New Yorkeko gazteen artean modan jarri den jokaera bati buruz ari da podcast honetan Kirmen Uribe idazlea, sakelako adimendunik ez edukitzeko modari buruz. Pantailen menpekotasunari izkin egiteko beharra sentitzen omen dute gazteek, eta harreman errealagoak edukitzeko nahia.
New Yorkeko institutu garaiko ikasleen artean modan jarri da mugikorrik ez izatea. Telefonoak badituzte, baina ez adimendunak. Sare sozialek presio handia sortzen omen dute, une oro eta egoki agertu beharra, zenbat jarraitzaile dituzun, etengabe agerian egon behar horrek. Mugikorrak albo batera uzteko beste arrazoi bat gurasoak dira. Edo, hobeto esan, gurasoek mugikorrekiko duten atxikimenduacloseLotura, gertutasuna.. Etengabe daude gailuari begira, seme-alaben galderei erantzun gabe, txioen arabera pozik, haserre edo negarrez. Eta gazteek ez diote bide horri jarraitu nahi.
Parkeetan biltzen dira gazteak, eta hitz egiten dute, liburuez, naturaz, giza harremanez. Bizitza errealera bueltatzea dute aldarri, pantailen menpekotasunetik aterako gaituen iraultza nahi dute.
«Bizitza errealera bueltatzea dute aldarri, pantailen menpekotasunetik aterako gaituen iraultza nahi dute».
Gero eta gehiago omen dira.
Orain denbora dute beste gauza batzuk egiteko. Margotu egiten dute, edo idatzi. Edo bizikletan ibiliz, haizea entzun. Denbora geratu, denbora irabazi.
Baten bati sinplea edo inozoa irudituko zaio gazteon erabakia, ez duela ez hanka ez buru gaur egungo gizartean sareetatik landa egoteak. Ideia sinple bat dela hau dena. Baina oinarrizko ideiekin hasten da aldatzen mundua, mundu guztiak ikusten duena norbaitek seinalatzen duenean. Orduan hasten da beste garai bat.
Ez dakit noraino iritsiko den hau dena. Baina gutxienez balio lezake onartzeko badugun menpekotasuna, neurria hartzeko bizi dugun zirimolacloseZurrunbilo. teknologikoari, konturatzeko badoala ihesi, hor kanpoan, bizitzaren ederra.
«Ez dakit noraino iritsiko den hau dena. Baina gutxienez balio lezake onartzeko badugun menpekotasuna».
Jatorrizko artikuluak
- Haizea entzuten jakin Kirmen Uribe | |