LH4ko eta DBH2ko ikasleek atzera egin dute euskararen erabileran eskola eremu guztietan. D ereduko gaztetxoen artean, handiagoa izan da jaitsiera. Beraz, eskola eremuko euskararen arnasguneari zuloak agertzen hasi zaizkio: ezagutza gero eta handiagoa den garai honetan, erabilerak behera egin baitu.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleak eskola giroan euskaraz zenbat aritzen diren neurtzen du Arrue txostenak, eta bi urtean behin egin ohi da ikerketa —ikasleek galdetegi bat betetzen dute—. 2011tik 2015era egindako hiru zenbaketetan, euskararen erabilerak gora egin zuen epealdi guztietan, baina, 2015arekin alderatuz gero, 2017an aldagai guztietan txikitu da eskolako euskararen presentzia. Adierazgarria da bi urtean nola apaldu den hizkuntza erabilera, aurreko urteetan etengabe gora egin ondoren.
Adierazgarria da bi urtean nola apaldu den hizkuntza erabilera, aurreko urteetan etengabe gora egin ondoren.
Azken neurketaren arabera, 10 urteko haurren %62 aritzen ziren beti euskaraz gainerako ikasleekin gelan, eta irakaslea aurrean ez zegoenean, jolaslekuan, erabilera %33ra jaisten zen. Bi urte lehenago egindako neurketan, baina, handiagoa zen bi eremu horietan euskaraz beti aritzen ziren ikasleen kopurua: %66 eta %34, hurrenez hurren. Adinean aurrera egin ahala, esaterako 14 urteko gaztetxoen artean, euskaraz aritzen direnen kopurua jaitsi egin zen 2017ko neurketan, eremu bietan: %26 aritzen ziren beti euskaraz ikasgelan —2015ean baino lau puntu gutxiago—, eta %15 jolaslekuan —hiru puntu gutxiago—.
Azken datu horien arabera eskolako erabilerak behera egin bazuen ere, oraindik ere hezkuntza da gizartean gehien mintzatzen den eremua, eta, horregatik, hizkuntzarentzako arnasgune bat da. Baina gaitasun horrek baditu mugak, eta hala aitortu dute ikerketaren egileek: «DBH2ko jolaslekuko ikaskideen arteko erabilera askean, ikasleen hizkuntza erabilerak asko hurbiltzen dira etxeko abiapuntura edo gizarteko batezbestekora». Tasa orokorra ia %22 da jolaslekuan, eta etxeko erabilera, berriz, %21. Alegia, eskolako hizkuntzak ez duela halako eraginik adin horretako gaztetxoen artean.
D eredukoak ere erdaraz
Gainera, gero eta ikasle gehiago D ereduan ari dira ikasten —DBH2ko ikasleen %66 ziren 2017an, zazpi urte lehenago baino zortzi puntu gehiago—, baina horrek ez du bermatzen euskarari eustea. Kontrara, Arrue ikerketa egiten hasi zirenetik, nabarmen egin du behera euskararen erabilerak 14 urteko gaztetxoen jolas orduetan. Sei urtean sei puntu apaldu da: 2017an %30ekoa zen hizkuntzaren presentzia D ereduko ikasleen artean.
Nabarmen egin du behera euskararen erabilerak 14 urteko gaztetxoen jolas orduetan. Sei urtean sei puntu apaldu da.
Dena den, jaitsiera horien guztien ardura eskola komunitateari egotzi ordez, ikerketaren egileek gizarteari begiratu diote bilakaera horren arrazoiak bilatzeko orduan. «Pentsatzekoa da ea aipatutako erabilera horren jaitsiera gizarte mailako euskararen erabileren erlaxazio edo ez-aurrerapen baten zantzu izan ote litekeen».
Jatorrizko artikuluak
- Geldialdia, baita eskoletan ere Lander Muñagorri Garmendia | |