Bertsolaritzaren genealogia feminista
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira, betaurreko moreak jantzi, eta saioei eta bertsolaritzari buruzko ikus-entzunezko saioak egin zituen BERRIAk. Besteak beste, bertsolaritzaren genealogia feminista osatu zuten.
‘Ahaztuak’ izeneko bideoa, hain zuzen, genealogia feministari buruzko lehena da, eta XIX. mende artekoak kontatzen ditu. Ondotik datoz XX. mendeko 80ko hamarraldia, 90ekoa, eta XXI. mendearen hasiera nolakoa izan den kontatzen duten testigantzak.
Egungo bertsogintza hobeto ulertzeko, jatorrira jo dute Ahaztuak lehen bideoan. Hala, 1452ko Bizkaiko foru lege baten aipamenarekin hasten da ikus-entzunezkoa; emakumeei plazan aritzea eta bertsotan jardutea debekatzen zien legearen aipamenarekin, hain zuzen. Legea gorabehera, XV. eta XIX. mendeen artean bertsotan aritu ziren zenbait emakume bertsolariren izenak ezin dira ahaztu: Santxa Hortiz, Gabriela Lohitegi, Hondarribiko Joxepa, Joxepa Antoni Aranberri edota Mariana Etxegarai.
XX. mendean, 80ko hamarkada mugarria izan zen bertsolaritza feministaren historian, emakumeek garai hartan hartu baitzuten parte lehen aldiz txapelketan.
Jada XX. mendean, 80ko hamarkada mugarria izan zen bertsolaritza feministaren historian, emakumeek garai hartan hartu baitzuten parte lehen aldiz txapelketan, lehian, ukatzen zitzaien plazan. Bidea urratzeak ondorengoei bidea zabaltzea ekarri zuen.
Arantzazu Loidi garai hartako emakume bertsolaria izan zen, eta lehen aldi asko bizitzea egokitu zitzaion: adibidez, emakume batek eskolarteko txapelketa batean lehendabizikoz txapela jantzi zuen aldia.
Kristina Mardaras da urte horietan egun kantuan dabiltzan bertsolariei bidea ireki zietenetako bat. Izan ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zen.
90eko hamarraldian, eztanda
90eko hamarkadan ordura arteko lurrikarak egonkortzen hasi ziren, ereindako lurra loratzen hasi zen. Emakumeak, plazak ez ezik, txapelketetako oholtzak hartzen hasi ziren, eta baita txapelak janzten ere.
Bertsogintzan lurrak gehiago hasi ziren mugitzen 2000. urtetik aurrera. Nork bere bidetik jo ordez, emakumeak batu egin ziren, eta, lehendik urratuak zituzten bideetatik joan ez ezik, bide berriak urratzeari ere ekin zioten XX. mendearen hasieran. 2000ko lehen urteetan hartutako erritmoari eutsi diote ondoren ere.