Dom Campistron: «Artearen bidez arrunt libratu naiz; ene nortasuna atzeman dut»
Baxenabarreko zazpi lesbiana, gay eta bisexualekin egin elkarrizketetan oinarritua, liburua atera du Dom Campistronek (Aldude, Nafarroa Beherea, 1994). Zenbait libururentzat ilustrazioak egiteaz gainera, afixak egiten, logoak marratzen eta jantzietan irudiak brodatzen dihardu irudigileak.
Zer da Bekatorosak liburua?
Liburu ilustratu bat da. Barnean, zazpi elkarrizketa dira, zazpi pertsonari eginak: bisexualak, lesbianak, homosexualak dira, eta Baxenabarreko herri ttipietan handituak.
Ni Alduden handitu naiz, eta, 16 urtetan, neska batez maitemindu nintzen. Bakartasun sentimendu handi-handia ukan nuen, eta ihes egin nuen Euskal Herritik, uste bainuen bakarra nintzela. Hortakotz joan nintzen Parisera —eta gero Glasgowra [hango arte eskolan ikasi du]—. Artearen bitartez, arrunt libratu naiz: ene boza atzeman dut, ene nortasuna; bai euskaldun gisa, bai bisexual gisa.
Eta Euskal Herrirat itzuli zinen.
Ikaragarriko herrimina nuen Glasgown nintzelarik, eta berriz sartu nahi nuen. Banuen gauza hori: berriz ematea sorterriari, zerbait ekartzea handitu naizen eremuari. Itzuli naiz, eta hor ezagutu ditut ni bezalakoak, eta ohartu ez nintzela batere bakarra. Ohartu naiz kontatu nahi nuela zer bizi izan dugun eta zer bizi dugun oraino. Gure mezua aldarrikatu: behar dugula kasu eman ondoko jendeei. Gure gizartean ahal bezainbat onartu.
Zazpi elkarrizketatuak zure belaunaldikoak dira?
Ez denak. Batzuk badira zaharragoak, eta irrigarri da, batzuk ezagutzen bainituen, baina ttipitan ez bainekien homosexualak edo bisexualak zirela. Biziki berant erran diogu elkarri homosexualak edo bisexualak ginela. Liburuko zaharrenak 50 bat urte ditu, eta gazteenak, 24-25.
«Ttipitan ez bainekien homosexualak edo bisexualak zirela. Biziki berant erran diogu elkarri homosexualak edo bisexualak ginela».
Denek onartu dute libururako mintzatzea.
Bai. Anitzek erraten dute bizia isiltasunean pasatzen dugula, edo umilki: «Badakizu, ez dut sobera erakusten; beraz, ez dut problemarik!». Hola ikasia dugu. Orain, badugu beharra oihukatzeko, gure lekua hartzeko, ez gordetzeko, gure amorosekin publikoki eta libroki ibiltzeko. Badakigu denek rol bat dugula gazteei gure laguntzaren ekartzeko.
Formatu edo neurri berezikoa da Bekatorosak?
Ez, aski klasikoa. Prezio aldetik merke izanen da; biziki inportantea zait, nahi bainuen denei aukera eman erosteko eta leitzeko. Izarian, helburu praktikoa zen: aski ttipia izatea; hola, zakuan ezartzen ahal duzu, eta ez da sobera ageri, gazte batzuek ez badute sobera nahi aita-amek ikustea zer erosi duten.
Liburuak egiten segitu nahi duzu?
Gustuko nuke beti liburuen ateratzea. Beharra dut gauzak errateko, kontatzeko. Ideia feministetan eta LGBT gaietan segitu nahi dut, jendeekin partekatzeko.
Jatorrizko artikuluak
- «Artearen bidez arrunt libratu naiz; atzeman dut ene nortasuna» Iñaki Etxeleku | |