COP26 goi bilerak ez ditu ase ahots baikorrenen espektatibak

  • Albistea entzun

Iparraldeko potentzia kutsatzaileek Hegoaldeko herrialdeei laguntzeko agindutako 100.000 milioi dolarreko diru zorroa ez da osatu oraingoan ere. Gainera, ikatzaren erabilera gutxitzeko eskaera egin die goi bilerak herrialdeei; ez «ikatza uzteko».

BERRIAk lau adituri galdetu die handik atera diren neurriek ekarriko dituzten aurrerapausoei buruz, baina baita utzi dituzten hutsuneez ere. Guztiak bat datoz gabezia batzuetan: garatu gabeko herrialdeei laguntzeko mekanismoak ez dira iristen, eta hartu diren neurriak ez dira eraginkorrak 2030. urterako munduko batez besteko tenperatura gehienez 1,5 graduko igoeran mantentzeko. Hala ere, pozik agertu dira aurten hartutako neurriak datorren urtean berrikusiko direlako.

Hauek dira adituei eginiko galderak eta haiek emandako erantzunak:

1. Zer iruditu zaizu, oro har, COP26 goi bilera? 
2. Ze hutsune ikusi dituzu hartu diren neurrietan? 
3. Ze aurrerapauso eman dira Glasgown?

«Bileran hartutako neurriek ez gaituzte helburuetara eramango»

Anna Perez Catala (Ingurumen gaietako dibulgatzailea)

1. «Argi dago bileran hartutako neurriek ez gaituztela inolaz ere eramango behar dugun helburu horretara: munduko batez besteko tenperaturan 1,5 graduko igoera bat mantentzea».

2. «Herrialde ez-garatuak laguntzeko finantzaketaren gaia izan da gabezia gehien izan dituen arloa. Oso bidegabea iruditzen zait hori; hartutako konpromisoekin gauza bera exijitzen zaie herrialde guztiei, baita txiroenei ere, baina gero ez dira baliabideak jartzen horiek konpromisoak bete ahal izateko».

3. «Batetik, herrialde guztiek klima larrialdiaren aurkako planak berriro berrikusi beharko dituzte datorren urtean, eta ez dute bost urte itxaron beharko, eta hori oso positiboa da. Gainera, esango nuke aurtengo bileran lotura estuago bat egon dela zientziarekin. Adostu dute 2030. urterako emisioak %45 jaistea, eta orain arte ez da zenbaki bat zehaztu».

«Oraindik zapatan harri koskor handi bat dugu: ingurumen justizia»

Unai Pascual (IPBESeko ikertzailea)

1. «Goi bilera, orokorrean, gazi-gozoa izan da, urtero bezala. 200 herrialdek hartu dute parte, elkarren artean oso ezberdinak direnak, eta ez dago baldintzarik guztiak ados jarri eta elkarrekin pauso esanguratsuak emateko».

2. «Oraindik zapatan harri koskor handi bat geratzen zaigu: ingurumen justiziaren gaia. Bileran ikusi da munduko herrialde pobreenek finantzaketa eskatu dutela beren ekonomia berdeago bihurtzeko, emisioak gutxitzeko, klima aldaketara egokitzeko eta orain arte jasandako inpaktuak diruz berdintzeko. Herrialde garatuek konpromisoa hartzen dute laguntzeko, baina oraingoan ere ez dute zehaztu nola jarriko dituzten martxan herrialde horiei laguntzeko mekanismoak».

3. «Bagenekien oso zaila izango zela bileran 1,5 graduko langacloseMuga. hori mantentzea, eta helburu hori politikoki mantentzea lortu da, behintzat. Esan liteke hori diplomatikoki garaipen txiki bat badela, muga hori bertan behera geratzea benetako arrisku bat baitzen».

«Bilera honetan, behintzat, onartu da 1,5 graduko langa»

Elisa Sainz De Murieta (BC3ko ikertzailea)

1. «Uste dut badituela arlo positibo batzuk, baina egia da aurreikuspen urriak zeudela, eta gehienak ez direla bete».

2. «Hasierako dokumentua indartu beharrean, ahuldu egin da, eta orain indarrean dauden konpromisoek ez gaituzte 1,5 graduko helburu horretara hurbiltzen. Gainera, garatutako herrialdeek ez dute atea zabaldu garatu gabekoei konpentsazioak emateko».

3. «Orain arte asko aipatu izan da bi graduen langa, eta uste dut bilera honetan ez dela zalantzan jarri gehienez 1,5 graduko tenperatura igoera onar dezakegula. Horrez gain, lehenengo aldiz aipatu da ikatza murriztu behar dela, eta erregai fosilei emandako diru laguntzak desagertu egin behar direla».

«Mahai gainean jarri da erregai fosilak erabiltzeari utzi beharra»

Lorea Flores (Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea)

1. «Estatuen borondatearen menpe geldituko da aitzinera pausoak ematea. Euskal Herriari dagokionez, litekeena da nahiko lurralde zaurgarriacloseAhul dagoena, kaltebera. izatea klima aldaketari dagokionez; bai kostaldean, itsas maila igotzen ahal delako, eta baita hegoaldeko eremuetan ere, Nafarroan, klima mediterraneoa izanik ur eskasia izaten ahal dugulako». 

2. «Gabeziarik handiena da ez dela amaiera datarik ezarri erregai fosilak baztertzeko, eta, bereziki, ikatza erretzeari uzteko. Eta berdin diru laguntzei lotuta ere: hasieran, bazirudien onartuko zela erregai fosilak diruz laguntzen utzi beharko izatea, baina, azkenean, onartu da murriztuz joatea, eta hagitzcloseOso, guztiz. konpromiso ahula da hori».

3. «Behintzat, mahai gainean jarri dela erregai fosilak erabiltzeari utzi behar hori, eta hori positiboa da. Eta, era berean, onartu da estatuak ez direla nahikoa egiten ari, eta eskatu zaie datorren urterako berotegi efektuko isurien murrizketei lotutako helburuak finkatzea».


Jatorrizko artikuluak