Euskarazko hip-hopa: 20 urte, 20 diskotan

  • Albistea entzun

Selektah Kolektiboak 2000. urtean atera zuen lehen diskoa, eta lan hori jo ohi da euskarazko lehen hip-hop lantzat. Hogei urtez adarkatuz eta egonkortuz joan da estiloa, eta mugimendu horren parte diren bi kidek, Odei Barrosok eta Eneko Axpe Maisha MC-k, hogei diskotan laburbildu dituzte euskarak rapean eman dituen bi hamarkada horiek BERRIArentzat.

The Sugarhill Gang taldearen Rapper´s Delight izan zen kaleratutako lehenengo hip-hop diskoa, 1979an. 21 urte pasatu ziren euskarazko lehenengo hip-hop diskoa agertu zen arte, 2000. urtean: Selektah Kolektiboa taldearen izen bereko lehen lana.

1. SELEKTAH KOLEKTIBOA

'Selektah Kolektiboa' (2000)

Lehenengoa. Euskarazko musikaren historia betiko aldatuko zuen diskoa. Nafarroako eta Gipuzkoako lagun haiek —batzuk oraindik aktibo daude, Esne Beltza taldeko Zigor DJ scratchea , kasurako—, Koktel Molotoff eta UPN West edo Unionisten Harropuzkeria ereserkiak sortu zituzten disko horretarako. Aritz Sound System DJak asmatu zuen taldearen izena, eta Aritz izan da, dudarik gabe, euskarazko hip-hopa gehien bultzatu duen pertsona.



2. MAK

'Suari darion kea' (2005)

Suari darion kea bezala hedatu zen Lapurdiko MAK taldearen lehen lana. Euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin nahasiz, abesti asko eta indartsuak landu zituzten, hainbat jatorri eta kutsutako sampler-ekin uztarturik. Ipar Euskal Herriko rap eszenan lehen urrats nabarmena egin zuen taldea izan zen. Taldea desegin bazen ere, kideetako batzuk euskarazko rap eszenaren parte hartzaile aktibo dira orain ere. Aipamen berezia egin behar diogu taldeko DJa izandakoari, DJ Alf zenari.



3. CRITIC A CHRONIC

'Amairu' (2007)

Gernikako talde honen laugarren albuma. Benito Lertxundiren eta Mikel Urdangarinen sampler -ak egin zituzten, besteak beste, baina ez hori bakarrik: pilota batek frontoi bateko horma jotzean egiten duen soinua ere sartu zuten  sampler batean, kutxa gisa erabiltzeko! Dr. HErBeren gidaritzapean, BH Mauri, Mr Aja, Dorean P eta DJ Ñask —geroago bakarka El_Txef_A—: horiek ziren Critic a Chronic, Bizkaiko euskarazko hip hoparen aitzindariak. Txapela kentzeko moduko lana.


4. NORTE APACHE

'Hesiaren bestaldean' (2009)

Indarrez iritsi ziren Bilboko ezkerraldeko hiru apatxeak, eta bolada batez oholtzaz oholtza ibili ziren. Mezu zuzen eta argiekin, gai sozialetatik bizipen pertsonaletaraino, gai eremu ugariak landu zituzten, eta instrumentaletan ere nabaria zen haien marka. Gaur egun taldea deseginda badago ere, aztarna ederra utzi du bidean.


5. TOASTIBARRE

'Toastibarre' (2010)

Euskarazko raparen punkiak! Polizia porkeria kantak arrakasta handia bildu zuen milurteko honetako bigarren hamarkadan euskarazko hip-hoparen undergroundean. Nafarroa Behereko talde honen diskoak beste kanta potente batzuk ere bazituen: Oztibar rap, besteak beste. Soinu kalitateari askorik erreparatu gabe, haien jarrerak eta gorrotoak betetzen zuten zuloa.

6. EL PUTO IOR

'Propaganda' (2011)

Goian bego El Puto Ior. 2020 annus horribilis honetan utzi gaitu Bilbo ezkerraldeko rap kantariak, gaztea, gazteegia zela. Disko hau euskarazko eta erdarazko abesti batzuekin kaleratu zuenetik, iraultzaile sutsu hark ohikoa izan zuen zuzenekoak ematea manifestaldi antifaxistetan, besteak beste. «Kaletik basora, etxe, auzo, edozein plazara, ilusioz beterik, hegoak astinduz, banoa zerura», esaten zuen rapean disko honetako Iparraldeko haizea kantan. Eta joan zen. Baina bere obra utzi zuen.


7. GOIENETXE ANAIAK

'Anai nagusia' (2012)

Nafarren rap panfleteroa ezker abertzaleko idazkari nagusiak idatzita dagoela ematen du. Bi MCek joko ederrak egiten dituzte hitzekin; askotan, txisteak eta bromak sartzen dituzte disko honetan. Base musikalek 2000ko urteen erdialdean modan zeudenak ematen dute.


8. 2ZIO

'Pausuz pausu' (2013)

Oinarri ilunak, sistema kapitalistaren aurkako kanta gordinak. Odei Barrosoren maila izugarria da: errima paregabeak botatzen ditu oso-oso azkar. Gorkaren ahotsa osagarri bikaina da talde honetan, eta Jok aparatuetan biribiltzen du lana. Diskoaren izen bereko Pausuz pausu kanta , duda izpirik gabe, euskaraz inoiz kaleratu den hip-hop kantarik onenetariko bat da.


9. IMANOL EPELDE

'Etxepare rap' (2013)

Disko oso berezia: bederatzi kantuko bilduma honetan, Imanol Epeldek euskarazko literatura errepasatzen du hip-hoparen bidez. Besteak beste, Bernart Etxepareren eta Arnaud Oihenarten idazkiak rapean ematen ditu; hau da, lau mende inguru dituzten hitzak. SKT Sekuentzia taldean ere, Imanol Epeldek, bandaren liderra zenak, rap fina egina zuen Dena eman duenari kantan, nahiz eta Hautsetik disko horretan hardcore-punk eragina izan nagusi.


10. REVOLTA PERMANENT

'Genesis (2014)

Barakaldoko (Bizkaia) talde honen diskoa berezia da: Iker Villaren eta Iker Aginagaren mikrofonoak, lelo errepikakorrekin, Aitor Abioren base instrumental zoroak, hip-hop eta elektronika nahaste originala, askotan dantzagarria, askotan lepoa apurtzekoa. Mikel Becerrak rock ukitu berezi hori ematen die disko borobil honen oinarri musikalei.


11. 121 KREW

'Mahatsen denbora (2016)

Mahatsen denbora lanarekin esan zion adio 121 Krew taldeak oholtzari. Ezin aipatu gabe utzi Barakaldoko (Bizkaia) talde esanguratsu hau, euskarazko raparen lur antzuan hazia jartzen lehenetarikoa izan zena. Bizkaiko euskarazko raparen erreferente nagusia Ezkerraldekoa izateak zer pentsatua ematen du euskarazko rapa ze eremutatik garatzen hasi den aztertzeko orduan. Gora Baraka behera Neguri abesti mitikoak askoren buruan jarraituko du, bihotzaren taupadek bpm-ari eusten dioten bitartean. Taldeak jarraitzen ez badu ere, taldeko kide Maisha MC eta Endika Lahainek bide eta lan berriak egiten jarraitzen dute.



12. LA BASU

'Izotz erregina' (2016)

Euskarazko raparen panoraman gero eta emakume gehiago badaude ere, hutsunea nabarmena izan da urteetan, eta La Basuren lana eta ekarpena aipatzekoak dira. Izotz erregina diskoa da osoki euskaraz egin duen lehen lana. Tempo azkarrak darabiltza bere abestietan, hitzak pausatzeko modua raparen eta kantuaren artean orekatuz. Oholtzan presentzia eta mugimendu handiko artista da.



13. NIZURI TAZUNERI

'Zazpi' (2018)

Norzzoneren eta Faniren lanak beste kolore bat ekarri dio euskarazko raparen oholtzari. Zazpi bekatu kapitalen inguruan jolasean dabilen disko sendo eta pisua da hau. Trapetik abiatu eta askotariko instrumentalak plazaratu dituzte hasieratik. Norzzoneren flow-aren indarra eta Faniren berezitasuna elkartzean sortzen den leherketa handi baten lekuko izango da diskoa entzuten duena. Azpimarratzeko moduko lan mardula.

 


14. ARRANO PERTXA ETA LENGU ILUNA

'Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra' (2018)

Hitz zuzen eta probokatzaileekin iritsi zen Arrano Pertxa, Lengu Iluna lagunarekin batera. Euskarazko raparen West Coast-en ordezkari nagusia dugu bizkaitarra. Diskoaren izenak dioen gisan, bere hitzetan, erritmo zaharretik dirua lortzera datorren jainkoa dugu Arrano. Instrumental aldetik, aipatutako West Coasten eraginaz bustita dator berak G-Folk gisa izendatzen duen hori. Probokatzaile bezain indartsu eta fin plazaratu zuen bere lana.



15. ZIAKHUS

'Asteroide batzuk' (2019)

Gasteizko rap oholtza berriaren ordezkari nagusietako baten lana da Asteroide batzuk. Jariodun flow-a, errima zorrotzak eta mezu engaiatuak. Hori guztia, estilo zaharreko boom bap instrumentalen gainean finezia eta dotorezia handiz jarria. Bere lekua azkar egin du Ziakhusek, eta bere bideak interesa pizten jarraituko du.



16. MAISHA MC

'Vmme Sahar' (2019)

Maisha MCk euskarazko rapari egindako ekarpena eta haren inguruan egindako lana azpimarratzekoak dira. Vmme Sahar bere lehen bakarkako lanarekin, ikerketa lan baten emaitza sentitua erakutsi du, disko soil bat baino gehiago. Trapa eta erritmiko berri ugariak plazaratu ditu lan honetan, euskal tradizioko albokarekin eta NASAn bildutako soinu frekuentziekin ezkondurik. Lan desberdina, berritzailea.



17. TXILLY

'Akherra' (2019)

Trap kutsuko abestiak lantzen ditu Txillyk, barnerako begirada kritiko batekin. Ukitu ilunak eta ahots apala erabiliz transmititzen ditu bere mezuak. Lanak oihartzun gutxi izan badu ere, aktibo segitzen du.



18. GORPUZKINGZ

'Hondarribiagra' (2019)

Trapa eta umorea nahasten ditu Hondarribiko taldeak (Gipuzkoa). Droga eta (plastikozko) armak erakusten dituzte beren bideo ikusgarrietan. Askotan, AEBetako abesti famatuen bertsioak egiten dituzte. Zortzi kanta hauetan ez espero oso testu landuak, ezta base instrumental originalak ere, baina prestatu haien lelo itsaskorrak errepikatzeko!



19. PEIO ETA ITSUA

'Jostailua eta harria' (2020)

Itsua beatmaker legendarioak eta Peio Azkarate abeslariak sorturiko rap alternatiboko diskoa dugu hau. Itsuaren trebezia bereziaz MPC-rekin egindako boom bap beat berritzaileak eta Peioren letra bizkor eta mezuz beterikoak uztartzen ditu disko honek. Made in Durango.



20. BURUARIN

'Amets gaiztoak, amets goxoak' (2020)

Buruarinek (lehen, O'Zeber) euskarazko flow onenetariko bat du. Haren inteligentzia hitzetan nabaritzen da. Joko ederrak egiten ditu hitzekin, eta egunerokoari buruz hitz egiten digu oso gomendagarria den disko kontzeptual honetan (A aldean amesgaiztoak, eta B aldean amets goxoak). Lehenengo mailako jariotasuna, AEBetako East Coast erreferentzia handia duena. Besteak beste, disko honek Ausoko Beatz beatmaker mitikoaren instrumentalak ditu —zerrenda honen hainbat albumetan parte hartzen du—.


Jatorrizko artikuluak