Elur Ulibarrena: «Historia irakasgaiari jende arruntaren historia falta zaio»
Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoak maletak prest ditu ikasgeletara bidaiatzeko. Museo Ibiltaria egitasmoaren bitartez, XIX. eta XX. mendeetako jantziak, mitoak eta lanbideak ulertzeko aukera eman nahi du Elur Ulibarrenak (Alacant, Herrialde Katalanak, 1979), zentzumen guztiak erabiliz.
Gazte asko joaten dira Museo Etnografikora?
Ez. Batzuk eskolarekin etortzen dira, eta, noizbehinka, gazteren bat ikusten dugu. Baina nerabeak ez ditugu askotan ikusten, bakarrik 20 urtetik gorako gazteak.
Gazte gutxi joaten direnez, museoa haiei hurbilduko diezue?
Bai, hori da ideia nagusia. Horregatik pentsatu genuen proiektu hau egitea, museoa ezagutarazteko eta gazteengana hurbiltzeko. Proba batzuk egin genituen adin askotako umeekin. Museora etorri ziren, kutxak ikustera eta piezak manipulatzera.
Zein izan da haurren erreakzioa objektu horiek ikustean?
Maleta irekita uzten dugu, eta bakoitzak nahi duena hartzen du. Normalean, pieza bat hartzen dute, eta, ez dakitenez zer den, alde batera uzten dute. Maleta hutsik geratzen denean, objektuei buruzko galderak egiten dizkiegu, eta, poliki-poliki, objektu bakoitza zer den asmatzen dute. Oso dibertigarria da bakoitzaren teoriak entzutea.
Zer ondorio atera dituzu proba horietan?
Asko nabaritzen da herriko eta hiriko umeen arteko desberdintasuna. Herrian bizi diren umeek oso azkar asmatzen dute objektua zertarako den, eta hirikoek, oro har, zailtasunak dituzte.
«Herrian bizi diren umeek oso azkar asmatzen dute objektua zertarako den, eta hirikoek, oro har, zailtasunak dituzte».
Historia hobeto ikasten da ukimenaren bitartez?
Batzuek, historia ikasteko, objektuak ukitu behar dituzte. Pieza ukitu gabe, ez dute harreman esturik sortzen obrarekin. Ukimena da ditugun zentzumenen artean garrantzitsuenetakoa, eta, umeentzat, are gehiago. Gainera, ukitzean, usaina ere antzematen da.
Lanbideen maleta zabaldu duzu. Zer dago barnean?
Hamar objektu, beste maletetan bezala. Arrantza, artzaintza eta abeltzaintza dira maletan agertzen diren lanbideetako batzuk. Irekitzean, objektuari galdetzen ahal diogu zertarako den, zergatik dagoen maleta horretan, noiz erabiltzen zen...
Eta mitoen maletan, berriz, zer dago?
Mitoen eta sinesmenen kutxa irekitzean, argizaiolcloseArgizaria kiribilduta daukan zurezko taula. bat aurkezten dugu —oso garrantzitsua da gure kulturan—; eskapulariocloseKristau liturgiarako erabiltzen den objektua.
bat, teila bat, karraka bat, kandela itzalgailu bat, ziliziocloseDeserosotasuna sortzeko helburuz diseinatua den gailu bat.
bat, meza saskitxo bat, olatacloseErdi Aroko opila.
k egiteko tresna bat, bataiorako soineko bat, eta apaizak hileta elizkizunetan erabiltzen zituen osagarriak ere bai.
Proiektua umeentzat da soilik?
Ez, irakasleentzat ere bada. Beti gertatu izan da historiaren arloan: ospetsuak direnen bizitzaren berri besterik ez dugu: erregeren batek edo apezpiku famaturen batek zer egin zuen ikasten da. Baina, normalean, ez da jende arruntaren historia irakasten: baserrietan zer egiten zuten edo zer erabiltzen zuten.
«Beti gertatu izan da historiaren arloan: ospetsuak direnen bizitzaren berri besterik ez dugu».
Jende arruntaren historia irakatsiko duzue, beraz?
Hori interesatzen zaigu gehien: gure arbasoak nola bizi ziren jakitea eta zabaltzea, ez bakarrik erregeek egiten zutena. Gure aurrekoen historia ez da asko aztertzen ikasgeletan. Historia irakasgaiari falta zaiona eskaini nahi dugu; jende arruntaren historia. Gure arbasoek egin zutenaren ondorio da gure bizitzeko era.
Jatorrizko artikuluak
- «Historia irakasgaiari jende arruntaren historia falta zaio» Itsaso Jauregi | |