Dozenaka urte igaroko dira Fukushimako hondamendi nuklearraren kalteak konpontzerako
2011ko martxoan, karanbola perfektu batek hiru hondamendi kateatu zituen Japoniako kostaldean: inoiz erregistraturiko lurrikararik handienetakoa, tsunami erraldoi bat eta istripu nuklearra.
Egun gutxian milaka biktima eragin zituen ezbeharrak —15.899 pertsona hil zituen—, eta urte asko pasatuko dira egoera lehengoratu arte: gutxienez beste lau hamarkada beharko dira zauri nuklearra ixteko.
Aurretik galdetuz gero zer aukera dauden lurrikara handi bat gertatzeko, horrek tsunami bat sortzeko, eta olatu erraldoiak historiako hondamendi nuklearrik larrienetan bigarrena eragiteko, erantzuna beti izango zen: ia zero. Eta, halere, dominoko piezak bata bestearen atzetik erori ziren duela hamar urte Fukushimako zentral nuklearraren aldirietan.
2011ko martxoaren 11n, Japonian inoiz erregistraturiko lurrikararik handiena izan zen: Richter eskalako bederatzi gradukoa. 1900. urtean hasi ziren mundu osoan lurrikarak neurtzen, eta, jasota daudenen artean, indartsuenetako laugarrena izan zen hura. Japoniako ekialdeko kostaldeko Tohoku eskualdearen parean gertatu zen, Ozeano Barean, lehorretik 70 kilometrora. Itsas azpiko lurraren mugimenduak 40,5 metroko olatuak altxatu zituen itsasoan: tsunamia. Uhinek orduko 700 kilometroko abiada hartu zuten.
Japonian inoiz erregistratutako lurrikararik handiena izan zen; Richter eskalako bederatzi gradukoa.
Irudika daitekeenez, erreakzionatzeko aukera gutxi eduki zuten kostaldeko biztanleek. Japoniako Poliziak 2019an plazaraturiko kalkulu baten arabera, 15.899 pertsona hil zituen hondamendiak (gehienak, itota edo kolpeen eraginez), eta 6.157 zauritu. Oraindik azaltzen ari dira desagertuetako batzuen gorpuzkiak; 2021eko otsailaren 17an, 61 urteko emakume baten hezurdura topatu zuten Miyagiko eskualdeko hondartza batean: Natsuko Okuyamarena.
Uhinak hamar kilometro sartu ziren lehorrean, eta harrapatu zuten guztia eraman zuten: itsasontziak, etxeak, autoak, baratzeak, berotegiak... eta jendea.
Zenbakiak zer larriak diren ulertzeko, kontuan hartu behar da Japoniako historian askotan gertatu direla lurrikarak eta tsunamiak, eta herrialdea prestatuta dagoela horietarako. Kostako herriak porlanezko murruekin babestuta daude, eta herritarrak umetatik trebatzen dituzte larrialdiari aurre egiteko.
Zentral nuklearra, itsasotik gertuegi
Fukushima Daiichi (bat) zentral nuklearrean ere, prest zeudela uste zuten. Azken batean, itsasoaren mailatik hamar metro gorago zegoen. Gero jakin da zentrala itsas mailatik 35 metro gorago eraikitzeko planifikatu zutela, baina eraikitzen hasi aurretik, 1960ko hamarkadaren amaieran, maila hori hamar metroan uztea erabaki zutela, gero askoz merkeago irten zedin itsasoko ura hain gora punpatu behar ez izatea, erreaktoreak hozteko.
Lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Zertarako behar du, ordea, kanpoko argindarra zentral nuklear batek? Erreaktoreetan erregaiaren fisioa gertatzen da, eta horrek bero handia sortzen du. Bero horretaz baliatzen dira ura lurrintzeko, eta, horrekin, argindarra sortzen dute. Baina fisioa oso erreakzio kontrolagaitza da, eta ezinbestekoa da erreaktoreak urarekin hoztea, mendean edukitzeko. Lurrikarak jo zuenean, erreaktoreak itzali egin ziren automatikoki, baina kanpoko argindarrarekin hozten jarraitu behar zuten. Horrek huts egin zuenean, zentralaren sotoetan jarritako diesel sorgailuak piztu ziren, hozteko prozesua ziurtatzeko. Dena kontrolpean. Dena larrialdi planaren arabera.
Orduan, 13-14 metroko olatuek jo zuten zentrala. Sorgailuen sotoetan trumilka sartu zen ura, eta itzali egin ziren. Hozteko sistemarik gabe geratu zen zentrala.
13-14 metroko olatuek jo zuten zentrala. Hozteko sistemarik gabe geratu zen zentrala.
Horren ondorioz, erreaktoreak berotzen hasi ziren, kontrolik gabe. Lau erreaktoreetako hiruren nukleoak urtu egin ziren.
Hurrengo egunetan, munduak harriturik ikusi zituen segurtasun kameretako irudiak: hiru erreaktoreetako eraikinak lehertu egin ziren: lehena, martxoaren 12an; besteak, 14an eta 15ean. Zorionez, ez zen zirudien bezain larria: eraikinetan pilaturiko hidrogenoak eragin zituen leherketak, ez nukleoen eztanda batek. Edonola ere, kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan.
Tokioko Gobernuak aginduta, hiriak hustu egin zituzten zentralaren inguruko 20 kilometroko erradioan. Denera, 118.000 herritar kanporatu zituzten etxetik. Futaba da zentraletik gertuen dagoen herria, eta 6.932 biztanle zituen ezbeharraren aurretik. Hurrengo egunean, bat bera ere ez. Japoniako Gobernua hura garbitzeko lanetan ari da, baina daukan helburua adierazgarria da: datorren urteko udaberrirako espero dute erradiazioa apaltzea, herriaren %11 bizitzeko modukoa izan dadin berriz.
Egunero lanean erreaktoreen hondakinetan
Azken hamarkadan, egunero 150 tona ur bota behar izan dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko eta leherketa larriagorik gerta ez dadin. Ur hori gai erradioaktiboz kutsatzen da, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan.
Ur hori garbitzeko sistema bat daukate, baina prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen du segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura, eta zenbait ur biltegik, 20.000 aldiz. Beste arazo bat dago, gainera: datorren urteko udarako beteta egongo dira biltegiak.
2019ko irailean, mundua eta Japoniako arrantzaleak asaldatu zituen erabaki bat plazaratu zuen Japoniako Gobernuak: milioi bat tona pasatxo ur erradioaktibo Ozeano Barera botako dute. Ura tratatzeko eta itsasora botatzeko prozesuak hamazazpi urte iraun dezake, eta 36.000 milioi euro kostatuko da. Ekonomia Ikertzeko Japoniako Institutuak eginiko aurreikuspenak betetzen badira, historiako istripu industrialik garestiena izango da Fukushimakoa.
Ura tratatzeko eta itsasora botatzeko prozesuak hamazazpi urte iraun dezake.
Zentralaren arduradunek, Tepco konpainiak eta Japoniako Gobernuak esan dute 30-40 urte beharko direla zentrala desmuntatzeko. Greenpeacek zabaldu berri duen txosten batean, ordea, ondorioztatu du epe hori «zentzugabea eta engainagarria» dela. Erakunde ekologistak Satoshi Sato adituaren kalkuluak aipatu ditu. Haren arabera, 2040rako «oraindik lehen faseetan» egongo da prozesua. Konpainiari eskatu diote egin dezala «plan sinesgarri bat». Milaka langilek hartu dute parte orain arte sua itzaltzeko lanetan, eta beste milaka arituko dira datozen hamarkadetan. «Haiei zor diete».
Ezin konta ahala biktima
Ez da erraza kalkulatzea zuzeneko zenbat biktima eragin dituen Fukushimako hondamendiak. 2018ko irailean, Japoniako Gobernuak erradiazioaren ondoriozko lehenengo hildakoa aitortu zuen: 50 bat urteko langile bati biriketako minbizia diagnostikatu zioten 2016an. Beste hamasei langilek zauriak izan zituzten hidrogeno leherketetan, eta beste bi langile erietxera eraman zituzten erradiazioak sorturiko erredurekin.
Erradiazio Atomikoaren Eraginen Nazio Batuen Erakundearen Aditu Batzordeak (UNSCEAR) Txernobylgo eta Fukushimako hondamendiak konparatu ditu, erradiazioarekiko esposizioari dagokionez. Espero zen bezala, Txernobylgoak askoz ondorio larriagoak eduki zituen populazioan, Fukushiman askoz neurri eraginkorragoak hartu zituztelako herritarrek ahalik eta dosi txikienak har zitzaten. Ondorioztatu dutenez, Txernobylen tiroideetako 19.000 minbizi kasu egon dira erradiazioarekin zuzenean lotuta. Japonian, 600.000 gazte aztertu dituzte, eta tiroideetako minbizi eta anormaltasun gehiago atzeman dituzte, baina NBEko adituek uste dute ez daudela zuzenean erradiazioarekin lotuta.
Txostenean, iragarri dute etorkizunean ere ez dela atzemango erradiazioaren kalte zuzenik. Edonola ere, aitortu dute besteak beste kalte genetikoa aurkitu dutela inguruan bizi diren zenbait animalia espezietan: besteak beste, «kromosoma aberrazioak saguetan eta odol zelula gutxiago makakoetan».
Herritarren artean areagotu egin dira gaixotasun asko.
Txostenean nabarmendu dute herritarren artean areagotu egin direla gaixotasun asko, hondamendiak eragindako «bizimodu aldaketarengatik, estres psikologikoarengatik eta estigma sozialarengatik».
Jatorrizko artikuluak
- Hamar urtez Godzillaren sua apaltzen Fukushiman Edu Lartzanguren | |