Euskararen erabilera atzeraka ari da, nabarmen, udalerri euskaldunetan

  • Albistea entzun

Eremu euskaldunenetan izan dira galerarik handienak, bai erabileran eta bai lehen hizkuntza euskara dutenen zenbatekoan, Uemak aztertu duenez. Ezagutzan berriz, eten egin da azken urteotako beherakada.

Geroz eta gehiago dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan udalerri euskaldun izendatuak; hots, euskararen ezagutzan %70eko langacloseMuga. gainditzen dutenak. Geroz eta biztanle gutxiago biltzen ditu, ordea, eremurik euskaldunenak. Eustatek Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren gainean berriki emandako datuek berresten dute, halaber, okerra dela proportziozko bilakaera espero izatea ezagutzaren eta erabileraren artean: baldintzak eta hiztunen profilak aldatu direla, baita beste hainbat aldagai ere, eta erabileraren igoerarik txikiena lortzeko ahalegina handiagoa dela lehen baino.

EUSKARAREN EZAGUTZA: BEHERAKADA ETENDA

Udalerri euskaldunetan, herritarren %73 dira gai euskaraz ondo egiteko, %13k euskaraz ulertzen dute, eta %14k ez. Ezagutza handiagoa da euskaraz dakitenak %80 baino gehiago direnetan —laugarren gune soziolinguistikoa delakoan—: %84k dakite euskaraz, %8k ulertzen dute, eta %8k ez. 2011n beherakada sumatu zen udalerri euskaldunetako ezagutzan, eta berriz ere goranzko joera hartu du azken neurketan, baina 2001ekoaren azpitik segitzen du.

Ezagutzaren arabera multzokatuta ikusten da agerien zer joera hartu duten. Lau talde banandu ditu Uemak: 1981ean euskaldunak %90-100 ziren herriak, %80-90 zirenak, %70-80 zirenak eta %60-70 zirenak. Bada, ertzetako bi multzoetan izan dira gorabeherarik handienak. Euskaldunenean, 11 puntuko jaitsiera izan da ezagutzan, eta %60-70 euskaldunak zituzten udalerrietan, 7 puntuko hazkundea. Beste bi tarteetan, apenas izan den aldaketarik. 

Eremurik euskaldunenean, 11 puntuko jaitsiera izan da ezagutzan, eta %60-70 euskaldunak zituzten udalerrietan, 7 puntuko hazkundea.

LEHEN HIZKUNTZA: EUSKARAREN PROPORTZIOA TXIKITZEN

Hamarkadatik hamarkadara berresten den joera da: gero eta txikiagoa da euskara lehen hizkuntza dutenen proportzioa udalerri euskaldunetan. Gaur egun, biztanleen erdiak dira.

Beherakadarik handiena laugarren gune soziolinguistikoko udalerrietan izan da: 30 urtean hemezortzi puntukoa. Esanguratsua da gune horretan lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez duten herritarren proportzioan izan den gorakada. «Biztanle mugimenduak daude horren oinarrian, ez transmisioaren haustura bat: euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoagoa», zehaztu du Uemak.

«Biztanle mugimenduak daude oinarrian, ez transmisioaren haustura bat: euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoagoa».

Uema

ETXEKO ERABILERA: EUSKARA ETA GAZTELANIA PARETSU

Paretsu daude euskara (%41) eta gaztelania (%38) udalerri euskaldunetako etxeko erabileran, eta, tartean, bada azken hamarkadan hazi den multzo bat: biak antzera erabiltzen dituztenena (%18). Laugarren gune soziolinguistikoan handiagoa da euskara erabiltzen dutenen proportzioa: %59. Hala ere, beherakadarik handiena ere han izan da: %81ekoa zen duela 30 urte, %59koa da orain. Beherakada txikiagoa izan da eremu euskalduna osorik hartuta: %54tik %41era. Hein txikiagoan, gaztelaniaren erabilerak gora egin du udalerri euskaldunetan; zehazki, zortzi puntu azken 30 urteetan. Laugarren gune soziolinguistikoan 1981ean halako bi aritzen dira gazteleraz etxean.

Gaztelaniaren erabilerak gora egin du udalerri euskaldunetan; zehazki, zortzi puntu azken 30 urteetan.

Udalerriak lau multzotan banatu ditu Uemak, Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren sailkapen proposamenean oinarrituta. «Erdara nagusi duten udalerri euskaldunak» dira zenbait herri: Hernani, Urretxu, Hondarribia... Euskararen erabilera %40tik beherakoa dute. Multzo handiagoa da «nagusitasun argirik gabeko udalerri euskaldunena». Euskararen erabilera %40-60koa da horietan, eta ia guztietan egin du atzera. Zenbaitetan, 20 puntutik gora azken 30 urteotan. Atzerakada izan dute «euskararen nagusitasun erabatekorik gabeko udalerri euskaldun» gehienek ere. Talde horretako udalerrietan %60-80ko erabilera dute, eta duela 30 urte, %80tik gorakoa. Azkenik, oso gutxi dira euskararen nagusitasun handikoak», etxeko erabilera %80tik gorakoa dutenak. Tamainaz, gainera, txikiak dira. Galera handia izan dute guztiek.

Jatorrizko artikuluak