Elkarrekin idatzi dute Miñan liburua: Ibrahima Baldek ahoz, eta Amets Arzallusek eskuz. Irunen ezagutu zuten elkar, anaiaren bila hasitako «abenturak» haraino eraman baitzuen Balde. Bata bertzeari galdezka aritu dira: elkarren arteko harremanaz, migrazio prozesuez, paperez, Europaz, itxi gabeko zauriez, familiaz, literaturaz... Bizitzaz, finean.
Ibrahima, 2018ko udazkenean iritsi zinen Euskal Herrira. Nola oroitzen duzu momentu hura?
IBRAHIMA BALDE: Irunera iritsi nintzen mementoan, bizitzan galduta dagoen pertsona bat bezala nengoen. Irungo geltokian topatu nuen Amets, goiz batez. Norbaitekin hitz egin beharra nuen, baina ez nuen atzematen nik nekien hizkuntza bat hitz egingo zuen inor.
Ametsek badaki frantsesez.
I. B.: Bai, eta, beraz, hitz egin nezakeen pixka bat. Gogoa nuen entzungo ninduen norbaitekin hitz egiteko; nik azalduko niona jakin nahiko zuen norbaitekin. Zeren eta, denbora batez, burua beteta, hustu egin behar baita. Batzuek ez dute hori ulertzen, eta azkenean erotu egiten dira. Baina niri ez zait sekula gertatu: eskerrak ematen dizkiot ahalguztidunari. Eta eskerrak ematen dizkizuet zuei: zuek erakutsi didazue balioak ditudala, eta badira zuenean entzun nazaketen pertsonak. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Ni lehen zuek bezalako gizaki bat nintzen, baina ez nekien nire bizi balioa zein zen: deus ere ez.
«Ni lehen zuek bezalako gizaki bat nintzen, baina ez nekien nire balioa zein zen: deus ere ez».
Amets, entzun izan dizut mugimendu bat sortu zela bien artean. Zer erran nahi duzu horrekin?
AMETS ARZALLUS: Esan nahi dut harreman bat sortu zela bion artean, eta mugimendu hitza erabili izan dut Ibrahimak berak erabili izan duelako hori esplikatzeko. Berak esplikatu izan du, adibidez, bere arreba txikien inguruan gelditu zaion kezka: zer harreman geldituko ote zaion haiekiko, haiek pentsatuko ote duten berak ahaztu egin dituela. Sentsazio hori esplikatzeko, esaten zuen: «Mugimendu bat bazegoen lehen gure artean, eta orain nik ez dakit mugimendu hori zertan den».
Esplikatzeko modu polita eta berezia iruditu zitzaidan, eta hortik inspiratu izan naiz. Azkenean, pertsonen arteko harremana mugimendu bat ere bada, eta beti, gainera, aldatzen ari dena: ez dago inoiz bare-bare edo ja finkatuta; beti aldatuz doa.
Zer mugimendu duzue bion artean?
I. B.: Ametsek ni behatu eta entzuteko duen moduak asko erakarri ninduen. Lehenago jende asko ezagutu nuen, baina gizon honekin ikusi nuenak bultzatu ninduen nire istorioak kontatzera. Ez nuen sekula aurkitu nire arazoak esplikatzen ahal nizkion pertsona bat, nire historia guztia kontatzeraino, jakiten hasi nintzenetik gauza bat ona dela eta bestea txarra: haurtzarotik.
Asiloa eskatu zenuen gero, Ibrahima. Zergatik hemen eta ez bertze herrialde batean? Jende anitzek muga pasatu zuen Europa iparralderantz: zuk ez.
I. B.: Nik ere nahi nuen pasatu hara, baina, herrialde bat utzi nahi baduzu beste batera joateko, jakin behar duzu nola joan. Nire buruan ez zegoen soilik ibiltzea: soluzio bat bilatu nahi nuen nire atzean zeudenak laguntzeko. Zeren eta, nik jaten baldin badut, jakina, burutik pasatzen zait ea nire amak eta arreba txikiek jan ote duten. Nire izpiritua ez dator niregana, nire gurasoen eta arreba txikiengana baizik. Haiek ongi badaude, ni oso ongi nago. Horrek nire bizitza konplikatzen du, zeren eta ni bakarrik bizi bainaiteke, agian: baldin badaukat, nik dakit badaukadala, eta ez baldin badaukat, nik dakit. Baina gurasoak... [Negarrez hasten da].
A. A.: [Isilune baten ondoren] Baina zu ere Hendaiara joan zinen, Ibrahima, justu ni ezagutu baino lehen. Oroitzen zara? Muga gurutzatu zuen berak ere [kazetariari begira]. Kontaiezu [Ibrahimari].
I. B.: Hendaiarantz abiatu ginen; gaua zen. Asko ginen: lau edo bost. Frantziako Poliziak harrapatu gintuen han, 03:00ak edo 04:00ak aldera, tren geltokian, eta polizia etxera eraman gintuzten. Ohar txiki bat idatzi zuten esateko ez genuela eskubiderik hara gurutzatzeko eta hemen gelditu behar genuela. Zubira eraman gintuzten, eta oinez itzuli ginen. Parke batean gelditu ginen, eta bi emakume etorri ziren, Irungo harrera sarekoak. Haiek lagundu gintuzten Gurutze Gorrira, eskubidea baikenuen hiru gau han pasatzeko. Horixe egin genuen.
Eta gero?
I. B.: Gurutze Gorritik aterata, ospitalerantz joan ginen. Harrera sareak han hartu gintuen. Asko ginen, hiru edo lau: Lansana, Bamba, Mouloud eta laurok. Kaputxinoetara joan ginen [2018ko urrian, migranteentzat ireki zuten Hondarribiko kaputxinoen frailetxea]. Bi aste-edo pasatu genituen han, eta CEAR-ek Oñatira eraman gintuen.
Eta nola hasi zenuen paperak eskatzeko prozedura?
I. B.: Kaputxinoetan zegoen jendeari galdetu genion zer egiten ahal genuen eta zer ez. Esan ziguten Europa osoa Europa zela. Nik lan egiteko beharra nuen. Esan zidatenean ezin nuela lanik egin paperik gabe, gaizkitu egin nintzen, ez bainekien zer egin. Nik ez dut sekula paperik izan.
«Esan zidatenean ezin nuela lanik egin paperik gabe, gaizkitu egin nintzen. Nik ez dut sekula paperik izan».
Eta orduan?
I. B.: Lagun batek esan zidan asiloa eska nezakeela, eta lortuz gero bizimodua atera nezakeela hemen. Asiloa eskatzea erabaki nuen, beraz. Bi txartel gorri daude: lehena eta bigarrena. Lehenarekin, Madrilera joan nintzen, mekanika ikastaroa egitera. Baina bigarren txartelaren bila joan nintzenean, ukatu egin zidaten. Galduta nengoen, ez nekien zer egin. Egin nuen guztia hutsera itzulia zen.
Zer egin zenuen?
I. B.: CEAR-eko jendeak esan zidan segi nezakeela ikastaroarekin, baina lotarako lekurik gabe gelditu nintzen. Elkarte batean egon nintzen, emakume batek bere etxean hartu ninduen arte. Orain han bizi naiz.
A. A.: Hitzorduak ematen dizkizute aztertzeko asiloa emango dizuten ala ez, eta, normalean, denbora bat hartzen dute horretarako. Erantzuna ematen ez dizuten bitartean, lege parentesi batean bezala zaude, eta aterpe baterako eskubidea duzu. Pentsatzen genuen luzeagoa izango zela, baina erantzuna aski azkar jaso zuen.
Bien izenean dago izenpetua liburua. Argi zenuen?
A. A.: Niretzat oso garrantzitsua zen hori, hasieratik. Batetik, nire ahalegina izan da hasieratik harremanean ere ahalik eta berdinetik berdinera aritzea, oso abiapuntu ezberdina izanik: oso gauza zaila da, kasik ezinezkoa. Baina behintzat Ibrahima autore gisa hartua izan zedin, horrek esan nahi duen guztiarekin.
«'Miñan' ez da kazetaritza kronika bat. Literaturarako bide bat hartzen du, eta jauzi hori berari [Ibrahimari] zor diot».
Zergatik?
A. A.: Ez da kazetaritza kronika bat. Literaturarako bide bat hartzen du, eta jauzi hori berari zor diot: berak erakutsi ditu estiloa eta kontatzeko modua. Orduan, hor ja gauza asko daude. Ez da opari bat: iruditzen zait berari dagokiola niri bezainbat, gutxienez; ez baldin bada gehiago.
Idatzia izanik ere, oso ahozkoa da liburua. Nola egin duzu hori?
A. A.: Ibrahimak ahozko kontaera molde bat du, eta hori zen estiloaren indarretako bat, nire ustez. Gero, lana izan da, buruhaustea, jolasa, hizkuntza bat asmatzea horren neurrira. Hori izan da istorio honek izan duen alde polita eta sortzailea, niri ariketa honetan lagundu didana. Azkenean, istorioa bera gogorra da, eta ez da erraza izan hori guztia entzutea eta idaztea. Baina horren neurrira hizkuntza bat asmatzeak alde jolasti bat eduki du.
Ibrahima, zu jabetua zinen zure gaitasun horretaz?
I. B.: Ez. Nire hitz egiteko modua zen, baina ez nekien hunkitu egiten zuenik. Denaren gainetik, errespetua behar da: norbaitek esaten dizuna entzuten baduzu, hitz egiten duena ongi sentituko da. Ez da hitz egin behar hitz egiteagatik: jakin behar da zer esaten duzun.
A. A.: Ahozko tradizioa egonen da zure herrian, ezta?
I. B.: Gure kulturan ezberdina da. Adibidez, zu baino zaharragoa den pertsona bat hitz egiten ari bada, zuk ez duzu eskubiderik hura zeharkatzeko: entzun, eta, bukatzen duenean, orduan hitz egin dezakezu.
A. A.: Adibidez, hor esan duzu aditz bat adibide gisa balio didana nahi nuena azaltzeko. Nik, frantsesez edo euskaraz, ez nuke zeharkatu aditza esango norbaiti hitza eten izana adierazteko. Uste dut oso bisuala dela, eta oso ongi esana. Pulaarrez horrela da?
I. B.: Bai, hori da.
A. A.: Iruditzen zait oso polita dela; poesia dagoela aditz horren aukeraketan. Ez dakit nola egiten duzun, baina modu poetiko bat da, sekula entzun ez nuena.
Amets bertsolaria da. Entzun duzu inoiz bertsotan, Ibrahima?
I. B.: Bai, bai.
Eta zer iruditu zaizu?
I. B.: Bikaina [Ametsek irri egiten du]. Jakin behar da jendeari erakusten zuk dakizuna. Pentsatzen dut pertsona bakoitzak egin dezakeela zerbait. Adibidez, zuk zerbait jakin dezakezu nik sekula irudikatuko ez nukeena. Baina zuk ulertaraz diezadakezu baietz, existitzen dela. Baina, existitzen dela jakiteko, leku horretatik igaro behar duzu.
Uste duzue liburu honi esker zerbait alda daitekeela?
I. B.: Ez dakit. Dakidan bakarra bizi izan dudana da: dena da egia.
A. A: Zoritxarrez, munduak gehiago egiten du okertzera, zuzentzera baino. Ez dut uste liburu txiki batekin ardatz oker hori zuzendu dezakegunik, baina bai, behintzat, ardatz horren okerra erakusteko lekukotasun bat utzi.
Segituko du zuen arteko mugimenduak?
I. B.: Amets Europan ezagutu nuen, ez da kolore berekoa, ez dugu hizkuntza berean hitz egiten, baina badakizu? Amets anaia bat bezalakoa da niretzat.
A. A.: Orain zailagoa da mugimendua, Madrilen baitago.
I. B.: Baina telefonoak funtzionatzen du.
A. A.: [Irriz] Bai, bai, asko funtzionatzen du. Ia egunero hitz egiten dugu. Hurrengo ikastaroan euskaraz ikasiko duzu? Poliki-poliki.
I. B.: [Euskaraz] Beti aurrera.
AMETS ARZALLUS
(Hendaia, Lapurdi, 1983)
Irungo harrera sarean zebilela ezagutu zuen Amets Arzallusek Ibrahima Balde, eta haren kontakizunarekin osatu zuen bere lehen liburua, 2019an: Miñan. Dena dela, bertsolari gisa da Arzallus bereziki ezaguna. Gazterik hasi zen plazetan kantari, eta baita txapelketetan ere: 16 urterekin irabazi zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusian finalista izan da lau aldiz, eta txapela lortu zuen 2013an. Anitzetan kantatu dio migranteen arazoari. Kazetaria da ikasketaz, eta hainbat kolaborazio egin izan ditu prentsan. Gaur egun Saran bizi da (Lapurdi).
IBRAHIMA BALDE
(Konakry, Ginea, 1994)
Migrazioaren «abenturak» markatu du Ibrahima Balderen ibilbidea. Aita gazterik hil zitzaion, eta anaia, desagertu: haren bila abiatu zuen Gineatik Europaranzko bidaia. Pobrezia, desertua, tortura, esplotazioa, Mediterraneo itsasoa gurutzatzea... Bizipen gogorrek markatu dute Euskal Herrira iritsi bitarte egin duen bidaia. Pulaarra du ama hizkuntza, eta hitz egiteko modu berezia darabil: poetikoa. Ofizioz auto mekanikaria da, eta Madrilen bizi da gaur egun, tailer batean trebatzen ari den bitartean.
Jatorrizko artikuluak
- Mugimendu bat zuri-beltzean Maddi Ane Txoperena Iribarren | |