Maiatzean Australian jokatuko den Challenger Series txapelketan aritzeko txartela eskuratu du Garazi Sanchezek (Getxo, Bizkaia, 1992). Ez da lorpen makala, surfeko gorengo mailara igotzeko aukera ematen baitu lehiaketak.
Aurtengo helburuetako bat zen sailkapen hori lortzea?
Bai. Azkenean, Challengerrean egoteak aukera ematen dizu surfean ametsa izan daitekeen hori lortzeko: CTra igotzea eta Olinpiar Jokoetan egotea. Inportantea da aukera izatea munduko onenen aurka lehiatzeko eta borrokatzeko.
Konfiantza ematen dizu?
Erregularra izatea kostatu egiten zitzaidan: oraintxe txanda onak egiten nituen, eta gero beste batzuk txarrak. Konstantzia hori izatea garrantzitsua da. Entrenamenduek eragina dute, baina askotan handiagoa du alde emozionalak; anbiguoena eta konplexuena izan ohi da. Kasu honetan, kirol heldutasunak ere eman dit hori. Lehen, uretan lan asko eginda ere, ez nuen egonkortasuna lortzen, eta frustratu egiten nintzen. Konstantzia lortu izanak konfiantza ematen dit datorrenari aurre egiteko.
«Konstantzia lortu izanak konfiantza ematen dit datorrenari aurre egiteko».
Jarraitutasuna lantzen aritu zara, beraz.
Kirol honetan, erabakiak hartzea, ziurtasuna, frustrazioa eta itsasoak ematen dizun ziurgabetasun hori kudeatzea ez da erraza; eta askotan hori dena etxetik kanpo egin behar da. Atal mentala lantzea, psikologikoa eta emozionala, emaitzak ematen ari zait.
Tokioko Olinpiar Jokoen arantza gelditu zaizu?
Egia da kolpe gogorra izan zela. Orain, denbora pasatuta, beste modu batera ikusten dut: egia da gustatuko litzaidakeela egotea, baina ikasketa handi bat ere izan zen. Eta hori ere ari zait egun emaitzak ematen. Oxala 2024an Parisen egongo banintz, baina ikasi dut niretzat sanoena eta justuena aurten dudanari erreparatzea dela. Gauza asko ez daude nire esku. Hasieran 2020an ziren Jokoak, gero bizkarreko ebakuntza bat izan nuen, pandemia bat...
Espainiako txapeldun izan zinen 2017an eta 2018an, eta Europako txapeldunorde 2017an. Gero, lesio batek markatu zizun ibilbidea. Gogorra izan zen?
Bai, ustekabean etorri zen. 26 urte nituen, urte eta erdi falta zen Tokiorako, urtebete sailkapenerako... Horrez gain, hasieran esan zidaten ezingo nuela gehiago surf egin. Lehen orduetan ez nekien berriro ibiltzerik izango nuen ere. Handi samar geratu zitzaidan.
«[Lesioaren hasieran] Esan zidaten ezingo nuela gehiago surf egin. Lehen orduetan ez nekien berriro ibiltzerik izango nuen ere. Handi samar geratu zitzaidan».
Gogorra ez zen izan entrenatzea, errehabilitazioa... Niretzat gogorra esperantza izatea izan zen, merezi zuela pentsatzea: mediku batek ezetz zioen, hurrengoek ere berdin, eta beste batek, agian. Eta hala ere operazio gelan sartzeari aurre egitea... aukera ere bazen ez operatzea. Ibili ahal nuen, baina ezin nuen kirola egin. Erabaki asko hartu behar izan nituen, ziurtasunik izan gabe. Gogorra izan zen, baina ikasketa prozesu handi bat ere bai. Dena ondo atera zen, eta zortea izan nuen. Indarrak atera behar dituzu ez dituzun tokitik. Alboan, baina, jende asko izan nuen.
Fisikoki bakarrik ez, psikologikoki ere lanketa handia egin behar izan duzu.
Bai. Iruditzen zait kirolari batentzat errazena entrenatzea eta gimnasiora joatea dela. Zailena, lesioak alde batera utzita, sakrifizioei aurre egitea da. Kirolari izatea erabakitzen duzunean, zer ez izan ere hautatzen duzu, zer ez egin: ez egotea zure bizitzako momentu inportante batzuetan. Eta lesioak zulo hori ireki zidan: ez banaiz surflaria, nor naiz? Horri aurre egitea gogorra izan zen. Gero, itzulitakoan, beste askatasun bat eman dit horrek. Sentitzea kirolari izatea erabaki bat dela, eta ez behar bat. Laguntza handia izan dut, Gorka Alegriarena eta kirol psikologoarena.
«Kirolari izatea erabakitzen duzunean, zer ez izan ere hautatzen duzu, zer ez egin: ez egotea zure bizitzako momentu inportante batzuetan».
Aurrerantzean, zein dira zure helburuak edo ametsak?
Nire ametsa, orain, apur bat gehiago disfrutatzen saiatzea da. Gozamenez eta ilusioz aritzea, ez horrenbeste beldurrez eta presioz. Uste dut, gainera, hobeto lehiatzen naizela horrela. Eta gustatuko litzaidake bidea txikitatik ondoan izan ditudan pertsonekin batera egitea. Gustatuko litzaidake hori guztia integratzea, eta horrek emaitzak ekartzea. Nahiko nuke Parisen egon, CTrako sailkatu, baina, izan dudan esperientziagatik, gertura begiratu nahi dut: Australia dut laster, eta, han zenbat eta hobeto egin, orduan eta gertuago egongo naiz helburu horietatik.
Jatorrizko artikuluak
- «Atal mentala lantzea emaitzak ematen ari zait» Jone Bastida Alzuru | |