De rebus Hispaniae memorabilibus liburuaren 1533ko edizioaren ale bat da, eta Mintzoa argitaletxeak eskuratu du. Liburua ezaguna zen, eta lehen edizioa 1496-1497koa da. Edizio hark, ordea, ez zuen euskarazko hitzik. Lucio Marineo Siculorena da lana.
Aritz Otazua Mintzoako editoreak azaldu du liburua Parisen erosi dutela, liburu zaharren azoka batean. Antigoaleko gauzen saltzaile batek aurkitu zuen han, eta, argitaletxeko ezagunak zituenez, haiek deitu eta saldu zien. Hala ere, liburua Italiakoa da jatorriz, eta eskuratu duten alea nafar batek inprimatua da: Miguel de Egiak. «Erreinuko inprimatzaile bat zen, eta berak Lizarran inprimatzen zuen, baina gero Alcala de Henaresera (Espainia) joan zen, eta han inprimatu zuen liburu hau».
Lucio Marineo Siculo Espainiako erregeen kronikaria zen, eta enkarguz egin zuen liburu hori.
Liburuaren egilea, Lucio Marineo Siculo, Espainiako erregeen kronikaria zen, eta enkarguz egin zuen liburu hori. «Kapitulu batean, Espainiako hizkuntza beteranoa aipatzen du, latinez, eta esaten du baskoiek eta kantabriarrek hitz egiten duten hizkuntza bat dela». Euskarazko zenbait hitz agertzen dira: zerua, gorputza, lurra, emaztea... Baita zenbait esamolde labur ere, bizkaieraz idatziak: irakurtzen dot eta edaten dot, adibidez. Zenbakiak ere agertzen dira, euskaraz idatziak.
Hurrengo liburuak euskaraz
Aurkitu duten alea 1533koa da, eta hurrengo urteetan ez dago euskarazko hitzik duen liburu askorik, Otazuk nabarmendu duenez: «Gero, Antso Elsokoaren 1581eko Doctrina Christiana dago, eta ez dago alerik munduan; hurrengoa Leizarragaren Testamentu Berria da, 1571koa, eta, hortik aurrera, hurrengo urteetan gehiago daude, baina ez asko».