Hirugarrenez, Maialen Lujanbio txapeldun

  • Albistea entzun

Hasi eta buka izan da onena, eta Iñaki Muruak jantzi dio txapela. Txapelketen argazkia berritu du aurtengo finalak —hiru emakumek hartu dute parte lehendabizikoz—, baina bidea berak berritu du.

Hirugarren txapela poltsikoratu du Maialen Lujanbiok, eta, beste behin, 2009ko eta 2013ko buruz burukoaren argazkia ikusi da, Amets Arzallusekin aritu baita aurten ere. 

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, finalean. IÑIGO URIZ / FOKU

Lujanbiok erakustaldia eman du hasi eta buka, eta lortu dituen 2.240 puntuak dira horren erakusle. Beste zazpi bertsolariak ere, nolanahi ere, bikain aritu dira; saioa hasi orduko hartu diote tamaina oholtza berriari, eta tenple onean eutsi diete 13.300 lagunen begirada, animo eta txaloei.

Lujanbiok erakustaldia eman du hasi eta buka, eta lortu dituen 2.240 puntuak dira horren erakusle. 

Amets Arzallus izan da txapeldunorde, 2.166 punturekin, eta Aitor Mendiluzek, buruz burukotik kanpo geratu bada ere, hirugarren egin du, itzel arituta (1.507). Atzetik izan du, laugarren postuan, Sustrai Colina, 1.495 punturekin. Puntu eta erdira izan du atzetik Alaia Martin (1.493,5). Koska bat beherago, Beñat Gaztelumendik egin du seigarren, 1.443 puntu eskuratuta. Nerea Ibarzabalek egin du azken-aurren, 1.435 punturekin. Eta, azkenik, Joanes Illarregi izan da azken, 1.421 puntu batuta.

Txapelketen argazkia berritu du aurtengo finalak, baina bideak berak berritu du. Bertso gosez zeuden txapelketa hasterako bertsozaleak, eta finalean ere islatu da gose hori. 13.300 lagunen olatuak izan dira, txalo zaparradak, malkoak eta isiltasun luzeak.

 Bertsozaleek leporaino bete zuten Nafarroa Arena. IÑIGO URIZ / FOKU

Agurreko bertsoa

«Txapela bete indar», hala kantatu du amaierako agurra 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak:

Herriak ta hizkuntzak

zuten norantzari

gai gehio lotu zaio

lehengo ardatzari

ta munduak hartu dun

itxura latzari

aurre egiteko, beraz,

laguna altxa hadi!

bultza hainbat borroka

ederren martxari

kontrapisu eginez

eskuin balantzari

txapela bete indar

mingaina dantzari

borroka irabazteko

desesperantzari.

Jatorrizko artikuluak