- Biologia-Geologia
- Gorputz hezkuntza
- Kultura zientifikoa
- Gizarte bazterketa
- Hilekoa
- Osasuna
- Sexu eta ugaltze eskubideak
Endometriosiak eta haren gaineko ezjakintasunak minduta
Sei emakumek Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute, endometriosi eritasunaren berri emateko. Salatu dute oraindik ere gaixotasun «ikusezin» bat dela, eta zalantzan jartzen dela sufritzen dutenen hitza.
Endometriosia eritasun ezezagun bat da oraindik ere, neurri handi batean. Hamar emakumetik batek pairatzen du. Bizimodu normala egitea eragotz dezakeen mina eragiten du. Hauek dira gako nagusietako zenbait:
1 Genetikoa. Endometriosia patologia genetiko bat da; hileko mingarriekin nahasi izan da denbora luzez, eta, horren ondorioz, diagnostikoak berantiarcloseBerandu datorrena.rak izaten dira anitzetan. Uteroa inguratzen duen ehuna da endometrioa, eta, gaitza dutenen artean, handitu eta hazi egiten da ehun hori, uterotik kanpo; bertze organoetara ere itsas daiteke endometrioaren ehuna. EstrogenocloseObarioek eta giltzurrun gaineko guruinek ekoizten dituzten sexu hormonak.
gehiegi izateak eragiten du endometrio ehuna ohi baino gehiago handitzea eta haztea. Estrogeno kantitatea mugatzeko, progesteronacloseUmetokia haurdunaldirako prestatzen duen hormona.
erabiltzen ohi dute medikuek, hain zuzen ere.
Uteroa inguratzen duen ehuna da endometrioa, eta, gaitza dutenen artean, handitu eta hazi egiten da ehun hori, uterotik kanpo.
2 Graduak. Endometriosiak eragindako kalteen arabera, lau gradutan sailkatzen da eritasuna, batetik laura; azkena da larriena. Gaitza dutenen %15ek dute laugarren graduko endometriosia.
3 Sintomak. Endometriosiak eragin ditzakeen sintomak anitz dira: hileko mingarriak, eta odol jario handikoak; sexu harreman mingarriak; pelbiseko min kronikoa; oinazea sabelaldean; hesteetako nahasmenduak; mina pixa egiterakoan, eta odola agertzea gernucloseTxiza.an; nekea eta bizkarreko mina. Azken sintoma hori ohikoa da laugarren graduko endometriosia dutenen artean.
4 Tratamenduak. Endometriosiak ez du sendabiderik; tratamenduen helburua da, ondorioz, gaitz horrek eragiten dituen sintomak arintzea, ahal den neurrian. Eritasunaren graduaren araberakoak dira sintoma horiek. Gorputz guztiak, gainera, ez dira berdinak, eta gaitzak, gradu bera izan arren, ezberdin eragiten ahal die batzuei eta bertzeei. Tratamenduen helburua izaten da mina arintzea, oinazearen aurkako botiken bidez. Hormonen bidezko tratamenduak ere badira, estrogeno kantitatea mugatzeko. Kirurgia behar izaten dute gaixo anitzek ere, endometriosiaren kalteak arintzeko.
Endometriosiak ez du sendabiderik; tratamenduen helburua da, ondorioz, gaitz horrek eragiten dituen sintomak arintzea, ahal den neurrian.
Elkarte bat ikusezintasunetik ateratzeko
«Hilekoak eragindako oinazea bertzerik ez da; eutsi beharko diozu». Esaldi hori hamaika aldiz entzun behar izan dute Nerea Barba Ramosek (Iruñea. 1987) eta Espe Ziriza Goñik (Iruñea, 1981), eta, entzun duten bakoitzean, mina sakonago sentitu dute: «Mingarria baita gure hitza behin eta berriz zalantzan jartzea. Behin eta berriz erran behar izan dugu ez gaudela ongi; sentitzen dugun minak erabat baldintzatzen duela gure egunerokoa. Kontua ez dela hilekoak mina eragiten digula».
Nafarroan sortu berri duten Asenna endometriosi elkartearen sei sustatzaileetako bi dira Barba eta Ziriza. Laugarren graduko endometriosi sakona dute, eta eritasun horri «bakarrik» egin behar izan diote aurre. Orain arte: bat egin, eta elkartea sortzeko pausoa eman dute, bakardade hori ez baitute nahi bertze inorentzat. «Bada garaia gure mina eta gure hitza kontuan hartzeko», erran du Barbak, Asennako presidenteak.
«Bada garaia gure mina eta gure hitza kontuan hartzeko».
Min handia da endometriosiaren marka, anitzetan. Diagnostiko bat lortzea, halere, ez da erraza izaten. Hainbat arrazoik azaltzen dute zailtasun hori; batetik, endometriosia oraindik ere gaitz nahiko ezezaguna izatea; eta, bertzetik, medikuen formakuntzarik eza.
Barbak eta Zirizak garbi dute «emakumeen gaixotasun bat» izateak azaltzen duela egoera hori. «Ez dago interesik. Eta asmatu ezinik aritzen dira medikuak. Tratamendu eraginkorrik ez dago; bertzeak bertze, ikerketarik ere ez delako egiten», nabarmendu du Barbak.
«Ez dago interesik. Eta asmatu ezinik aritzen dira medikuak. Tratamendu eraginkorrik ez dago; bertzeak bertze, ikerketarik ere ez delako egiten».
Nerabeak erdigunean
Nerabeak zirenetik, larrialdietara hamaika aldiz joan dira Barba eta Ziriza; hamaika medikurengana jo dute, eta, gehienetan, hilekoarekin lotu dute profesionalek sufritu duten oinaze hori. «Erotzat hartu gaituzte; histerikotzat. Normaltzat jo dute genuen mina, eta etxera bidali gaituzte bueltan».
Egoera horiek utzitako arrastoa sakona da endometriosia dutenengan. «Bazter utzita sentitu naiz anitzetan; funtsezkoa da errateko duguna entzunen duen norbait izatea». Barbak zorionekotzat jo du bere burua, obario bat kentzeko azken ebakuntza egin eta gero psikologoarengana bideratu zuelako ospitaleko medikuak. «Psikologoak salbatu nau».
Eskoletan eta institutuetan egon nahi dute Asennako kideek, endometriosiaren berri emateko eta herritarrak kontzientziatzeko.
Eskoletan eta institutuetan egon nahi dute Asennako kideek, endometriosiaren berri emateko eta herritarrak kontzientziatzeko. Nerabeak erdigunean jarri nahi dituzte, eta nabarmendu dute «funtsezkoa» dela gaitza ahalik eta azkarren antzematea. «Ez da erraza, ekografietan ez baita ikusten». Horregatik berretsi dute formakuntzaren beharra: «Familia mediku batek edo ginekologo batek ikusten badute nerabe bat behin eta berriz joaten dela kontsultara, minak jota, saia daitezela ikertzen, eta kontuan izan dezatela endometriosiaren aukera».
Jatorrizko artikuluak
- Benetako min amaigabea Edurne Elizondo-Nafarroako Hitza | |