Azpimarratzekoak dira giza zientzietan, eta zehazki filosofian, izandako beherapenak. Eta datorren ikasturtetik aurrera Espainiako LOMLOE legeak berretsi egingo ditu Hego Euskal Herrian. Baina haragokoa al da joera? Humanitatea ez ezik, krisian ote daude humanitateak ere, krisian ote filosofia esparrua, krisian oinarrira doazen galderak? BERRIAk hiru galdera egin dizkie pentsamenduarekin estuki loturiko bost laguni.
1. Batik bat erakundeek eta hezkuntzak gutxiesten dute filosofia, ala zerbait orokorragoa da, humanitateen dekadentzia bat?
2. Gizarte produktibistan, galderak zer prestigio du?
3. Zer leku izan behar luke filosofiak krisi garai global eta erabateko honetan?
MAITANE NEREKAN UMARAN (Agora filosofia elkarteko lehendakaria)
«Interes produktibistak zalantza oztopo gisa ikusten du»
1. Interes kapitalistek lortu dute humanitateen bertsio desitxuratua ematea, eta haren aldeko beharrezko giroa hiltzea. Inor gutxi ausartzen da jendaurrean esatera filosofiak ez duela ezertarako balio, baina, praktikan, mespretxatu egiten dute, hezkuntza curriculumetatik desagerraraziz, besteak beste. Gainera, aurkezten zaigun filosofia oso elitista eta patriarkala da: eztabaida ulertezinak egiten dituzten gizon bizar zuridunak... Filosofia hori baino askoz jostagarriagoa da. Giza bizitza duin baten oinarrizko beharra da galderarekin jolastea edozein mailatan.
«Aurkezten zaigun filosofia oso elitista eta patriarkala da: eztabaida ulertezinak egiten dituzten gizon bizar zuridunak...».
2. Oztopo gisa ikusten da. Gizarte produktibistaren ezaugarria egitean (produzitu) bizitzea da, egotean (sentitu, behatu...) bizi beharrean. Produzitu eta kontsumitu egiten dugu etengabe (informazioa, gailuak, esperientziak...), jakin barik askotan zergatik eta zertarako. Galderaren bitartez, zalantzaren bitartez, mundua interpretatzen dugu, eta, horrela, gure lekua aurkitzea, sustraitzea, sendoagoa da. Baina interes produktibistak zalantza hori oztopo gisa ikusten du, hausnarketak gelditzen gaituelako. Filosofian prozesuak du garrantzia, ez produktuak.
3. Konturatu barik ere, filosofia gure artean dago krisi egoeretan. Gertatzen ari den eta egiten ari garen guztiaren atzean justiziaren, askatasunaren, zoriontasunaren, egiaren eta bestelako kontzeptu batzuen inguruko galdera handiak daude. Dena den, beharrezkoa da zalantza modu kontzientean erabiltzea, hausnarketarako guneak sortzea eta herritarrak horretarako prestatzea.
LOREA AGIRRE ('Jakin' aldizkariko zuzendaria)
«Humanitatea birpentsatzea tokatzen zaigu, galdera erradikaletara bueltatzea»
1. Uste dut oso barneratua dugula, oro har, ideologia edo mundu ikuskera nagusi bat zientzia positibo aratzen ustezko objektibotasun itsuan sinesten duena. Zenbakiak, datuak, ehunekoak, batezbestekoak... Objektibotasuna esaten diogu. Baina zenbakiak ez dira ezer, eta ez digute ezer esaten bere horretan, eta oso dogmatikoak izan daitezke ez baditugu lekuan lekuko alderaketen argitan edo pertsona guztion arteko botere harremanen argitan irakurtzen. Zenbakien atzean humanitatea ikusi nahi eza ere egon liteke, ze zenbakia, datua... sarritan dirua da. Eta dirua humanitatearekin ezkontzen zaila da gehienetan. Adibide argia da unibertsitatean Bologna planak ekarri duena ikasketak enpresara eta merkatura lotu behar horrekin. Sistema produktibista lehenesten da, puntuazioa, kuantifikazioa... eta horrek, halabeharrez, humanitateen gainbehera dakar.
2. Gizarte produktibista batean bizi gara bete-betean, eta produkzioaren helmuga diru pilaketa da, eta ustiaketa du lan tresna, naturarena bezala pertsonena. Bide horrek ez du zalantza, galdera maite, ze erantzunek kontra egin diezaiokete. Itsuan goazela dirudi, galdera oinarrizkoak egin nahi izan gabe, aurrerabide faltsu batean amildegira zuzen. Gelditu eta gogoeta egin behar da, humanitatea sartu mundu ikuskeran. Humanitatea birpentsatzea tokatzen zaigu, galdera erradikaletara bueltatzea, giza kondizioaren mugak eta desirak birplanteatzea, mundu justuago bat egiteko biderako makuluak identifikatzea eta lanean jartzea.
3. Badago pentsamendu kritikoaren eta kulturaren halako loriatzecloseEztanda. bat, filosofiaren loratze bat: euskarazko saiakeragintzan eta liburugintzan argi ikusten da hori. Badago gose bat, krisi sakoneko garai hauetan handitzen ari dena. Adierazpenak egiten dira kulturaren eta pentsamendu kritikoaren beharraz, eta, adibidez, hezkuntza legeetan jasotzen da zehar-lerro gisa pentsamendu kritikoa lantzearen beharra, baina gero filosofia ikasgaia murriztu egiten da. Pentsamendua, filosofia, kultura, hitza, eztabaida kolektiboa behar ditugu bideak argitzen joateko.
«Badago pentsamendu kritikoaren eta kulturaren halako loriatze bat: euskarazko saiakeragintzan eta liburugintzan argi ikusten da hori».
IRATI ZUBIA LANDA (Filosofiako doktoregaia EHUn)
«Filosofiaren ekarpenetako bat izan daiteke luze gabeko pentsaerari aurre egitea»
1. Orobat, ezagutzarekiko begirune falta ikusi dugu zenbait kasutan. Ez soilik filosofikoarekiko, baita zientifikoarekiko ere.
2. Ez dut uste egun galderak subertsibotzat jotzen direnik edo arriskutsu ospea dutenik. Aitzitik, gehiago dira gutxiesten den zerbait. Pandemiarekin ikusi ditugu zenbait adibide: nola ezkondu eskubide indibidual eta kolektiboak, askatasunaren eta segurtasunaren auzia, nola jarri harremanetan zientzia eta politika... Horiek erantzuteko presioa badugu ere, ez du gehiago axola zer eta nola erantzuten dugun. Hori ez da ospe txarra, indiferentzia edo axolagabetasuna baizik.
3. Ez dakit. Ikusi nuen behin meme bat zera zioena: filosofiak balio gutxi izatearen arrazoietako bat da inork ez duela ongi argitu zertarako balio duen filosofiak. Ez naiz ni izango lehena. Dena den, filosofiak izan dezake mundu honi zer eskaini.
«Egungo kezka sozial asko auzi filosofikoak dira».
Egungo kezka sozial asko auzi filosofikoak dira. Filosofiak, hasteko, landu ohi ditu jendeari axola zaizkion zenbait kontu. Bigarrenik, izan dezakeen ekarpenetako bat da luze gabeko pentsaerari aurre egitea. Badirudi krisi egoeretan erantzun azkar eta berehalakoak lehenesten ditugula. Horiexek balioko dute, akaso, aberastasuna produzitzeko. Baina, aberastasuna ez ezik, arriskuak ere produzitzen ditugu (hor dago krisi ekosoziala, hor prekaritatea...). Luze gabeko pentsaera baliagarria da, krisiak krisi, denak normal funtziona dezan. «Denak normal segi ahala» sortzen ditugun gaitzei aurre egiteko, ordea, aldaketa sistematikoak behar dira. Luze gabeko ikuspegi batek ezin du halakorik eskaini, eta, akaso, filosofia baliagarria izan liteke.
MARKOS ZAPIAIN (Filosofia irakaslea Bilboko Botikazar institutuan)
«Erdigunean behar luke filosofiak; ondo daki zer den krisiari aurre egitea»
1. Bada eskola enpresaren zerbitzura jartzeko presio bat, eta tinko egin beharko genioke aurre. Pertsonak berezkoa duen jakin-mina zaindu beharra dago, enpresen interesetatik askatu. Noski, jakin-min natural hori pizteko oinarri ekonomikoa bermatu beharra dago. Egun pare bat badaramazu gosez, nekez hasiko zara gogoetan.
2. Jendea belardietan etzanda porroak erretzen eta pluribertsoaren enigmei buruz hausnarrean, politagoa litzateke gure panorama baino. Hala ere, zaila da aldez edo moldez produktibista ez litzatekeen gizarte bat irudikatzea. Sozialismoa eta komunismoa kapitalismoa bezain produktibistak dira, eta gaur egun inork ez dizu eragozten Oi(h)artzun Filosofikoa edo Agora bezalako egitasmo galderagileak sortu eta aurrera ateratzea. Galdera filosofikoa ez dago gure garaian beste edozein garaitan baino zokoratuago.
«Galdera filosofikoa ez dago gure garaian beste edozein garaitan baino zokoratuago».
3. Erdigunea. Filosofiak ondo daki zer den krisiari aurre egitea, beti bizi izan delako krisi larrian. Oraingo krisiari erantzun bikoitza eman diezaioke. Batetik, salbabide pertsonala: antsietateari eta heriotzaren beldurrari aurre egiteko hartu Epikuro, estoikoak eta eszeptikoak, aukeratu bakoitzetik komeni zaizuna, ondo nahastu eta aitzina beti euskalduna.
Bestetik, gogoratzea gizarte krisi global hori ez dela naturala, alda litekeela, eta, hein batean, bederen, gure esku dagoela ihardukiacloseEztabaida. eta alternatibak asmatzea.
IGNAZIO AIESTARAN (Filosofia Saileko irakaslea EHUn)
«Teknokrata eta burokrata humanistak nagusitu dira edonon, eta filosofia apaindura baizik ez da»
1. Nik ez nuke esango humanitateak gain behera daudenik. Alderantziz. Teknokrata eta burokrata humanistak nagusitu dira edonon: ministerioetan, unibertsitateetan, museoetan, komunikabideetan, enpresetan. Modan daude. Eta filosofia, egun, modako apaindura baizik ez da.
2. Gizarte produktibistan zenbait galderak prestigioa dute. Adibidez, hauek: Zenbat igo da akzioen prezioa? Komunismoa utopia bada, zertarako aldatu kapitalismoa? Ez al zara zoriontsua gizarte aurreratu honetan? Bitartean, beste galdera batzuk debekatuta daude: Zein da kapitalaren indarkeria? Nola sozializatu finantzaketa —eta ekoizpen— bideak? Zein izan zen arrazoia Estatu Batuetako gobernua Stanley W. Moore filosofoari jazarri zekion? Zerekin egiten du amets prostituziora behartutako neskato batek? Zergatik ez dago euskaratuta Karl Marxen Kapitala, munduko maisulan bat izanik?
«Zergatik ez dago euskaratuta Karl Marxen 'Kapitala', munduko maisulan bat izanik?».
3. Pandemia batean adinekoak ganadu gisa zahar egoitzetan abandonatuta hiltzen direnean edo neguan langileriaren familiak eta beren haurrak etxetik botatzen dituztenean, filosofiak zer leku duen planteatzeak ez du zentzu handirik. Filosofiaren zoria ez da hobea izango. Zer leku dute bizitzak, desjabetuek, arrazoi unibertsalak krisialdi kapitalista batean? Walter Benjamin filosofoaren erranetan: «Pobretu egin gara. Zatiz zati gizadiaren herentzia entregatuz joan gara, kasu askotan bahitetxean saldu behar izan dugu herentzia hori, bere benetako balioa baino ehun aldiz merkeago, gaurkotasunaren txanpon txikiak lehenago eskuratzearen truke. Krisi ekonomikoa ate joka dugu, eta, haren atzean, itzal bat, gerra saihetsezina».
Jatorrizko artikuluak
- Filosofia krisian dago? Gorka Erostarbe Leunda | |