Ezaugarri bereziak ditu GIB birusak, hiesaren eragileak. Abiada bizian ugaltzen eta eraldatzen den patogeno bat da, eta, urteetan, horrek zaildu egin du haren kontrako tratamendu bat sortzea. Hala ere, badira birusari aurre egiteko bideak, eta gero eta gertuago dago txertoa ere. Gaur-gaurkoz, sendatu ezinezko gaitza da hiesa.
Zer da?
Hiesa eragiten duen birusa GIB edo giza immunoeskasiaren birusa da, erretrobiruscloseKate bakarreko eta simetria ezezaguneko RNA duen birus multzoa.
motakoa. Beste askok bezala, egitura sinplea du: proteinaz osatutako geruza edo kapside bat, eta barruan, birusaren genoma. RNA kate baten bi kopiak osatzen dute informazio genetiko hori. Horrez gain, ordea, badu beste ezaugarri bat ere: erretrotranskriptasa izeneko entzima bat. Birusaren RNA kopiatzeaz eta DNA bihurtzeaz arduratzen da. Birusaren DNA itsatsia gelditzen da infektatutako gizakien zeluletan, eta hor gera daiteke ezkutatutarik, denbora luzez.
Zeri eragiten dio?
GIBak suntsitu egiten du immunitate sistema. Zehazki, odoleko zelula mota bati egiten dio eraso: CD-4 linfozitoei. GIB birusak, zelula horietan sartu, eta parasitatu egiten ditu: birusaren DNAk bat egiten du zelularen kode genetikoarekin, eta birus gehiago sortzen ditu. Prozesu horretan, baina, CD-4 linfozitoa suntsitu egiten du birusak. Azkenerako, zelula horien kopurua zeharo murrizten da, eta GIBdunak defentsarik gabe gelditzen dira. Immunoeskasia egoera hori baliatzen dute bestelako mikroorganismoek (beste birus batzuek, bakterioek, onddoek...) ugaltzeko eta infekzio gehiago eragiteko: tuberkulosia, pneumonia, salmonellosia, kandidiasia... Pertsona osasuntsu baten immunitate sistemak aurre eginen lieke infekzio horiei, baina, GIBaren eraginez, hilgarri bihurtzen dira.
GIB birusak, CD-4 linfozitoen zeluletan sartu, eta parasitatu egiten ditu: birusaren DNAk bat egiten du zelularen kode genetikoarekin, eta birus gehiago sortzen ditu.
GIBa eta hiesa gauza bera al dira?
Ez. Gaitzak hiru fase ditu: fase akutuacloseAzkar garatzen den eta gutxi irauten duen sintoma.
, latentzia fasea eta hiesa. Birusaz infektatu eta berehala hasi ohi da lehen fase akutua. Zenbait astez edo hilabetez, gripearen antzeko sintomak izan ohi dituzte GIBdunek: nekea, giharretako mina, sukarra, ondoeza... Hori igarota, baina, bigarren fasea hasten da, birusa latentzian edo egonaldian dagoen hori. Aparteko sintomarik gabe igarotzen da, eta infektatu askok ez dute ezer antzematen. Urteak iraun dezake latentzia aldi horrek. CD-4 linfozitoen kopurua zeharo murriztu eta immunoeskasiacloseOrganismoaren immunitate mekanismoak apalduta dauden egoera.
baliatuta, bestelako infekzioak agertzen direnean hasten da azken fasea: hiesarena.
Zergatik da hain zaila hiesa sendatzea?
Gaur-gaurkoz, sendatu ezinezko gaitza da hiesa. Badira, hala ere, osatzea lortu duten kasu bakan batzuk. 2007an, GIB birusaz infektaturiko norbait inoiz sendatu zen lehen kasuaren berri eman zuten: Timothy Ray Brown zen, Berlingo gaixo bat. Bizkar muinaren transplantea egin zioten leuzemia sendatzeko, eta, ustez, horrek GIBa garbitu zion. Ordutik, kasu bakan batzuetan soilik lortu dute esperimentu hura berriz egitea, bizkar muineko zelula amek mutazio berezi bat izan behar baitute.
Oso zaila da birusa garbitzea edo haren aurkako txerto bat garatzea, besteak beste, birusak mutatzeko gaitasun handia duelako: izan ere, GIBa abiada bizian ugaltzen da. Duela hamar urte infektatutako pertsona batek bere organismoan dituen birusak, hain zuzen, infekzioa sortu zuen jatorrizko patogeno haren osteko 3.000. belaunaldikoak izan daitezke.
Oso zaila da birusa garbitzea edo haren aurkako txerto bat garatzea, besteak beste, birusak mutatzeko gaitasun handia duelako.
Nola tratatzen da?
Erretrobirusen kontrako tratamenduei esker, gaitzaren latentzia fasea luza daiteke, eta hiesaren sintomak hamar urtetik gora atzeratu. Horregatik, herrialde aberatsetan hiesa gaitz kronikotzat har daitekeela uste dute aditu askok. Hala ere, ez da gauza bera gertatzen baliabiderik gabeko herrialdeetan. 2020an, 1,5 milioi infekzio berri izan ziren, eta 680.000 hildako, baliabiderik gabeko herrialdeetan batez ere.
Botikek balio al dute prebentziorako?
Bai. Birusari aurre egiteaz gain, transmisioa apaltzeko ere balio du botika bidezko tratamenduak. Bi eratara funtzionatzen du, prebentzioaren esparruan: GIBdunek botika hartzen dutenean, karga birala detektaezin bihurtzen da, eta zeharo murrizten da birusa sexu harremanetan transmititzeko arriskua. Bestalde, GIBa izan ez baina infektatzeko arriskuan direnek GIBdunekin sexu harremanak dituztelako, botika har dezakete, infekzioa prebenitzeko.
Ba al dago txertorik?
Oraindik ez. Abian dira zenbait ikerketa. Moderna enpresa, adibidez, COVID-19aren aurkako txertoaren teknologia baliatzen ari da, eta datorren urtean eginen ditu ikerketaren lehen bi faseak. Janssen laborategia, berriz, esperimentazioaren hirugarren fasean dago: 2023rako espero dituzte lehen emaitzak. Zehazki, aztertzen ari dira txertoak zer eragin duen gizonekin sexu harremanak dituzten gizonengan eta trans pertsonengan. Adenobirus batean oinarritutako txertoa da Janssenena. Birus horri GIBaren zenbait proteina erantsi dizkiote: kutsagarriak ez diren baina erantzun immunea eragin dezaketen pieza horiekin osatua dago txertoa, mosaiko baten erara. Urtebetean hartu beharreko lau dosi ditu prototipoak.
Jatorrizko artikuluak
- Hiltzaile iheskorraren erradiografia Ion Orzaiz | |