- Balio etikoak
- Geografia-Historia
- Plastika eta ikus-entzunezkoak
- Arrazakeria
- Giza eskubideak
- Migrazioa
- Musika
Fermin Muguruza: «Ibaiak ez du hiltzen; politika arrazistek hiltzen dute»
«Beharrezkoa» eta «urgentziazkoa»; hala definitu du Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak (Irun, Gipuzkoa, 1963) bere azken lana: 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala. Donostiako Zinemaldian aurkeztu du.
Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia kontatzen du filmak, Bidasoa inguruan hildakoak gogoratuta, eta indarkeriaz inposatutako mugak eta kontrol arrazistak salatzen ditu.
Migrazioa, mugak, indarkeria, arrazismoa... landu dituzu dokumentalean. Zein izan da zure asmoa?
2018-2023ko urteak jarri ditugu islatucloseErakutsi.
nahi dugun momentua zehazteko. Berehala konturatu ginen 2018an Frantziako Estatuak jarri zituen kontrolak erabat arrazistak zirela, eta ez zutela inongo zentzurik. Segidan etorri zen lehen hildakoa; Frantziako Estatutik bi aldiz kanporatu ondoren, bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Egundoko kolpea izan zen. Protesta egitera ateratzen ginen, baina inpotentzia handiz, beste hildako bat zetorren. Eta beste bat. Eta horrela, bederatzi lagun arte, beraien azken arnasa Bidasoan eman zutenak.
Pentsatu nuen oso interesgarria izan zitekeela horrelako sorkuntzazko dokumental bat egitea, non posible zen testigantzak biltzea, Bidasoaldeko musikarien zenbait kantu erabiltzea, eta, animazioaren bidez, hemen hil diren migratzaile bakoitzaren ibilbidea azaltzea. Hori zen helburua: dokumentu batean geratu, eta kontatzea hemen zer gertatu den eta zer gertatzen ari den.
Elkarrizketak eta testigantzak bilduta osatu duzu filma; pertsona arrazializatuenak nahiz ekintzaileenak. Argi izan zenuen haien bidez kontatu behar zenuela dokumentala?
Dokumental batean, mutur batetik tiraka hasi, eta ez dakizu nola bukatuko duzun. Ez nuen egunkariko erreportaje bat egin nahi; protagonista batzuk hartu, eta horien testigantzak bildu nahi nituen. Garbi nuen Gari Garaialdek izan behar zuela bat. Begiak jarri dizkigulako; berak erakutsi digu zer gertatzen den. Esan zidan Harrera Sarean ezagutu zuela Anaitze Agirre, eta gauza interesgarri batzuk finkatu zituen hark. Horren arabera hasi nintzen beste protagonistak bilatzen; Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte, esaterako.
Anaitzek denbora osoan zera azpimarratzen zuen, mezu positiboa transmititzen duen zerbait egin behar genuela. Nahikoa da migratzaileak beti heriotzarekin lotzea. Hala, oso interesgarria iruditzen zitzaidan Romeoren istorioa kontatzea. Gero, Pilar ezagutu nuen; polita da jakitea nola pertsona bat ahaldundu daitekeen musikaren eta dantzaren bidez.
Mezu positiboak aipatu dituzu lehen. Ibaiaren inguruko azterketa ere egiten duzu, eta zubiak duen funtzioarena. Eta ideia bat azpimarratu: ibaiak ez du hiltzen.
Hori izan da helburu argi eta garbia. Migratzaileak hilda agertzen hasi zirenean, zenbait hedabidek bestelako mezu bat transmititu zuten. Eta jakina, mediatikoki badu bere indarra: Hiltzen duen ibaia, edo Bidasoa ibaia eta bere tranpa mortala. Horrela desbideratzen da, hain zuzen ere, hor gertatzen ari dena. Hori dela eta, gure kartelean bertan ere jarri dugu ibaiak ez duela hiltzen. Politika arrazistek hiltzen dute.
«Guretzat, bizitza da ibaia. Dokumentalean, testigantzen bidez, etengabe azaltzen da hori».
Guretzat, bizitza da ibaia. Dokumentalean, testigantzen bidez, etengabe azaltzen da hori. Eta ez dugu hitzen bidez soilik azaldu, baita irudien bidez ere. Horretarako, dronearen erabilera ere badago. Alde batetik, ikusteko guretzat ez dagoela ez estatu frantsesa ezta estatu espainola ere, hori dena Euskal Herria dela, biziki maite dugun zona bat, eta hor muga bat ezarri zigutela, muga administratibo bat. Baina, horretaz aparte, badago edertasun basati bat ere.
Bidasoan hildako migratzaileen izen-abizenak agertzen dira, haien erretratua, heriotza data, baita horien migrazio ibilbidea ere. Animazioaren bidez irudikatu duzu hori. Errealitate gordinari izen-abizenak eta bizipenak jartzea garrantzitsua da?
Dokumentalean argi agertzen da Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteen ahotsean. Ez dira zenbakiak; izen-abizenak dituzte, gizakiak dira. Horregatik, garbi izan genuen Bidasoan hil diren bederatzien izen-abizenak jarri behar genituela.
«Ez dira zenbakiak; izen-abizenak dituzte, gizakiak dira. Horregatik, garbi izan genuen Bidasoan hil diren bederatzien izen-abizenak jarri behar genituela».
AnimazioacloseMarrazkiak abiadura jakin batean proiektatzen diren zinemagintzako teknika.
ren bidez, ibilbideak egin ditugu, mapak. Iruditzen zitzaidan teknika oso baliagarria zela. Eta, dudarik gabe, erakutsi behar nuen bakoitza zer herritatik zetorren, eta, ahal bazen, nahiz eta informazio gutxi izan, esan norekin zegoen erlazionatuta, eta jarri zer lan mota egiten zuen. Beraien senideei bidaltzen zizkieten zenbait mezu ere lortu ditugu. Benetan hunkigarriak ziren. Bat-batean, Aljeriako gazte batek amari gutun bat idaztea, esaldi batekin: «Ama, zu zara dena». Amak hori irakurtzean badaki semea kanpoaldera joan zaiola beste bizimodu bat bizitzera, bere bizitza propioa egitera; gero, hil egiten da. Hil egiten da, trenak harrapatuta. Oso-oso labur kontatu ditugu bederatzi lagun horien ibilbideak, baina uste dut iristen dela mezua: aizue, ez dira zenbakiak, izen-abizenak dituzte, senideak dituzte, lagunak... eta gurekin geratu dira hemen, Bidasoan. Ezin izan dute jarraitu, politika arrazistek hil dituztelako.
Jatorrizko artikuluak
- «Ibaiak ez du hiltzen; politika arrazistek hiltzen dute» Jone Bastida Alzuru | |