Txillardegi, herriarekin konprometitutako intelektuala
2022ko urtarrilaren 14an bete dira hamar urte Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zela. Idazlea, hizkuntzalaria, pentsalaria, politikaria eta, beste ezeren gainetik, bere herriarekin konprometitutako intelektuala izan zen.
Txillardegik eragin handia izan zuen Euskal Herriko politikan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, ESB alderdiaren, Altsasuko Mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen, eta Aralarren ere izan zen. 1961ean erbesteratu zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen, Franco hil ostean Euskal Herrira itzuli zen arte.
Etxean ez zioten irakatsi euskara, baina bere kabuz ikasi zuen. Euskara batua sortzeko ere lan garrantzitsua egin zuen, Federico Krutwigekin eta Koldo Mitxelenarekin batera. Euskaltzain urgazlea izan zen 1957tik aurrera, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kidea 1993tik aurrera.
Idazle gisa ere lan oparoa egin zuen, eta berrikuntza nabaria ekarri zuen euskal literaturara. Lehen euskal nobela modernotzat hartzen den lana argitaratu zuen, 1957an: Leturiaren egunkari ezkutua.
Jose Luis Alvarez Enparantza Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi' idazlea eta hizkuntzalaria (Donostia, 1929-2012). BIDEGILEAK
Estatu bat euskararentzat, hizkuntza bat Euskal Herriarentzat
Ez da zaila Txillardegiren eskua sumatzea berrikuntza horietan guztietan. Batez ere, hizkuntzari dagokionez; Txillardegi euskaltzalea Txillardegi politikoarengan ere ageri da ezinbestean: «Haren iritziz, euskararik gabe euskal estatua ez da posible; gehienez ere, Espainiaren eta Frantziaren sukurtsal bat izango litzateke [...]», uste du Pako Sudupek, Txillardegiren borroka abertzalea liburuaren egileak.
«Haren iritziz, euskararik gabe euskal estatua ez da posible; gehienez ere, Espainiaren eta Frantziaren sukurtsal bat izango litzateke»
«Hizkuntza gutxitu bat bere bueltan dagoen politikarekin lotuta» dagoela ulertzea eta azaltzea: hori izan zen Txillardegiren eta haren belaunaldikideen «ekarpen nagusietako bat», Alaitz Aizpuru ikerlari eta Filosofia doktorearen esanetan. Hizkuntza dogmatismoetatik, erlijiotik eta esentzialismotik askatu zuela azaldu du, eta giza zientziaren eta politikaren esparrura eraman zuela. «Aldarrikatuko du: utzi esentzialismoak alde batera, eta jar dezagun hizkuntza jakintza esparru desberdinekin elkarrizketan».
Gainera, euskara batua sortzeko ezinbesteko lana egin zuen Txillardegik. Haren proposamena aintzat hartuta garatu zuen Euskaltzaindiak batasunerako bidea. «Euskara batua Txillardegik egindako proposamenarekin hasi zen, eta hortik abiatuta Mitxelenak egindako moldaketekin», nabarmendu du Sagrario Aleman euskaltzainak.
Literaturan ere lorratza
«Europako korronte filosofikoen altzoan kokatu zuen lehen nobela; zehazki, Frantziako existentzialismoaren arrastoan».
1988an eman zuen argitara Exkixu, eta 1999an, berriz, Putzu. Abenturazko nobelak biak, protagonistatzat «Euskal Herriaren historiak mugiarazitako gazte bat» daukatenak, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorearen esanetan. Beste ekintzaile baten inguruan ari da Labartzari agur ere (Elkar, 2005), idatzi zuen azken eleberria. Kartzelatik atera berri, herrira itzuliko da protagonista, baita bizitza zer den eta gisako galdera existentzialistetara ere. «Bere lehen nobeletara itzuli balitz bezala», Mendigurenen esanetan.
Jatorrizko artikuluak
- «Arraunlari bat jarri zen kapitainaren aulkian» Iñaki Petxarroman | |
- Hizkuntzari herdoila kentzen aitzindari Julen Aperribai | |
- Literaturan ere lorratza Itziar Ugarte Irizar | |
- Abertzaletasuna gaurkotu zuen aitzindaria Gotzon Hermosilla | |