Lehenagotik antzematen zen globalizazioak indarra galdu duela, baina pandemiak areagotu egin du joera. Ukrainako gerrak, berriz, munduko ekonomia «blokeetan zatitzeko» arriskua handitu du, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren ustez.
Aurretik ere (XX. mendearen hasieran) munduak beste globalizazio prozesu bat izan bazuen ere, azkenekoa sakonagoa izan da. Itsasgora noiz hasi zen argi zehazterik ez badago ere, askorentzat, Berlingo Harresiaren erorialdia izan zen abiapuntu nagusia, Sobietar Batasunaren bloke ekonomikoa bat-batean desagertzeak inoiz ez bezalako indarra eman baitzion.
30 urte baino gehiago iragan dira geroztik, eta, azkenaldian, zantzu batzuk azaleratu dira ea globalizazioak indarra galdu ote duen. Lehen sintomatzat jo ziren Donald Trumpen agintaldia eta brexit-a; pandemiak eta hornidura kateetan sortutako arazoek areagotu egin zuten irudipen hori; eta, orain, Ukrainako gerra noiz eta nola amaituko den inork ez dakien honetan, globalizazioaren amaiera iragartzen duten ahotsak ugaritu dira.
Egiazki parekatu al daitezke Ukrainako gerra eta aurreko globalizazioaren amaieraren hasiera markatu zuen gertakaria, hots, Lehen Mundu Gerra? Zer indar daude oraingo itsasbeheraren atzean?
Globalizazioak indarra galdu du?
Bai. Azken mende erdian nabarmen handitu da merkataritzak munduko ekonomian duen pisua: 1970ean, %12,8koa zen, eta 2020an, %26,5ekoa. Haatik, jauzi handiena 1990eko eta 2000ko hamarkadetan izan zen, eta, 2008ko finantza krisiaz geroztik, beherantz egin du apur bat. Normala ere izan daiteke; azken finean, itsasontzi bidezko garraioan oinarritutako merkataritza ezin da etengabe handitu. Hala ere, atzerriko inbertsio zuzenak zein enpresen kanpoko negozio atalen produkzioak behera egin dute 2008tik 2020ra, munduko ekoizpen osoarekin alderatuta.
Atzerriko inbertsio zuzenak zein enpresen kanpoko negozio atalen produkzioak behera egin dute 2008tik 2020ra.
Zer indarrek bultzatzen dute joera aldaketa?
Aurreko hamarkadetan, gorabidean diren herrialdeetako soldata apalek bultzatu zituzten enpresak produkzioa leku aldatzera. Urteotan, baina, hango soldatak herrialde aurreratuetan baino bizkorrago igo dira: Txinan, 2001ean, batez besteko soldata 94,4 dolar zen; OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen 2016ko azken datuen arabera, ia hamar bider handitu da, 847 dolarreraino.
Oraindik ere, digitalizazioa lagungarria da nazioartera hedatzeko, baina kontrako bidea hartzeko faktore ere bada neurri berean. Izan ere, industrian robotikaren edo 3D inprimagailuen erabilera pizgarri bat izan daiteke enpresentzat; hots, soldata apalak jada hain erakargarri ez direnez eta lan horren zati handi bat makinek egin dezaketenez, ekoizpena jatorrizko herrialdeetara itzultzeko arrazoi gehiago dituzte enpresek.
Soldata apalak jada hain erakargarri ez direnez eta lan horren zati handi bat makinek egin dezaketenez, ekoizpena jatorrizko herrialdeetara itzultzeko arrazoi gehiago dituzte enpresek.
Beste azalpen bat ere badago. 1986an, munduan merkataritzari ezarritako muga zergak %13,6koak ziren batez beste, eta 2017an, %5,6koak. Haatik, Donald Trumpen agintaldian, 2018tik aurrera AEBek eta Txinak elkarri ezarritako muga zergek bi herrialdeen arteko merkataritza %10 apaldu zuten. Trumpen porrotarekin gatazka hori apaldu bazen ere, ondorio bat ekarri zuen: bi potentzia nagusiek euren interes geopolitikoak defenditzeko arma gisa erabil dezaketela merkataritza.
Donald Trumpen agintaldian, 2018tik aurrera AEBek eta Txinak elkarri ezarritako muga zergek bi herrialdeen arteko merkataritza %10 apaldu zuten.
Zer arazo eragin ditu?
Batetik, globalizazioa ez da gai izan arazoei mundu mailako erantzuna emateko. Bestetik, globalizazioak gero eta galtzaile gehiago utzi ditu bazterrean. Globalizazioaren irabazle nagusiak batik bat enpresak izan dira, eta, deslokalizazioen zein aberastasunaren banaketa desegoki baten ondorioz, aberatsenen eta pobreenen arteko aldeak handitu egin dira, bai herrialde garatuetan, bai gorabidean direnetan.
Orduan, globalizazioa amaitu al da?
Ziurrenik goizegi da hori esateko. Pol Antras Harvard Unibertsitateko Ekonomia irakasle katalana nazioarteko merkataritza eta balio erantsiko kateen arloko aditua da, eta, haren ustez, azken hamarkadan nazioarteko merkataritzaren jaitsierak «ez du adierazten globalizazioaren porrota, haren arrakasta baizik». Izan ere, Txinaren eraldaketa ekonomikoaren ondorio da. Asiako herrialdea esportazioei begirako eredu batetik barne kontsumoan oinarritutako beste baterako bidean da, eta egun ekoitzi baino gehiago kontsumitzen du eta gutxiago esportatu. Etorkizunean Indiak eta beste herrialde batzuk bide hori bera har dezakete.
Pol Antras adituak aurreratu zuen ezen, AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gatazka nazioartera hedatuz gero, arriskua egongo zela globalizazioak atzerantz egiteko.
Dena den, gerraren aurretik Pol Antrasek aurreratu zuen, ezen, AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gatazka nazioartera hedatuz gero, arriskua egongo zela globalizazioak atzerantz egiteko. Ekonomista katalanak ez du uste oraingoz hori gertatu denik, Errusia munduko 11. ekonomia delako eta bere tamainagatik ez duelako nazioarteko merkataritza baldintzatzeko indarrik. Haren irudiko, «kezkagarriago» litzateke Txina Errusiarekin lerrokatuko balitz. «Gauza bat da Errusiaren inguruan hesi bat jartzea, eta beste bat Txinaren inguruan jartzea. Errusiak petrolioa eta gasa du, baina Txina munduko fabrika da», argudiatu du.
Blokeak sortzeko arriskua al dago?
Bai. Aurretik ere antzematen zen munduan hiru eskualde ekonomiko nagusi egituratzen ari direla: Asian, Txina; Amerikan, Estatu Batuak; Europan, Europako Batasuna. Globalizazio urteetan egituratutako hornidura sareak oso konplexu bihurtu dira, eta etenaldiak jasateko arriskua handitu dute. Hori oso argi geratu da pandemiaren bi urteotan. Hala, enpresa handien lehentasun bihurtu da erresilientziacloseArazo, ezbehar eta trauma psikologikoei aurre egiteko pertsonek duten ahalmena.
planak antolatzea, eta produkzioa «eskualdeetara ekartzea».
Arrazoi ekonomikoak daude atzean, baina baita geopolitikoak ere. Aurreko hiru hamarkadetan, Txinaren lan kostu apalez baliatu dira Mendebaldeko enpresak, baina joint venture egituraren bitartez Europako eta Estatu Batuetako enpresen teknologia transferentzia bat egon da Txinarantz. Hori zen Ekialdean merkeago ekoizteagatik Mendebaldeak ordaindu beharreko prezioa, baina orain Txina lehia mehatxu bat da, berrikuntza arloan aurrea hartu diolako nabarmen EBri, eta aurrez aurre begiratzen dielako jada AEBei. Arriskua da bloke ekonomiko berezien egitura nagusitzea, bi potentzien arteko gatazkaren logikaren ondorioz.
Txina lehia mehatxu bat da, berrikuntza arloan aurrea hartu diolako nabarmen EBri, eta aurrez aurre begiratzen dielako jada AEBei.
Errusiaren inbasioak zer eragin izan du?
Inbasioak joera hori areagotu du. Txinak ez du zuzenean babestu Errusia, baina ezta Mendebaldeko herrialdeen erantzuna ere.
AEBen eskutik, Europako Batasunak zigor ekonomiko handiak ezarri dizkio Errusiari; baina, horrez gain, gerra hasi eta egun gutxira Versaillesko Adierazpena izenpetu zuten EBko agintariek. Bertan, pauso adierazgarria eman eta konpromisoa hartu dute alor estrategikoetan ekoizpena Europara ekartzeko: erdieroaleen, osasungintzaren, elikagaien sektoreetan eta arlo digitalean (adimen artifiziala eta 5G sareak).
Zein dira ondorio ekonomiko nagusiak?
Errusia munduko gas eta petrolio hornitzaile nagusietakoa den heinean, lehen ondorioa argia da: NDFk asteon iragarri duen bezala, krisi energetikoa eragiten ari da, eta inflazioa gorantz bultzatzen. Horrek, aldi berean, pandemiaren ondorioetatik suspertzen ari zen munduko ekonomia motelduko du. Luzarora begira, merkataritza gerra ekonomikoaren guda toki bihurtu eta Errusiaz harago hedatuz gero, «globalizazioaren korrosioa» zabal daiteke. Orain arteko nazioarteko merkataritza egiturak prezioak beherantz bultzatu dituenez, kontrako joera batek prezioen gaineko presioa handitu dezake.
Beste zalantza nagusia da zer eragin izango duen diru sisteman. Munduko banku zentralen diru erreserben bi heren dolarretan dira, eta ez euroak ez eta yuanak ere ez dute kolokan jarri nagusitasun hori. AEBetako Peterson institutuaren ustez, Errusiako Bankuaren erreserbak izozteko erabakiak ez du munduko diru egitura aldatuko, Txinako bankuek nazioarteko finantza sisteman jarraitzen duten bitartean.
Zoltan Pozsar adituaren arabera, finantza krisia aktibatzen ari da, eta Mendebaldeak arazo horri adabakiak baizik ezin dizkio jarri.
Alta, Zoltan Pozsar Credit Suisseko adituak uste du Mendebaldeak munduko energia ekoizle nagusietako baten diru erreserbak izozteak ondorio larriak dituela eta nazioarteko finantza arkitektura iraul dezakeela. Bere tesiaren arabera, Errusiakoak ez diren lehengaiak garestitzen ari diren honetan, Errusiako lehengaiak merkatzen ari dira, eta horrek likidezia arazoak eragiten dizkie merkatuetako salerosleei.
Pozsarren arabera, finantza krisia aktibatzen ari da, eta Mendebaldeak arazo horri adabakiaclosePetatxua.k baizik ezin dizkio jarri. Haren ustez, lehengai merkatuaren egiturazko arazoa soilik Txinako Bankuak konpon dezake, eta horretarako aurrean dituen bi aukerek lehengai eskasia eragingo dute Europan eta Estatu Batuetan, inflazioa igo eta interes tasak handitu. Funtsean, Pozsarrek uste du Mendebaldeak bere oinari tiro egin diola, eta dolarra nazioarteko diru erreserba nagusia izateari utziko diola, yuanaren, urrearen eta lehengaien mesedetan.
Jatorrizko artikuluak
- Globalizazioaren itsasbehera Joxerra Senar | |