hiru Damatxo da ikus-entzunezkoak sortzeko arduraduna. Youtuben eta Wikipedian ere egongo dira ikus-entzunezko piezak. Horietako batzuk, baita BERRIAko Ikasgela atarian ere.
Ikusgelak hiru sail izango ditu: filosofia, ekonomia eta euskal literatura. Iazko ikasturtean, filosofiako bi bideo igo zituzten, Simone de Beauvoir eta Hannah Arendten ingurukoak. Ikus-entzunezkoetan zabalduko zuten informazioa osatzeko, Agora elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitateko Joxe Azurmendi katedrako kideen laguntza izan zuten, eta izango dute. Aste honetan, Platon pentsalariari buruzko bat jarri dute ikusgai.
Ekonomia atalean, edukiak oso bestelakoak izango dira, youtuber estilora joko baitute. Alazne Astorga aktoreak bertatik bertara azalduko ditu BEZaren, enpresa moten edota inflazioaren ingurukoen ezaugarriak.
Euskal literaturaren inguruko zortzi piezak marrazki bizidunen formatuan joango dira.
Euskal literaturaren inguruko zortzi piezak marrazki bizidunen formatuan joango dira. Ikusgelako Ander Bolibarrek esan du «euskal gaiak jorratzeko beharra» ikusi zutela, eta horregatik sortu zutela atal hori.
Astero, hiru ataletako baten inguruko ikus-entzunezko bat kaleratuko dute. Baina ez dira atal bakarrak izango. Ikasturtean zehar, sail berriak izango dira: zientziaren historiari buruzkoak eta ingurumenaren ingurukoak, adibidez.
Ikasturtean zehar, sail berriak izango dira: zientziaren historiari buruzkoak eta ingurumenaren ingurukoak, adibidez.
Euskarazko Wikipedia, posizio onean
Luistxo Fernandez da Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko lehendakaria, eta euskarazko Wikipediak azken urteotan izan duen garapenaren inguruko datuak eman ditu: «Aste batzuk barru, 400.000 artikulura iritsiko gara». Gaur-gaurkoz, euskarazko Wikipedia, artikulu kopuruaren arloan, 34. postuan dago munduko Wikipedien artean. Gainera, kalitate handieneko artikuluak dituzten Wikipedien artean, euskarazkoa bost puntu igo da aurten.
Euskarazko Wikipedia, artikulu kopuruen arloan, 34. postuan dago munduko Wikipedien artean.
Jatorrizko artikuluak
- Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria Amaia Jimenez Larrea | |