Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak euskaraz egin dute baxoko filosofia azterketa
Berrogei ikaslek egin dute desobedientzia ekintza, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko. Beren gain hartu dute beren azterketak zuzenduak ez izateko arriskua, etorkizuneko ikasleentzat baliagarri izanen delakoan.
Uztailaren amaieran heldu ziren emaitzak: ikasle batek soilik gainditu du filosofiako baxoa.
Seaskako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz pasatu ahal izatea. Ikasketa guziak euskaraz egin arren, historikoki, baxoko Historia-Geografiako proba baizik ezin izan dute euskaraz erantzun. 2016an, Matematikako proba ere euskaraz pasatzeko aukera eman zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina, lizeoetako erreformaren ondorioz, azterketak pasatzeko modua aldatu zuten, kontrol jarraikiari pisu handiagoa emanik. Urte bukaeran egin beharreko azterketa batzuk atxiki dituzte, hala ere; horien artean, Filosofiakoa. Ikasturtean zehar euskaraz ikasi arren, frantsesez pasatu behar dute osoki.
Horregatik, ikasle talde batek desobedientziari heltzea erabaki du: euskaraz ikasteko nahia azaldu dute beren kopietan, frantsesez, eta euskaraz egin dute azterketa osoa. «Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna, azterketako notek argiki frogatzen baitute gainerateko lizeoetako ikasleen pare ibiltzen garela. Euskaraz ikasteko eskubidean datza auzia», esplikatu dute prentsaurrekoan. «Baxoa frantsesez pasatzeko, hainbat gai frantsesez landu behar ditugu urtean zehar, eta horrek euskaraz ikasteko egin dugun hautua oztopatzen du».
«Baxoa frantsesez pasatzeko, hainbat gai frantsesez landu behar ditugu urtean zehar, eta horrek euskaraz ikasteko egin dugun hautua oztopatzen du».
Ikasle gehienei ez zizkieten azterketak zuzendu, «arrazoi politikoak» edo «arrazoi militanteak» ematen zituztela argudiatuta. Hala ere, salbuespen bat izan zen. Beste ikasleei 1 eta 6 arteko notak jarri dizkiete; ikasle batek, aldiz, gainditu egin du azterketa: 20tik 12 atera du. Zuzentzaileak honela justifikatu du nota, ohar batean: «Proposamen koherentea. Arrazoinamendu eraikia. Egindako baieztapenak justifikatuak dira, eta gaiari erantzuten diote».
Zuzentzaile askoren justifikazioa hauxe izan da: «Oinarrizko arauak ez dira errespetatzen, eta edukia ezin da baloratu. Zigor egokia azterketa nazional baten ikuspuntutik».
Zuzendu ez dituzten azterketa gehienetan, bestelako justifikazioak idatzi dituzte zuzentzaileek: «Euskaraz egindako kopia. Argi eta garbi, arrazoi militanteengatik. Oinarrizko arauak ez dira errespetatzen, eta edukia ezin da baloratu. Zigor egokia azterketa nazional baten ikuspuntutik». Tartean «arrazoi politikoak» daudela adierazi dute beste zuzentzaile batzuek.
Jatorrizko artikuluak
- «Etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen lagundu nahi dugu» Ekhi Erremundegi Beloki | |
- Ikasle batek soilik gainditu du filosofiako baxoa, oraingoz Unai Etxenausia | |