Genetikoki bakartuta egon zen populazio batenak dira Txina mendebaldeko Tarim ibaiaren arroko momiak. Basamortuko baldintzetan oso ondo kontserbatu dira. Haien jatorria misterioa izan da hainbat urtean.
Modu naturalean iraun duten ehunka momia dira, duela 4.000 urte lurperatuak, itsasontzi formako hilkutxetan. Taklamakan basamortuan aurkitu zituzten, duela mende bat. Basamortuko baldintzek babestu dituzte, baita ilea eta arropak ere. Batzuek uste zuten mendebaldetik joandako migratzaileak zirela, eta nekazaritza eraman zutela eskualdera.
Zetaren bidean dago Tarim ibaiaren arroa, Xinjiang-eko Uigur Eskualde Autonomoan, Ekialdeko eta Mendebaldeko kulturen topaleku batean, bizitzeko leku zail batean: beroa, idorra eta gazia. Duela 4.100-3.700 urte bizi izan ziren hamahiru lagunen genoma sekuentziatu du nazioarteko ikerketa talde batek, baita handik ehunka kilometrora iparraldean bizi izan ziren beste bostena ere, duela 5.000-4.800 urtekoak bostak ere.
Zetaren bidean dago Tarim ibaiaren arroa, bizitzeko leku zail batean.
Momia horien genomak alderatu egin dituzte lehendik sekuentziatutako hainbat genomarekin: antzinako 100 taldetakoak eta 200 populazio modernotakoak. Iparraldeko momien genomak, zati batzuetan, bat datoz Brontze Aroko migratzaileen genomen zati batzuekin; Tarim ibaiaren arroko hamahiruenak, aldiz, ez. Horien genometan, Siberia hegoaldeko ehiztari-biltzaileekin soilik aurkitu dute lotura, baina duela 9.000 urtekoak dira Siberiako horiek. Beraz, ondorioztatu dute tokiko herritarrak zirela eta ez zirela nahastu inguruko beste populazio batzuekin, ez eta handik igarotzen ziren beste zenbaitekin ere. «Genetikoki bakartuta zeuden, baina kulturalki kosmopolitak ziren», nabarmendu dute.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Jatorrizko artikuluak
- Bertako herritarrenak dira Tarimgo momiak, ez migratzaileenak Jakes Goikoetxea | |