'Egunkaria'-ren itxiera: atzera-bueltarik gabeko injustizia
2003ko otsailaren 20an itxi zuten ‘Euskaldunon Egunkaria’. Langile ohiek sentipen gazi-gozoak dituzte: batetik, herritarren erantzun «eskuzabala»; bestetik, erreparazio falta: «Inork ez digu ezer bueltatu».
BERRIAk Euskaldunon Egunkaria-ko sei langile bildu ditu itxieraren inguruan hitz egiteko [2023ko otsailean]: Aitziber Laskibar, Bilboko egoitzako kazetaria; Irene Arrarats, euskara taldeko arduraduna; Alberto Barandiaran, Iruñeko delegazioko burua; Eneko Bidegain, Baionako delegazioko arduraduna; Edurne Begiristain, Gasteizko kazetaria; eta Joanmari Larrarte, kontseilari ordezkariaren kabinete burua.
«Ez nuen pentsatu ere egin 'Egunkaria' itxiko zutenik».
Barandiarani goizaldean etxera sartu zitzaion Polizia, eta egoitza miatu behar zutela esan zioten: «Galdetu nien atxilotu bezala nindoan, eta ezetz, lekuko bezala nindoala. Esan nien: ‘Eta joaten ez banaiz?’ Eta esan zidaten: ‘Atea botako dugu’». Joatea erabaki zuen. Lau ordu inguruan egon zen bertan, inkomunikatuta. Ez zekien kanpoan eta beste egoitzetan zer gertatzen ari zen, ezta zerbait gertatzen ari ote zen ere: «Erregistroak ez genituen izaten, baina ez nuen pentsatu ere egin Egunkaria itxiko zutenik». 8:00 aldera atera ziren, eta egoitza zigilatu zuten. Ez zen miaketa huts bat: «Euskadi Irratian-eta ari ziren esaten: ‘Itxi dira egoitzak, atxilotuak daude’. Orduan konturatu nintzen denaz».
Joanmari Larrartek gogoan du gertatzen ari zena jakin bezain laster Donostiara joan zirela Egunkaria-ko zuzendariorde Xabier Lekuona eta biak. Bertan beste bi langile hartu, eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) taberna baten elkartu ziren. Elkartzeko eta lanerako lekua topatu zuten: AEK-k Andoaingo euskaltegia utzi zien. Ordurako pentsatzen hasiak ziren biharamunarekin: ezin zituzten euskaldunak berripaperik gabe utzi. «Hurrengo eguneko Egunero nola atera pentsatzen ari ginen. Bueno, hurrengo eguneko egunkaria: ez genekien zer izen eraman behar zuen, zeinek argitaratu, nola egin...». Tolosako (Gipuzkoa) Egunero-ren egoitza hartzea erabaki zuten, eta, egun osoko lanaren ostean, lortu zuten hamasei orrialdeko egunkaria.
«[Itxieraren gauean] Hurrengo eguneko Egunero nola atera pentsatzen ari ginen. Bueno, hurrengo eguneko egunkaria: ez genekien zer izen eraman behar zuen, zeinek argitaratu, nola egin...».
Elkartasuna kalean, torturak komisarian
Batzuk, egunkaria aterako zela bermatzera; besteak, erasoari kalean nola erantzun erabakitzera. Itxi zizkieten Egunkaria-ren egoitzetako ateak, indarrez itxi ere, baina lehen egunetik bertatik zabaldu zizkieten beste asko, elkartasunez.
Hiru hitz erabili ditu Arraratsek herritarren erantzuna deskribatzeko: «Handia, eskuzabala eta harrigarria». Donostiakoa izan zen protestarik esanguratsuena, berripapera itxi eta bi egunera antolatutakoa.
Bitartean, arduradunak atxilotuta zeuden, deklaratzeko zain. Bost eguneko inkomunikazioaren ostean iritsi zen hurrengo kolpea: torturatu egin zituzten. Ezustea hartu zuen Laskibarrek: «Badakigu lehenago egunkariak eta beste komunikabide batzuk itxi direla, tortura egon dela, baina ez duzu imajinatzen egunkari bateko zuzendaria horrela torturatuko dutenik, Torrealdai bera edo prestigioa duen beste jende bat».
«Badakigu lehenago egunkariak eta beste komunikabide batzuk itxi direla, tortura egon dela, baina ez duzu imajinatzen egunkari bateko zuzendaria horrela torturatuko dutenik».
Handik lau hilabetera, BERRIA
Bidegainek gogoan du BERRIA sortzeko akzio kanpainan bost milioi euro lortu zituztela. «Hori ere elkartasunaren adierazle inportantea da». 2003ko ekainaren 21ean kaleratu zuten lehengoz BERRIA egunkaria. Ez zen, ordea, pozerako eta ospakizunetarako eguna izan, langileen esanetan. Sentimendu «gazi-gozoa» izan zuen Arraratsek, proiektua «hondamendi baten gainean» eraikitakoa iruditzen zitzaiolako: «Sentitu nuen: ‘Egunkaria lapurtu digute, eta egin dugu beste gauza bat. Hemen jarriko ditugu indar guztiak, baina niri Egunkaria lapurtu didate, eta ez didate itzuliko sekula’».
Arraratsek aitortzen du orain, agian, lehen baino «harroago» dagoela BERRIA kazetaz: «Ikusten duzu bere bidea egiten ari dela eta ez dela berehalakoan galdu». Larrarterentzat pozgarria da «pasatu behar izan dituenak pasatuta» oraindik BERRIA ikustea, «egungo errealitatera eta beharretara egokituta». Baikorra da Barandiaran ere: «Ez da Egunkaria, BERRIA da, baina niretzat nirea da, sortu genuen horren segida».
«Ez da Egunkaria, BERRIA da, baina niretzat nirea da, sortu genuen horren segida».