Iban Thikoipe: «Urteetan, biziki konplikatua izan da Hegoaldean sartzea»

  • Albistea entzun

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasle batek baino gehiagok ikasketak Hego Euskal Herrian segitzea erabakitzen du urtero, baina ez da biderik errazena: traba administratibo andana gainditu behar izaten dute. Baionako Bernat Etxepare lizeoak entseguak daramatza bere ikasleei bidea errazteko, Iban Thikoipe zuzendariak azaldu duenez (Gabadi, Nafarroa Beherea, 1985).

Nola antolatzen da Hegoaldeko goi mailako ikasketen sistema? Zein dira posibilitateak Ipar Euskal Herriko ikasleentzat?

Bi sistema ezberdin badira: unibertsitateetako ikasketak eta goi mailako lanbide heziketa formakuntzak, Frantzian BTSren baliokideak direnak, guti gorabehera. Zailtasunen ondorioz, azken urteetan guti bakar batzuk sartu dira goi mailako lanbide heziketan. Unibertsitateetan, berriz, azken bi urteetan ikasleen %14-15ek segitzen dute euskaraz.

Hegoaldera ikastera joaten diren ikasleen kopurua handituz doan arren, nola azaltzen duzue hain jende gutxi izatea oraindik ere?

Erranen nuke bat baino gehiago direla arrazoiak. Lehena kulturala da, ohiturei lotutakoa. Familia gehienek ez dute ezagutzen hezkuntza sistema hori. Gero, muga fisikoa ere bada. Izan ere, hautuak egiteko garaia iristean,  Parcoursup sistemacloseFrantziako goi mailako ikasketetan aurrematrikula egiteko plataforma. aplikatzen da, eta dena egina da ikasleak normaltasun osoz Parcoursupera bidaltzeko. Segida logiko bat bezala da Frantzian ikasketak segitzea.

Traba administratiboak daude?

Urteetan, gero, Hegoaldean sartzea biziki konplikatua izan da formakuntza guztientzat; bai administratiboki eta bai notazioen aldetik. Ez da baitezpada erraza ikasleentzat. Frantzian tokiak ez dira hainbeste mugatuak, eta Hegoaldean, anitzez gehiago.

Zuentzat, zer esan nahi du Hegoaldera ikastera joateak? 

Argi da euskaraz ikasten segitzeko ez dela beste hauturik, Iparraldean ez baita aukerarik. Batetik, euskaraz segitzearen garrantzia ikusten dugu. Bestetik, Iparraldean ez da unibertsitaterik formakuntza mota guztiak eskaintzen dituenik. Ikasleak, orduan, Frantziara doaz, urrun, eta haien bizitza han egitearen arazoa sortzen da: ez direla baitezpada berriz heldu Euskal Herrira. Bada pertsona batzuen galtzea. Batzuk zinez gaitasun onekin ateratzen dira lizeotik, gaitasun garatuekin, eta horiek galtzen ditugu, ez badira berriz heldu Iparraldera beren jakitatea honat ekartzera.

«Argi da euskaraz ikasten segitzeko ez dela beste hauturik, Iparraldean ez baita aukerarik».

Iban Thikoipe (Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria)

Zer harreman duzue EHUrekin?

Elkarlan bat bada, aspaldikoa; [Eusko] Jaurlaritzarekin ere bai. Urte batez, Donostiako unibertsitateak gonbidatu gintuen campusaren bisitatzera gastu guzti-guztiak ordaindurik. Argi da haien aldetik interes bat badela. Gero, nahiz eta unibertsitatearekin harreman onak ditugun, hainbat arazori aurre egin behar diogu. Ez da batere erraz Hegoaldean nahi den ikasketetan sartzea.

«Ez da batere erraz Hegoaldean nahi den ikasketetan sartzea [...] Azkenean, gure ikasleak atzerritarrak balira bezala ikusiak dira beti».

Iban Thikoipe (Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria)

Zergatik?

Bertako arduradunek erraten dute ezin dutela desberdintasunik egin gure ikasleentzat. Azkenean, gure ikasleak atzerritarrak balira bezala ikusiak dira beti. Hori, euskal herritar izanik, ez da normala. Haiek erraten dute beren esku hartzea mugatua dela. Lan bat egitekoa da oraindik alde hartarik.


Jatorrizko artikuluak