Berbaxerka, euskararekin eta euskaraz jolasean

  • 445 hitz
  • Albistea entzun

Egunero 15.000 eta 20.000 lagun artean aritzen dira jolasean Berbaxerkan. Hizkuntza gutxituetan izan du oihartzuna jolasak. BERRIAren webgunean dago euskaraz hitzak bilatzeko jolasa.

Spelling Bee izan zen aurrena, ingelesez, eta Paraulogic ondoren, katalanez. The New York Times-en erabil liteke lehena, eta Vilaweben webgunean bigarrena. Berbaxerka izan zen hurrengoa: 2022ko urtarril hasieran euskarara ekarri zuten Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak. Aurrekoek bezala, arrakasta handia lortu zuen euskarazko bertsioak ere, eta, orain, BERRIAren webgunean kokatuko da euskaraz hitzak bilatzeko jolasa. Erabiltzaileek berria.eus/berbaxerka helbidean sartu beharko dute jokatu nahi badute, eta lehen bezala jarraitu ahalko dute jolasten. 

Konponketa batzuk egin dituzte Berbaxerkak eta BERRIAk. Jokoak Euskaltzaindiaren hiztegia erabiltzen du oinarri gisa, eta hiztegi horretan agertzen dira hitz batzuk, hain justu esateko ez dela komeni horrela erabiltzea —esaterako, aizpa—. Berbaxerkak ez zituen hitz horiek bereizten; ontzat jotzen zituen, eta konpondu egin dute hori: Euskaltzaindiak egokitzat jotako hitzek soilik balio dute jolaserako.

Egunero zazpi hizki

Jolasak abaraska baten itxura du. Egunero zazpi hizki izaten ditu, egunero desberdinak, eta jokalariak hizki horiekin osatu behar ditu ahal dituen hitz guztiak. Abaraskaren erdian hizki bat agertzen da, kolore gorrian, eta derrigorrezkoa da erdiko hizki hori erabiltzea hitzak asmatzeko. Hitzek hiru letra izan behar dituzte gutxienez.

Aditzei dagokienez, aditzoina eta partizipioa erabil litezke jolasteko, baina ezin dira jokatutako aditzak erabili. Izen eta adjektiboei dagokienez, singularrak soilik onartzen ditu jokoak. Eta ezin dira izen propioak erabili —bai gentilizioak, ordea—.

Joko bakoitzean, gainera, hitz berezi batzuk daude, guztitz-ak: eguneko abaraskako zazpi hizkiekin (guztiekin) osatutako hitzak dira. Egunero guztitz bat izaten da gutxienez, eta hori asmatzeak hamar puntu gehiago ematen dizkio jokalariari. Izan ere, puntuak ere banatzen ditu jolasak: hiru letrako hitzekin, puntu bat lortzen da; lau letrako hitzekin, bi puntu; bost letra edo gehiagoko hitzekin, letrak beste puntu.

Jolasa egunero bukatzen da, puntuak ez dira gordetzen, ez dago sailkapenik, eta gauerdian joko berri bat hasten da.

Jolasa egunero bukatzen da, puntuak ez dira gordetzen, ez dago sailkapenik, eta gauerdian joko berri bat hasten da. Erabiltzaileak bere burua du erronkari handiena, beraz.

6.000 hitz eta 137 guztitz

Fontek eta Salcesek abian jarri dutenetik apirilaren 2 arte, 6.018 hitz eta 137 guztitz atera dira Berbaxerkan. Guztitz batetik ausaz abiatuta aukeratzen ditu jokoak eguneko zazpi hizkiak. Orain arte gehien errepikatu den hitza ene izan da, zazpi egunetan atera baita. Sei aldiz atera dira ere, erre, asa, edade eta anana. Beste 22 hitz atera dira bost aldiz. Hizkien artetik, gehien errepikatu direnak bokalak izan dira, logikoa denez, eta horien artean a errepikatu da aldi gehiagotan: 64 jokotan agertu da. Kontsonanteen artean, r (44 aldiz) eta t (41 aldiz) errepikatu dira gehien. Erdiko hizkietan, berriz, n errepikatu da gehien, zortzi alditan.

Jokoak izan duen arrakastaren seinale, euskaldunen artean lortu duen oihartzuna: egunero 15.000 eta 20.000 lagun artean aritzen dira jolasean. Hizkuntza gutxituetan izan du oihartzuna jolasak, bereziki: Paraulógicen eta Berbaxerkaren ostean sortu dira Caxellu (asturierazko bertsioa), eta, orain berri, Pensatermos (galizierazkoa).