Gazteak pandemian: lagunengandik bakartuak, gizartean seinalatuak

Naroa Asensio, Izaro Irazu, Ander Beunza eta Lier Sarasola batxilergoko bigarren mailan ikasten ari dira gaur egun, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan (Gipuzkoa). Pandemia hasi zenean, duela bost urte, 12 urte zituzten. Bizipen desberdinak izan zituzten, baina gai batean denek bat egiten dute: «Orain berriro gertatuko balitzaigu, askoz ere gehiago sufrituko genuke».

Koronabirusak ez zituen bereziki gogor jo haurrak eta gazteak; bai, ostera, pandemian ezarri zituzten arau murriztaileek eta zabaldu ziren kriminalizazio mezuek. Gazteek salatu dutenez, kolektibo horren beharrak gutxietsi zituzten erakundeek.

Etxeko konfinamendua

Lagunak eta kirola izan zituzten faltan gehienbat. Ander Beunzak gogoan du: «Hasieran ondo hartu nuen, ez bainuen pentsatu hain luzea izango zenik». Izaro Irazuren hitzetan, «lagunekin ezin egotea izan zen gogorrena. Bideo deiak egiten genituen, baina ez zen gauza bera». 

«Lagunekin ezin egotea izan zen gogorrena. Bideo deiak egiten genituen, baina ez zen gauza bera». 

Izaro Irazu

Laurek uste dute gazteen beharrak ez zituztela kontuan hartu. Lier Sarasolaren esanetan, «etxeko leihotik begiratzen nuen, eta mendia ikusten nuen. Ez zitzaidan iruditu mendian ibilita kutsatzeko arriskua zegoenik. Ez nuen ulertzen zergatik geratu behar genuen etxean itxita». Ander Beunza ere kritiko azaldu da; haiekin zorrotzegi jokatu zutela iritzi dio. «Helduak lanera, erosketak egitera eta txakurra ateratzera joan zitezkeen. Gu, ordea, ezin izan ginen atera». Gainera, «gazteoi bota ziguten gaitza zabaltzearen errua». Horrekin bat dator Sarasola. «Gazteak jo gintuzten gaitzaren hedapenaren erruduntzat. Burugabeak ginela eta kalean elkartzen ginela zioten, eta horren ondorioz besteak kutsatzen ari ginela. Bidegabea izan zen».

«Gazteak jo gintuzten gaitzaren hedapenaren erruduntzat. Burugabeak ginela eta kalean elkartzen ginela zioten, eta horren ondorioz besteak kutsatzen ari ginela. Bidegabea izan zen».

Lier Sarasola

Naroa Asensiok ere uste du haien beharrak baztertu zituztela. «Garai zailak izaten dira lagunekin, eta etxetik ezin irtenda geratu ginen. Gero, kalera ateratzeko ordu tarte bat jarri zuten, baina etxekoekin bakarrik. Ume txikientzat, ondo, baina guk lagunen beharra sentitzen genuen. Oso bakartuta gelditu ginen».

Eskolak

Etxeko ordenagailutik eguneroko dinamikari eustea astunaclosePisutsua. egin zitzaien. «Ikasgelan besteekin batera egotearen eta ekintzetan parte hartzearen falta sumatu nuen. Horren ordez, bakoitza bere mahaian eta pantailari begira... Askok pantaila itzaltzen zuten», adierazi du Asensiok.

Irazuri ere gogorra egin zitzaion: «Normalean asko galdetzen dut gelan, eta ordenagailutik ez nintzen hainbeste ausartzen. Hasieran, kostatu zitzaidan ohitzea, baina gero irakasleei idazten nien zalantzak argitzeko».

Beunzak aitortu du nagiakcloseAlferkeriak. harrapatu zuela. «Justu-justu jaikitzen nintzen ordenagailura konektatzeko. Hasieran lanak egiten nituen, baina aitzakiak jartzen hasi nintzen: 'Gaur konexio arazoak dauzkat, eta ez naiz konektatuko'. Pare bat astez ez nuen lanik egin, eta pentsatzen nuen inork ez zuela jakingo, baina irakasleek gurasoei esan zieten, eta lanean hasi behar izan nuen berriz».

«Justu-justu jaikitzen nintzen ordenagailura konektatzeko. Hasieran lanak egiten nituen, baina aitzakiak jartzen hasi nintzen».

Ander Beunza

Aurrez aurrekoaren falta sumatu zuen Irazuk. «Ohiko egoeran, urduri egonez gero, eta ezinegon edo kezkaren bat izanez gero, batzuei kostatzen zaie gurasoei kontatzea, eta lagunengana edo irakasleengana jotzen du askok». Pandemian, ostera, kezkarik izan zuenak barruan gorde zuen.

Ikastolarako itzulera aldapa gora egin zitzaien zenbaiti. Asensiok honela gogoratu du: «Hasieran pozik geunden elkartzeagatik, baina gero, muga horiek guztiak jarri zizkiguten, banaka eserarazi, denbora osoan maskara jartzera behartu...».

Arauak etengabe aldatzeak buruhausteak ekarri zizkion bati baino gehiagori. Beunzak hau dio: «Toki eta ordu jakin batean sartzen ginen, tenperatura hartzen ziguten, eta, altua bazen, buelta bat ematera bidaltzen gintuzten. Maskara jantzita orduak eta orduak ematen genituen, gela eskuetan, leihoak irekita, kristoren hotza egiten zuen gelan... eta positibo emanez gero, inguruko guztiak etxera bidaltzen zituzten».

Alde positiboa

Familiarekin egoteko denbora eduki izana estimatzencloseEskertzen. dute. Elkarrekin otorduak egitea, mahai jokoetan aritzea, filmak ikustea eta bideo baten aurrean kirola egitea ohiko jarduerak bihurtu ziren itxialdian. Dena dela, «azkenerako apur bat nazkatuta ere bukatu genuen!», aitortu du, barrez, Asensiok. Sarasolak, esaterako, denbora librea baliatu zuen baterian hobetzeko: «Orduak sartzen hasi nintzenean, hobetzeko aukera izan nuen».

Etorkizuna

Etorkizunari begira, gazteen artean jarrera ezkorra eta etsipena igartzen dute. Asensiok azaldu duenez, «albisteak ikusten dituzu, eta gerrak, klima aldaketa, etxebizitza duin bat ez dugula lortuko... Horren inguruan, batzuek hau pentsatzen dute: 'Nik bakarrik ezingo dut ezer egin egoera aldatzeko; orduan, zertarako saiatu?' Baina, jende gehiago elkartuta, beharbada lor dezakegu zerbait aldatzea».

«Batzuek hau pentsatzen dute: 'Nik bakarrik ezingo dut ezer egin egoera aldatzeko; orduan, zertarako saiatu?' Baina, jende gehiago elkartuta, beharbada lor dezakegu zerbait aldatzea».

Naroa Asensio

Sarasolaren aburuz, gazte askok ikuspuntu indibidualista daukate, eta kexatzea alferrikakoa dela pentsatzen dute. Baina egon badago arazo kolektiboengatik protestatzeko gogoa. «20 urtetik gorakoen artean, etxebizitzaren inguruan adibidez, antolatu dira. Pandemiak guri kendu ziguna beste batzuei eman zien».

Uste berekoa da Beunza: «Mezu oso ezkorrak botatzen dituzte. Gazte askori antsietatea eta urduritasuna sortzen die». Hala ere, itxaropenerako leihoa zabalik du. «Gazteok, elkarrekin indarra eginez gero, gauzak aldatu ditzakegula uste dut. Adibidez, selektibitatea aldatuko zela iragarri zutenean, hasieran ez zizkiguten azterketen ereduak erakutsi nahi. Eta protestak egin ziren, Bilbon, Gasteizen, eta, nire ustez, presio horren ondorioz, azkenean lortu genuen ereduak lehenago ateratzea».