Literatura Unibertsala bilduman plazaratu dute Ernest Hemingwayren 1926ko eleberri ezaguna. Anjel Lertxundik jantzi du argitalpena, hitzaurre batekin. Idazle estatubatuarraren idazkera goraipatu dute Navarrok eta Lertxundik. Besteak beste, liburuan ageri den errealismoaren dohaina.
Lehen geltokia, Paris. Han elkartuko dira Jake Barnes, Lehen Mundu Gerrak zauritutako kazetaria —narratzailea—, eta Brett Ashley, erizaina eta Barnesekin maite jokoetan aritutakoa. Beste estatubatuar batzuekin topatu, eta boskotean eta festa gogoari tiraka helduko dira azken geltokira: Iruñeko sanferminetara. Jai giroak blaituko du dena, baina maitasun gatazkak ere azaleratuko dira zalapartaren erdian. Horixe izango da tramaren ardatzean, eta inguruko bizipenak, kazetariaren eskuz jasoak. Horiek, besteak beste, Ernest Hemingway estatubatuarraren (Oak Park, Illinois, 1899 - Ketchum, Idaho, 1961) lan aupatuaren gakoak. Koro Navarrok itzulita, euskarara heldu berri da Fiesta. Eguzkia jaikitzen da, Hemingway XX. mendeko idazle handienetako bat bihurtu zuen lana. Igelak eta Ereinek plazaratu dute, Literatura Unibertsala bilduman, eta Anjel Lertxundik egin du hitzaurrea.
Iruñea nobelako kokapen zentraletako bat izan arren, Donostia ere «ekintza nagusiaren kontrapuntu gisa» ageri dela gogoratu du itzultzaileak, baita euskaldunak Hemingwayrentzat «baserritarrak» direla ere, «eta ez hirian daudenak». Emakumezko pertsonaia bakarra, Brett Ashly, tartean agertuko da: «Jendea, alkohola, festa... eromen horretan badaude etenaldiak ere, bakea, natura, lasaitasuna. Eta emakumea, ez dut uste kasualitatez, ez da egongo ez mendian, ez Donostian».
«Jendea, alkohola, festa... eromen horretan badaude etenaldiak ere, bakea, natura, lasaitasuna. Eta emakumea, ez dut uste kasualitatez, ez da egongo ez mendian, ez Donostian».
Anjel Lertxundik, berriz, Hemingwayren «kazetari sena» izan du gogoan, hari esker irauli zuelakoan ordura arteko nobelagintza. Eguneroko bizimoduari «etekin literarioa» ateratzen asmatu izana ere txalotu dio idazleak idazleari, hori delakoan «lan artistikoetan» nekezena: «Egunerokotasunean ezkutatzen dena nabarmentzea da errealismoaren dohaina. Ez dira hemen erlazio asko esplizitatzen: keinuak dira ia denak, ederki argitzen zaizkigunak irakurketan».
Navarroren itzulpenera etorrita, Lertxundik adierazi du protagonista oso hurbilekoa egingo zaiola euskal irakurleari. Kuadrilla baita protagonista, «kuadrillaren figura soziala», haren hitzetan. Azpimarra jarri dio, hartara, liburuan datozen ahots askotariko elkarrizketei. «Gogoan duzue bi edo hiru pertsonaren arteko elkarrizketa asko dituen libururik? Nik ez. Oso zaila da hiru ahots baino gehiago ematea». Hemingwayk, ordea, bospaseiren arteko jarduna ematen du, eta irakurlearentzat oharkabekoa den «miraritzat» jo du Lertxundik. Navarrok hitanoa baliatu du solas horiek euskaraz jartzeko, eta, bidenabar, Lertxundik azaldu du hitanoak luze iraungo duela literaturan, ahozkoan erabilera murriztuz badoa ere.
«Gure herriaren paisaia guztiak ikusten dira 'travelling' batean bezala».
Ezagunak dira Hemingwayk bezala beste idazle handi askok Euskal Herrian egindako pasaerak, baina, Lertxundiren esanetan, estatubatuarrak beste inork ez bezala eraman ditu euskal paisaiak hitzetara. «Biarritzetik Iruñera, berdetik harri kolorera, autoz doazelarik, gure herriaren paisaia guztiak ikusten dira travelling batean bezala, irakurlea konturatu gabe travelling batean doala».
Jatorrizko artikuluak
- 'Fiesta. Eguzkia jaikitzen da' euskaratu du Koro Navarrok Itziar Ugarte Irizar | |