Duela 28.000 urte inguru marraztutako irudi multzo bat da aurkitutakoa, eta egilearen trebetasun faltak egiten du berezi, adituen hitzetan. Hamabi irudi dira guztira: zaldi, bisonte eta uroez gain, lau bulba eta hainbat marra gorri bikoitz aurkitu dituzte.
Historiaurreko ezohiko irudi sorta bat topatu dute Urdazubin (Nafarroa). Zaldi, bisonte eta uroez gainera, lau bulba eta hainbat marra gorri bikoitz aurkitu dituzte Alkerdi 2 izeneko leizearen barnealdean, sarbide zaileko galeria batzuetan, sarrera nagusi baino bi solairu sakonago. Hamabi irudi dira, duela 28.000 eta 20.000 urte egindakoak, adituen ustez: Gravette aldian. Baina ez da ez irudikatzen dutena, ez antzinatasuna, irudiok ezohiko bihurtzen dituena, baizik marrazteko era.
Oraindik erabat amaitu gabe dago ikerketa, baina Olivia Rivero ikerketa taldeko kide eta Salamancako Unibertsitateko ikertzaileak eman ditu lehen azalpenak. «Marken ikerketa teknologikoak erakusten du irudiak egin zituen pertsonak ez zuela artistek izan ohi zuten trebetasuna, eta, horregatik, badirudi ikasten zebilen norbait zela edota oraindik trebatu gabeko norbait, ez baitzen gai arrasto jarraitu eta ziurrak egiteko».
Orain arte, labarretako hormak marrazten zekitenentzat gordetzen zituztela uste zuten adituek.
Eta horixe da ezohikoa. Orain arte ikusitakoaren arabera, labarretako hormak marrazten zekitenenentzat gordetzen zituztela uste zuten adituek. «Hormetara heltzeko sarbidea mugatuta egon balitz bezala zen, eta galeria berriak erabat harritu gaitu», azaldu du Garatek.
Leizeotako ikerketak 2014an jarri zituen abian Nafarroako Gobernuak. Arantzadi zientzia elkarteari eskatu zitzaion ikerketa proiektua, eta aurrez ere hainbat pintura gorri eta beltz eta grabatu batzuk topatu zituzten Alkerdin, 2016an.
Jatorrizko artikuluak
- Goi Paleolitoko ezohiko labar artea topatu dute Urdazubin Erredakzioa | |