Hil-kanpaiak airearen zabuan

Anjel Lertxundi |
  • 799 hitz
  • Albistea entzun

Pandemiari buruz dihardu Anjel Lertxundi idazleak testu honetan. Gizarteak hasieran erakutsi zuen adorea ahulduz joan dela kontatzen du, sufrimenduaren eta galeraren kronika eginez.

Ugariak dira testuan literatur obra eta pertsonaia ezagunei egiten dizkien erreferentziak; giza portaeraren adibidetzat aukeratu bide ditu, ehunka urtetan eta munduko hainbat herrialdetan errepikatu izan baitira.

Infernua, hemen.

Noiz bukatuko da amets beltza, noiz itzuliko gara lehen genuen bizitzara? Edgar Allan Poeren Belea poemako hegazti beltzak beti hitz bera erantzuten dio gaztearen galdera bakoitzari:

Nevermore, nevermore…

Mundua ez da izango jada pandemiarik ezagutu ez bagenu bezalakoa. Errepaso bat ematen ari zaigu koronabirusa. Gure tokian jartzen. Gizabanakoa diluitzen ari den masa akritikoan gutariko bakoitzak sentitu du heriotzaren hurbila, nondik datorren ez dakigun hats hotza garondoan.

'O!, ez nago infernutik kanpo, hemengo mundu hauxe da infernua', zioen Mefistofelesek Goetheren Fausto-n. Baina infernua ez da pandemia, pandemiaren gure kudeaketa baizik. Gu gara infernua. Jakitez, bagenekien izurriteak, plagak, pandemiak ziklikoak direla. Naturak ekarriak. Zientzialariek gertagarritzat jotzen zuten pandemiaren bat, eta iragartzen ere ari ziren laster ezagutuko genuela antzeko zerbait. Hemen dugu. Pandemiaren aurrean erakutsi izan dugun gure jarrera, sarritan arduragabea eta ez batere solidarioa, ezin zaio halabeharrari egotzi, mundua kudeatzeko gure baldarkeriari baizik. Manipulazioa, arerio politikoen kontrako arma, autoritarismoa, balizko errudunen ehiza, solidaritate falta, txibato lana…

«Pandemiaren aurrean erakutsi izan dugun gure jarrera, sarritan arduragabea eta ez batere solidarioa, ezin zaio halabeharrari egotzi, mundua kudeatzeko gure baldarkeriari baizik».

Bitartean, ebidentziaren negazionista askok, beren listo ustean, egoismoaren zornea destilatzen segitzen dute, fabulako tonto haren bidetik: eguzkiaren existentzia ukatzen zuen berorik ez pasatzeko.

Guk sortutako infernuaz ari da Mefistofeles, injustiziaren maskara ugariek bertan goxo egiten duten plazaz. Guk sortutako infernuaz ari zaio Fernando Fernán Gómezek jokatzen duen pertsonaia ere José Luis Cuerdaren Tximeleten hizkuntza filmeko mutil koskor bati: «Infernua ez dago gure munduaz haraindi. Gorrotoa, krueldadea, hori da infernua».

Auschwitz izeneko infernua gauzatu zuten kriminalen buztin berekoak ziren hango biktimak ere. Halakoxea da gizakia: izugarrikeria handienak egiteko gai eta sufrimendu bortitzenetik poesia gorenena idazteko gauza izugarrikeriaren barne-minetan.


Borondatea flako.

Animo gogobero batez eta diziplina zorrotzenarekin ekin zitzaion pandemiaren borrokari. 'Irabaziko dugu', esaten zuen jendeak, eta etxeetako balkoiak gainezka egiteraino betetzen ziren heroi berriak txalotzeko. Gerra bat piztu berri balitz bezala zen: hiztegi belikoa zerabilten osasun-adituek, politikari eta kazetariek, jendeak; momentu haien eszena hunkigarrienak jasotzen zituzten hedabideek; giharrak eta bihotza, batez ere bihotza, leher egiteraino (lehertzeraino) egiten zuten lan gure osasun zaintzaileek. Gerra berriko heroiak ziren. Dena zen onezia, dena zen adore eta energia, gogotik iraun zuten diziplinak eta egoerari buelta emateko esperantzak. Zentzutasuna erruz ari omen zitzaion lehia irabazten arinkeriari. Kontent ginen.

Konfinamendua bukatu zen arte.

Hainbatek gerra bukatu balitz bezala hartu zuen arnasa, eta ez tregua baten moduan. Maiatzetik hasi eta Gabonak arte, uda barne, hesiak jarri zituzten hondartzetan sartzeko. Hori kenduta, ezer gutxik adierazten zuen benetako egoera: suizidio kolektibo baten ataria ematen zuten hesiz haragoko hondartzek, hesiz honagoko malekoiak, terrazek, kaleek, plazek. Momentu batean maskarak ia guztiz desagertzeraino, eta maskarekin, zuhurtasuna. Udaberriko pozaren hostoa laster zen, ordea, udazkeneko orbel. Eskarmentua ikasle txarra da nonbait. Prudentzia: auskalo larretan. Pedagogia: missing. Solidaritatea: lagunduko didate ezer gertatuko balitzait, bitartean, hor konpon, kopon!

Ikusten hasita geunden luze joko zuela auziak, baina giza borondatea flakoa baita, hasiera bateko euforia onkeriazkoa etsipenezko ihesa bihurtua zen jada, carpe diem gaizki ulertu baten bidetik.


Patukeriaren erresuman.

Hil da halako, joan da urlia. Eta jakin ez ditugunak.

Koronabirusak eragindako hildakoen informazioa zifren, ehunekoen, konparaketen, aurreikuspenen pilaketa bat da, su eman behar zaion zenbakien meta halako bat, egunkarietako letra beltzetan. Numero bihotz gabeen meta bat. Eskolan Domund-erako edo ikastola berria egiteko ematen genituen sosen grafikoak bezalakoak eguneroko balantzean. Bihar beste kopuru bat emango dute. Egunetik egunera handitzen doa zenbakien meta. Zenbakiak, tragedia despertsonalizatzen duten zenbakiak beti. Zifra horiek guztiek itxura dute atzean ez dagoela pertsonarik.

Joan zen hilean hainbeste hil omen ziren herrian. Aurreko hilean baino gutxiago. Edo gehiago. Zuk, gutxi-asko, ezagutzen dituzu herritarrak, bistaz badarik ere, edo erreferentziaz, baina apenas duzun hildako gutxi batzuen berri. Isilik joan dira, asko eta asko hurbilenen agurrik jaso gabe. Lazgarriak dira entzuten ari zaren istorio batzuk. Ba omen da zaharretxetako egoiliarrik jateari utzita hil denik. Ahuleriaz. Panikoz. Izan omen da suizidiorik ere. Ahoz aho dabiltzan kontuak dira, hedabideetara iristen ez direnak.

Laurogeita bost urteko agure baten kasua kontatu dizute. Ez zenuen ezagutzen; anaia bazenu bezala hunkitu zaitu. Ospitalean hil omen da, bertan ia hilabete isolatuta egon ondoren. Hildakoak oso hurbil zeukan senide hurkoena, laurogeita hiru urteko anaia. Aldameneko gelan, tabike bat tarteko. Hura ere, koronabirusak jota.

Erizainei esker izaten zuten elkarren berri.

Bart joan-etorri askoren hotsak iritsi zaizkio alboko gelatik anaia gazteari. Goizarekin, erizaina etorri zaio tentsioa hartzera.  'Luis hil da, ezta?' galdetu dio erizainari egun onik ere eman gabe. 'Bai. Sentitzen dut', erantzun dio erizainaren ahots-kraskak. Anaia gazteak ezpainak hozkatu ditu, sabaira begira jarri da.

Begiak itxi ditu.

Txikitako hil-kanpai grabe solemneak entzun ditu bere kautan, bere ordua noiz iritsiko.

Hilobiak fresko daude, baina zifren metek ez dute Erdi Aroan hildakoekin osatzen zituzten su-meten eragin koertzitiborik. Hil-kanpaiak iristen ziren hiri osoko eliza guztietako kanpandorreetatik. Exorzismotik asko zuten suak eta hil-kanpaiek. Espiaziotik ere bai.

Baina espiazioa, guk? Zergatik? Zer egin dugu gaizki? Zer ikusia dugu guk etorri zaigun patukeriarekin?

Jatorrizko artikuluak