Gatibuk 2025eko abenduan emango dio amaiera 25 urteko ibilbideari

  • 334 hitz

BECen izango da azken emanaldia, 2025eko abenduaren 13an. Beste kontzertu batzuk ere emango dituzte aurrez, eta 'Agur esan barik' deituko diote birari.

Musturrek sartunde abestiarekin berehalakoan zabaldu zen Gatibu taldearen izena, eta kolpekoa izan zen arrakasta. Maitalearen etxetik presaka atera beharrean denaren endredocloseNahaste.
ak kontatzen zituen abesti hark. Bizkaieraz eta tonu desinhibituan. 2025ean beteko dira 25 urte taldea sortu zenetik, eta musikariek urteurren hori baliatu nahi izan dute agur esateko. Iragarri dute kontzertu erraldoia antolatu dutela abenduaren 13rako, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).

Hain justu, lehen aurkezpen abesti hartako esaldi bat baliatuko dute despedidako lelo modura: Agur esan barik bagoiez. BECekoaz gainera beste kontzertu batzuk ere egongo direla iragarri dute, baina oraindik ez dute zehaztu ez noiz, ez non izango diren.

Azken kontzertuak ospakizun giroan egiteko asmoa dute. «Oso ondo tratatu gaitu jendeak. Zorte handia izan dugula irizten diogu, eta espero dugu azken urte hau izatea pastelaren azken gingatxoa, Gatibuz disfrutatzeko».

Alex Sardui abeslariak —Exkixu taldeko kide izandakoak— eta Haimar Arejita gitarristak sortu zuten Gatibu, 2000. urtearen bueltan. Sarduiren Txulufrina eta arrosa herri kantuen diskoan batu ziren lehenengoz, eta hori izan zen Gatiburen lehen hazia. Gaizka Salazar (bateria) eta Mikel Caballero (baxua) gehitu zitzaizkien, eta Zoramena izan zen lehen diskoa. Geroztik, estudioko hamar disko luze kaleratu dituzte, arrakasta handiko kantak tartean zirela. Euritan dantzan; Bang-bang, txiki-txiki, bang-bang eta Aske maitte izenekoak, kasurako.

2022ko azaroan kaleratu zuten azken diskoa: EH Distopikala izenekoa. Erritmo latinoekin egin zuten proba ordukoan, eta hala aurkeztu zuen proiektua Haimar Arejitak. «Guk ez dugu estilo bat inoiz jorratzen era ortodoxocloseDogmatiko.
edo puru batean. Ez dugu nahi, ez zaigu gustatzen, eta gure erara egiten dugu, gure akatsekin, eta gure zigiluarekin. Horregatik nabari da Gatibu dela». Orduan ere, kontzertu handi bat antolatu zuen taldeak, eta Bilbo Arenan eman zuen diskoa aurkezteko kontzertua. «Euskal musikan ere ausardia izan behar dugu», azaldu zuen Arejitak ordu hartan. «Uste dut inork ez duela aurretik disko aurkezpenik egin bertan».

Mikel Caballeroren hutsunearekin egingo du taldeak despedida bira. Hura izan zen hasierako taldekideetako bat. 2022an Gatibu uztea erabaki zuen, halere. Aurtengo otsailean hil zen, 57 urterekin, Mexikon egun batzuk igarotzen ari zela. Albiste hura kolpe gogorra izan zela ere aipatu dute taldekide izandakoek.