Vogue-a dantza baino gehiago da: aldarrikapena, izateko manera, gorputza astintzea eta familia bat. Iruñean dago Euskal Herriko etxe bakarra, Anouar Merabetek zuzendua. Trans arrazializatu batzuek sortu zuten, eta ikusarazteko lanean ari dira.
Beroki luzeak, takoidun botak edo zapatak, crop top-a, kamiseta gardena, minigona, galtza urratuak, azazkal eta begi margotuak. Nork bere estiloa du, baina komunean dute vogue dantzariak direla, eta Iruñea astintzeko gogoz daude.
Familia moduko batean egin ohi da vogue dantza. Ez dira odolezkoak, eta ez da familia nuklear bat. Etxea deitzen diote haien egiturari, eta badute hierarkia bat. Anouar Merabetek kontatu du Euskal Herriko etxe bakarra Iruñean dagoela. Hura da ama, eta Nefertiti deitzen diote. Seme-alabak bildu ditu solasaldirako: Victor Domingo V-Majestic, Emmanuel Henry Koko, Carlos Guadalupe Malicious eta Aimar Breton Euphoria. Gazteak dira, 16 eta 20 urte bitartekoak.
Pribilegio zuria bistarazteko
Vogue-a 1970eko hamarkadan sortu zuten AEBetan bizi ziren afrikar jatorriko eta Latinoamerikako emakume trans batzuek. Jasan behar izaten zuten bazterkeriatik ateratzeko modu bat zen. «Haien artean elkartzeko ekitaldi txikiak egiten hasi ziren, eta ekitaldi horietan pribilegio zuria deitzen zutena bere egin eta erakusten zuten», azaldu du Merabetek. Etxetik botatzen zituzten LGTB gazteak hartzen zituzten, eta horrela sortu ziren etxeak deitzen dituzten egitura sozialak. Etxean hartu zituzten gazte haiek beren gorputza eta identitatea landu nahi izan zuten gero, eta orduan sortu zen vogue fem deitzen dena.
Vogue-aren mugimenduak lerro zuzenak dira, eta Vogue aldizkariko argazkietako jarrerak imitatzen dituzte. «Lerro zuzenak menperatu ondoren, femeninotasunaren goratzean murgiltzen zara. Normalki, takoiekin, ileordeekin eta abarrekin dantzatzen da».
Askatasun eremu bat
Sarean izan zuen horren berri Aimar Bretonek. Harentzat, voguing-a «askatasun» eta «ahalduntze» tresna bat da. «Oraindik ere kosta egiten zait nire alde femeninoa ateratzea. Hemen hori egiteko eremu aske bat dut; hemen inork ez nau epaituko».
«Kosta egiten zait nire alde femeninoa ateratzea. Hemen hori egiteko eremu aske bat dut».
Emmanuel Henryri izaera garatzen lagundu dio vogue-ak: «Kostatu izan zait besteen aurrean adieraztea: gorpuzkera, hitz egiteko manera... Beldurra ematen zidan transa nintzela esateak, pisu handia baitu atzean, eta horretan lagundu dit vogue-ak: nire izaera garatzen». Etxean askotan esan diote gizon izateko. «Azkenean, nik dantzaren bidez kanporatu dut hori guzia».
«Beldurra ematen zidan transa nintzela esateak, pisu handia baitu atzean, eta horretan lagundu dit vogue-ak: nire izaera garatzen».
Ahalduntzea. Hitz hori askotan aipatu dute vogue dantzariek. Segurtasuna behar baita dantzan hasteko; batez ere, karrikan. «Lan handia dago, ez soilik dantzatzeko eran; dantzan ari zara, eta, aldi berean, ahalduntzen», kontatu du Merabetek: «Hasieran, dantzara ateratzen zarenean, beheak eta goiak irentsiko dituzula sentitzen duzu. Denborarekin, erabat ahaldunduta zaude, eta ez dago atzera egiterik».
Jatorrizko artikuluak
- Dantzan, gorputzak askatzeko Iker Tubia | |