Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ebaluazio diagnostikoan, DBHko ikasleek inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte euskaran: %53k hasierako maila dute. Derrigorrezko eskolaldia amaitzeko bi urteren faltan, erdiek ez dute lortu erreferentziazko euskara maila (B2).
Ikasleek euskaraz aritzeko duten gaitasuna apaltzen ari da etengabe. Hezkuntza eragileek aspaldi zuten horren susmoa, eta hala berretsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen ebaluazio diagnostikoak; 2019an egin zuten azterketa hori, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarrenean, eta emaitzak kezkagarriak dira. Derrigorrezko eskolaldia amaitzeko bi urteren faltan, DBH2ko ikasleen %53,3k ez dute lortu erreferentziazko euskara maila (B2). 2009an ebaluazio diagnostikoa egiten hasi zirenetik izandako emaitzarik txarrenak dira.
2009an ebaluazio diagnostikoa egiten hasi zirenetik izandako emaitzarik txarrenak dira.
DBHn, beheranzko joera etengabea da: bi urtean, ia zortzi puntu handitu da euskaraz behar bezalako gaitasunik ez duten ikasleen kopurua; 2009tik, hamabost.
Indize sozioekonomiko eta kultural apalekoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa —«atzerrian jaioa edo guraso bat atzerritarra duena»—: diagnostikoaren arabera, oro har, hori da euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen soslaia. Esaterako, DBHn euskaraz eta gazteleraz jarduteko gaitasunik ez duten ikasleen artean, %35,5ek ikasturteren bat errepikatu dute, eta %11,3 atzerritar jatorrikoak dira. Aldiz, ikasle elebidun orekatuen —euskaraz eta gaztelaniaz «maila aurreratua» dutenen— %2,1 dira atzerritar jatorrikoak, %0,9 errepikatzaileak, eta haiek dute indize sozioekonomikorik handiena.
Euskara etxean jaso izanak ere baldintzatzen du ikasleek hizkuntzan duten gaitasuna: DBHko ikasle euskal elebidunen —euskaraz maila handia eta gaztelaniaz erdikoa— %45,9 dira, eta ikasle elebidun orekatuen %25. Halere, ez da erabakigarria: euskaraz eta gazteleraz gaitasunik ez dutenen %13k eta ikasle erdaldun elebakarren —euskaraz hasierako maila dute idatzizko proban— %6,5ek euskara dute familia hizkuntza.
Ikastetxe motaren araberako datuak ere eskaini dituzte diagnostikoan: DBHn, D ereduko sare publikoan, %50,4k dute maila apala; itunpeko sareko D ereduan, %42,2k.
Ikasleen erabilera apaldu egin da adin eta egoera guztietan: gutxiago egiten dute irakasleekin eta ikaskideekin, gela barruan nahiz jolastokian.
Gaitasuna eta erabilera batera doaz. Eskolako euskararen erabilerari buruzko 2019ko Arrue ikerketaren zertzelada batzuk eman dituzte, eta hor ere inoizko txarrenak dira emaitzak. Ikasleen erabilera apaldu egin da adin eta egoera guztietan: gutxiago egiten dute irakasleekin eta ikaskideekin, gela barruan nahiz jolastokian.
Jatorrizko artikuluak
- Euskara ikasgelan: gero eta gutxiago eta okerrago Irati Urdalleta Lete | |