Igor Leturia Azkarate: «Adimen artifizialean ez badago, beste esparru bat galduko du euskarak»

Igor Leturia Azkaratek (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) urteak daramatza hizkuntzaren prozesamenduaren arloan lanean, eta bera ere ezustean harrapatu du azken urteetan izandako bilakaerak. Euskara ondo kokatuta ikusten du, baina gehiago behar dela dio.

Euskara, hizkuntzei aplikatutako adimen artifizialaren testuinguruan, hizkuntza gutxituacloseBazterketa, jazarpena edo debekua pairatzen duen hizkuntza.
da?

Bai, baina erlatiboa da. Azkenean, esaten denean euskara baliabide gutxiko hizkuntza dela, zerekin konparatzen duzun, horren araberakoa da. Orai zentroan –Elhuyarren hizkuntza teknologien ikerketa saila da Orai– kolaboratzen dugu beste hizkuntza gutxitu batzuekin, eta ikusten badituzu, adibidez, okzitaniera edo aragoiera, askoz ere okerrago daude.

Pozik egotekoa da hori?

Euskara baliabide gutxiko hizkuntza da, baina, gutxienez, badaukagu estandar bat, ofiziala da, produkzioa badago, komunikabideak, tresna hauek garatzeko behar den materiala badago, corpuscloseIkerlan baten oinarri gisa erabiltzen den testu bilduma.
a badago... Euskararen egoera ez da frantsesaren edo gaztelaniaren parekoa, baina beste estatu hizkuntza txiki batzuen pare badago, eta, beste hizkuntza minorizatu batzuen aldean, askoz hobeto dago. Neurri batean, ez gaude kexatzeko.

Adimen artifizialak lagundu dezake euskararen normalizazioan?

Aipatzen da zenbait arrisku egon daitezkeela: dena itzultzaile automatikoekin egiten bada, nolabait, ikusezin bihurtzen dira hizkuntzak. Edo zer motibazio edukiko du bakoitzak dena itzulita jasotzeko, aukera badago teknologiaren bitartez? Baina lagundu ere egin dezake. Ari gara eskatzen euskaraz jaso behar ditugula testuak, audioak, ikus-entzunezkoak... teknologiaren bitartez gero eta errazagoa izango da halakoak euskaraz jasotzea. Eta, aldi berean, kontrakoa. Zenbat bider esaten da «euskararekin irits daitekeen merkatua oso txikia da, eta, beraz, egin dezagun erdaraz»? Edo talde batean beste hizkuntza batera pasatu beharra bakar batek ez dakielako euskaraz? Teknologiak halako barreracloseHesia.
k kentzen lagundu dezake, eta euskaraz mugarik gabe egiteko aukerak gehitzen ditu.

Beldurra eduki behar zaio adimen artifizialari?

Derrigorrezkoa da teknologia horietan egotea. Egia da, bereziki azken belaunaldiko tresnen inguruan, hainbat kezka sortu direla —copyrightak, lanpostuak, errentagarritasun ekonomikoa...— , baina jendeak erabiltzen ditu. Adimen artifizialean ez badago, beste esparru bat galduko du euskarak. Beste hizkuntzek baliatuko dute.

Elhuyarrek garatuak ditu hainbat zerbitzu: Elia, Aditu... Nolakoa izaten da sortze prozesua?

Ez gara bakartuta bizi, eta ikusten ditugu beste hizkuntzetako joerak, merkatua eta mundu akademikoa jarraitzen dugu... Ikerketa egin eta gero ikusten denean teknologia batekin emaitza oso onak lortzen direla eta baliagarriak direla, tresnak eta zerbitzuak garatzen ditugu. Saiatu egiten gara, probatu egiten dugu, finduz joaten gara... horrela izaten da.

Eta erraz gizarteratzen dira?

Dena bezala, kosta egiten da. Gehienek euren telefonoan edo ordenagailuan eskura dituzten gauzak ezagutzen dituzte, eta, orduan, Chrome baduzu instalatua, Chrome erabiliko duzu, Google Translate ezagutuko duzu... Askotan, ez da jakiten badaudela tresnak hobeto dabiltzanak eta bertan garatutakoak direla. Baina gure tresnak erabiltzen dira. Ekarpen handia egin diote euskarari.

«Askotan, ez da jakiten badaudela tresnak hobeto dabiltzanak eta bertan garatutakoak direla».

Igor Leturia (Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa-teknologien arduraduna)

Harritu zaitu euskarazko adimen artifiziala noraino iritsi den ikusteak?

Mundu honetan urteetan lanean ari garenok ikusten genuen poliki-poliki ari zirela aurrerapenak egiten, baina denbora gutxian bi jauzi handi egin dira. Ez nuen inondik inora espero. Urteetan eta urteetan aritu ginen borrokan ea tresna onak lortzen genituen, eta, bat-batean, sare neuronalekin lehenengo eta gero lengoaiacloseMintzaiara, hizkuntza.
eredu handiekin, salto harrigarri bat egin da, asko erraztu delako sistema horiek garatzea.

«Sare neuronalekin lehenengo eta gero lengoaia eredu handiekin, salto harrigarri bat egin da, asko erraztu delako sistema horiek garatzea».

Igor Leturia (Orai NLP Teknologiak zentroko hizketa teknologien arduraduna)

Iritsiko da egunen bat munduko edozein tokitara joan, euskaraz hitz egin eta arazorik gabe ulertuko dutena?

Etorri, etorriko da. Beste hizkuntza batzuk oso gertu daude; euskara urrutiago dago, baina bagoaz horrantz.

Zeintzuk izango dira hurrengo erronkak?

Euskarari dagokionez, lengoaia eredu handietan, ChatGPT eta halakoetan, euskarak iritsi behar du beste hizkuntza batzuk iritsi diren mailara. Hori da gure erronka.

Eta orokorrean?

ChatGPT eta halakoek oso ondo funtzionatzen dute, ados. Baina sare neuronal erraldoiek makina oso potenteak behar dituzte funtzionatzeko, eta energia kontsumoa oso handia da, ura eta bestelako baliabide batzuk behar dituzte hozteko... Oraingoz, oso garestia da. Erraldoi teknologikoak merkatua bereganatzeko lasterketa batean sartuta daude, eta inbertsio handiak egiten ari dira, baina dirua galtzen ari dira. Errentagarritasunik ezak denbora bat iraun dezake, baina ez da beti horrela izango. Egoera nola irauli da galderetako bat, eta ingurumenari nola gutxiago eragin bestea.

Jatorrizko artikuluak