Ados klubaren binakako nagusia jokatzen ari da, lehen aldiz. Hura da gazteena: 13 urte baino ez ditu. «Gozatzen» ari da, eta «izugarri» eskertu du aukera.
Hamahiru urte baino ez ditu Goiuri Zabaletak (Leitza, Nafarroa, 2009), baina oso argi du zer izan nahi duen: «Ikasten jarraitu behar dut [Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan dago], eta ikastekotan, segur aski, kirolarekin lotutako zerbait ikasiko dut. Baina nire ametsa pilotari izatea da».
Bost urte eskas dira gelako mutil batzuk ikusita pilotan jokatzen hasi zela. Ez zen harritzekoa herriaren bihotzean, herriko plazan, frontoi ireki ederra izanda; eta are gehiago Leitza makina bat pilotariren sorleku izanda: bengoetxeatarrena, Abel Barriolarena eta Iera Agirrerena, besteak beste.
Iaz, Ados pilota klubak eta BERRIAk lehen aldiz antolatutako Promozio Mailako Binakako Txapelketa jokatu zuen. Oroitzapen ederra du, txapela irabazi baitzuen Leire Galeanorekin.
Zabaletak berehala eman zuen izena herriko pilota klubean, Aurrera taldean. Aurrerapausoak eman eta eman dabil geroztik. Baita palmaresa betetzen ere. Iaz, Ados pilota klubak eta BERRIAk lehen aldiz antolatutako Promozio Mailako Binakako Txapelketa jokatu zuen. Oroitzapen ederra du, txapela irabazi baitzuen Leire Galeanorekin. «Aurretik inoiz ez genuen jokatu elkarrekin, baina oso ondo moldatu ginen. Lehia estua izan genuen, eta partida gogorrak jokatu genituen. Zorionez, ondo eutsi genion, eta txapela irabazi. Horixe dut txapelik kutunena».
Nafarroa Arenan 1.600 ikusleren aurrean
Emakume Master Cupek antolatutako Nafarroako Komunitateko Promozio Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa ere irabazi zuen. Leire Galeanori, Adosen binakakoan bikotekide izandakoari, nagusitu zitzaion finalean. Egun horretako oroitzapen ederra du, 1.600 lagun bildu baitziren Iruñean, Nafarroa Arenan. «Ikaragarria izan zen. Nafarroa Arenaren pareko frontoi handi batean jokatzea sekulakoa baldin bada, zer esanik ez 1.600 ikusleren aurrean jokatzea. Gozamena izan zen. Gainera, zenbat eta ikusle gehiago izan, orduan eta gehiago ematen dut».
«Zenbat eta ikusle gehiago izan, orduan eta gehiago ematen dut».
Ados klubak emandako lehen aukeran gozatu bazuen, zer esanik ez aurten, maila nagusiko binakakoan ari dela. «Ametsa betetzen ari naiz: onenekin jokatzea». «Oso gustura» dabil Naroa Agirre atzelari zestoarrarekin. Oso ondo ari dira: lau partida irabazi dituzte, eta bakarra galdu. Horri esker, bigarren dira. «Hasieratik, ongi moldatu gara elkarrekin. Naroa gaztea da [18 urte], baina asko daki pilotaz; esperientzia handia du. Oso segurua da, eta horrek sekulako segurtasuna ematen dit». Txapelketa orain bukatuko balitz, finalerdiak jokatuko lituzkete. Hori dute helburu.
«Tantoa bukatzen saiatzen naiz; burugogorra naiz, eta gauzak ez zaizkidanean ongi ateratzen, etsitu egiten naiz pixka bat»; hala definitu du Zabaletak bere burua. Eskuina da, baina ondo moldatzen da ezkerrarekin ere. «Gustatzen zait dejadacloseAurkaria iristea zaila den tokira botatzea pilota. botatzea, eta aurreko joko bizian aritzea. Hobetu, berriz, airezclosePilotari airean jotzea, lurra jo aurretik. hobetu behar dut gehien. Indarra ere falta zait; emakume indartsu asko ari dira hemen, eta, maila honetako pilotekin aritzeko, indarra behar da. Baina, gutxi gorabehera, moldatzen naiz». Soberan du hobetzeko gaia, baita denbora ere.
Jatorrizko artikuluak
- «Ametsa betetzen ari naiz» Julen Etxeberria | |