Giza tragediaz gain, gerrak baditu beste ondorio batzuk ere. Ukrainako gatazkak eragin handia izan dezake ingurumenean, eta adituek arrisku bat nabarmendu dute: kutsadura nuklearra. Hamabost erreaktore dauzkate martxan.
Energia nuklearraren mendekotasunik handienetakoa duten Europako herrialdeetako bat da Ukraina. Txernobylgo hondamendi nuklearra pairatu bazuen ere, herrialdeak ez zituen itxi bere erreaktoreak, eta, egun, hamabost dauzka martxan. Horietako gehienak 1970eko hamarkadan eraikitakoak dira, eta, beraz, euren jarduera epea —40 urtekoa— gaindituta daukate. Herrialdeak kontsumitzen duen elektrizitatearen erdia inguru sortzen du energia nuklearrak. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) kezka azaldu du, gatazka militarrak istripu nuklear bat eragin baitezake.
Rafael Grossi IAEAko zuzendariak ohartarazi du «inoiz ikusi gabekoa» dela Ukrainako egoera, orain arte ez baita izan halako gatazka militarrik horrenbeste erreaktore dituen herrialde batean. Oraingoz, ez dute erradiazio igoera handirik topatu herrialdean. Txernobyl inguruan atzeman dute igoera «txiki» bat, segur aski ibilgailu astunak inguruan ibili direlako. Ukrainako Gobernuak agentziari eskatu dio egoerari erreparatzeko.
Bonbardaketak egin zituzten Zaporizhiako erreaktoreetatik gertu, berriemaile batzuek salatu zutenez. Baina, oraingoz, instalazioak normal ari dira.
Bonbardaketak egin zituzten Zaporizhiako erreaktoreetatik gertu. Baina, oraingoz, instalazioak normal ari dira.
Egunotan Zaporizhiako zentral nuklearreko langileek instalazioetako errepidea itxi diete Errusiako tropei, kamioi eta barrikadekin. Operadoreek IAEAri eskatu diote esku hartzeko, eta zentraletatik 30 kilometroko eremuan gatazkarik gabeko eremuak ezartzen laguntzeko.
Sei erreaktore ditu Zaporizhiako zentralak, eta Europako handiena da. Greenpeacek ohartarazi du industria instalazio oso konplexuak direla zentral nuklearrak, eta etengabeko baliabide eta arreta eskatzen dutela segurtasuna bermatzeko.
Zentral nuklearrek duten arriskurik larriena da eraso militar baten ondorioz energia hornidura moztea.
Zentral nuklearrek duten arriskurik larriena da eraso militar baten ondorioz energia hornidura moztea. Horrek erreaktorearen eta erregai erabiliaren hozte sistema eten dezake. Kasurik txarrenean, erreaktorearen fusio bat eragin dezake, eta erradioaktibitate isurketa masibo bat.
Jatorrizko artikuluak
- Hondamendi nuklearra arrisku Iñaki Petxarroman | |