Euskaldunon Egunkaria-ren bultzatzaileek argi ikusi zuten proiektuak herri mugimendutik sortu behar zuela. Euskal Herrian, oro har, 185 batzorde sortu ziren auzo eta herrietan: guztira, 3.000 boluntario aritu ziren proiektua ezagutarazten eta baliabide ekonomikoak lortzen.
Negua izan arren, bero zegoen giroa 1990ean, bero hasi zuten urtea: urtarrilaren 21ean egin zuten Egunkaria Sortzen talde eragilea osatu zuen bilera, Donostiako Udalaren Euskal Txokoan. Indartsu osatu ere, kultur arloko 75 lagunek parte hartu baitzuten talde hartan.
Txumai Iturriak oraindik ere gogoan ditu 1990ean egiteko zeuden lanak. Iturria herri batzordeen koordinatzailea izan zen Euskal Herri osoan: Egunkaria Sortzen taldea eratu ostean, haien txanda iritsi zen. «Hiru lan esparru zeuden urte horretarako: harremanak lantzea, norbanakoekin zein erakundeekin; kazetariak eskuratu eta trebatzea; eta dirua biltzeko kanpaina diseinatzea». Azken horretan jardun zuten herri batzordeek, bi fasetan. Lehenengoan, proiektua sozializatzea zen helburua; bigarrengoan, egunkaria gauzatzeko baliabide ekonomikoak lortzea.
«Kanpaina lurraldeka orekatua izatea nahi genuen, eta ahalik eta herri gehienetara iritsi: oker ez banago, lehenbiziko 'Egunkaria Eguna' Saran izan zen, Lapurdin, Herri Urrats bezperan»
«Otsail edo martxo aldera», hasi zen lanean Iturria. Lurralde bakoitzerako arduradun bana behar zuten, eta, gero, horiek guztiak koordinatu. «Kanpaina lurraldeka orekatua izatea nahi genuen, eta ahalik eta herri gehienetara iritsi: oker ez banago, lehenbiziko Egunkaria Eguna Saran izan zen, Lapurdin, Herri Urrats bezperan».
AEK eta euskalgintzako beste eragileak laguntzaile
Antolaketa nazionalak bermatzen zuen festa zegoen herrira furgoneta bat iritsiko zela, materialarekin. «Ohol handi batzuk zeramatzaten, herrietako jendeak albisteak idazteko eta publizitate moduluak lortzeko: hori zen jai horien [Egunkaria Eguna] muina». Oholez gain, herri batzorde bakoitzaren esku zegoen festaren eredua aukeratzea: kontzertuak, bertso afariak, herrian ohikoa zen beste jaiegun batean txertatzea... Norengana jo, baina, laguntza eske? «Halako kontuetan esperientzia zutenengana jo genuen: batez ere, AEK-koengana. Azaldu zidaten Korrikan zein irizpide erabiltzen zituzten, eta horren arabera hasi ginen lanean».
Iturriak gogoan du nola aritu ziren aztertzen herrietako euskaldun kopuruen eta biztanleen arteko erlazioak eta, horren arabera, bakoitza noraino irits zitekeen: «Zenbaki hotzak ateratzen dira, eta ez genekien herri bakoitzak nola erantzungo zuen». Ezinezkoa zen emaitzak aurreikustea, baina laster uxatu zuten beldurra. «Erantzuna hain izan zen ona, gainezka egin zigun. Ilusio handia zegoen; zerbait berri zen, egingarria. Bazegoen berotasun bat: nabarmena zen herrietara joaten ginenean».
«Ilusio handia zegoen; zerbait berri zen, egingarria. Bazegoen berotasun bat: nabarmena zen herrietara joaten ginenean».
Tartean hanka sartzeren bat egin zuten, Iturriak irri artean aitortu duenez. Itsasondoko (Gipuzkoa) festara ez zen ailegatu furgoneta. «Hurrengo egunean joan behar izan genuen barkamena eskatu eta beste festa bat planteatzera. Furgoneta eraman behar zuena Hernanikoa zen, eta han sanjoanak ziren...».
Josu Esnal Argia-n zebilen lanean garai hartan, euskarazko egunkaria martxan jartzen buru izan zen astekarian. Promozio arduraduna zen, eta zeregin berria, Gipuzkoako herri batzordeak koordinatzea, Joxemi Zumalabek proposatu zion. Laurogei batzorde inguru osatu ziren Gipuzkoan; Euskal Herrian, 185 izan ziren orotara, 3.000 boluntario inguruk osatuak. Esnalen arabera, Argia-n arituta, euskaltzale asko ezagutzen zituzten, eta horrek lana erraztu zion. «Euskalgintzan aritzen ziren taldeak, ziur aski, ez dira izango gaur egun bezainbeste, baina nahiko indar zuten, kontzientzia handia. Lan grina, berriz, izugarria».
«Baliabide materialak ez ziren beste mundukoak: ohol handi horiek eta furgoneta pare bat geneuzkan Euskal Herri osorako».
Ez ziren garai errazak ekonomikoki. «Baliabide materialak ez ziren beste mundukoak: ohol handi horiek eta furgoneta pare bat geneuzkan Euskal Herri osorako. Baliabide nagusia ilusioa eta gogoa izan ziren». Hitzok errepikatu dituzte Mikel Lakastak eta Txema Egigurenek, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko batzordeak koordinatu zituztenek. «AlimalekocloseHandia, izugarria. bihotza jartzen genuen, beti bezala. Bakoitzak ahal zuena jartzen zuen, eta horrela egiten genuen lan», gogoratu du Egigurenek. «Oso dinamikoa zen dena. Ez zegoen ordutegirik, ordu asko pasatzen nituen errepidean, baina gogoan daukat ez zitzaidala astuna egiten», dio Lakastak.
«Oso dinamikoa zen dena. Ez zegoen ordutegirik, ordu asko pasatzen nituen errepidean, baina gogoan daukat ez zitzaidala astuna egiten».
Hirurak bat datoz: herri guztietan zegoen jendea lanerako prest. «Horrek asko erraztu zuen lana, eta lagundu zuen nekeak gainditzen», esan du Esnalek. Izan ere, lanerako aitzakia ez zen makala.closeAhula, txikia. «Gure komunikabide bat sortzea, Euskal Herria aintzakotzat izanik eta gure mintzairan egina, apustu handia zen, eta ilusioz hartu genuen», azpimarratu du Egigurenek.
Bi egun ditu gogoan iltzatuakcloseJosiak, gordeak. Lakastak. Horietako bat, Lizarrako (Nafarroa) ikastola inplikatu zenekoa: bertso afari bat antolatu zuen, Xabier Silveirarekin. Bestea Burlatan (Nafarroa) antolatutako kontzertu bat izan zen: Zaramak eta Minxoriak taldeek jo zuten. «Bitarteko gutxirekin eta esperientzia are gutxiagorekin egin genuen. Dena zen boluntarioa. Pentsatzen jarrita, ez dakit nola lortu genuen: kontratazio lanak, kartelak egin, sarrerak, boluntarioak lotu... Dena egin genuen».
Oztopoak egon arren, aurrera
Zailtasunak egon bazeuden, dena den. «Iruñean oso zaila zen: basamortuan predikatzea bezala zen», nabarmendu du Lakastak. Instituzio eta enpresa handietatik jasotako erantzunagatik dio hori, batez ere. «Ez nintzen saltzaile profesionala, eta zailtasunak ikusten nituen. Euskarazko egunkaria izanik, publizitatea lortzera joan eta, publizitatea jartzeko baino gehiago, konpromisoa eskatzen genuen». Lurraldeen beharrak eta errealitateak desberdinak ziren, Egigurenen arabera, eta horrek batzuk zein besteak baldintzatu zituen. «Ipar Euskal Herrian ez daukagu mintzairaren estatusik, ez errekonozimendurik, ez lurralderik. Beraz, guretzat, zama bat gehiago zen». Eta, hala ere, hori ez zen oztopo izan: «AEKrekin genbiltzan, gaur egun bezala, ikastolen borrokan: horretan sartu ginenok sinisten genuen batak ez zuela bestea kentzen, lan gehiago egongo zela egiteko, baina ezinbestean egin beharreko zerbait zela».
«AEKrekin genbiltzan, gaur egun bezala, ikastolen borrokan: horretan sartu ginenok sinisten genuen batak ez zuela bestea kentzen, lan gehiago egongo zela egiteko, baina ezinbestean egin beharreko zerbait zela».
Herri batzordeen kanpaina uztailaren 15ean amaitu eta itxi zen, Donostiako belodromoan eginiko festaren bidez. Boluntario guztiei eta aldez edo moldez proiektuaren alde jardun zuten guztiei eskerrak ematea zen helburua. Baita Euskaldunon Egunkaria jada errealitate bihurtua zela erakustekoa ere: zero zenbakia banatu zuten han, eta, udazkena amaitu baino lehen, lehenengo zenbakia aterako zutela hitzeman zuten. Bazetorren euskara hutsezko egunkari nazionala, ez zegoen atzera bueltarik, eta ez zuten huts egin: 1990eko abenduaren 6an sortu zen Euskaldunon Egunkaria.
Jatorrizko artikuluak
- Euskarazko egunkariaren alde,«gainezka» Berria | |