Basoa, natura eta hizkuntza gurutzatzen diren lekua
Unai Pascualen eta Dylan Inglisen ikerketa lan baten arabera, euskarak «pisua» du jende talde batek basoarekin duen harremanean. Euskal Herriko ekialdean egin dute azterketa, eta People and Nature aldizkarian argitaratu. Euskara eta natura zaintzeko lanean ikerketa baliagarria izan daitekeela uste dute.
Ikusita ez dela oso ohikoa izan hizkuntzak aldagai gisa hartzea naturaren balioak ikertzean, harrituta zeuden Unai Pascual BC3ko ikertzailea (Basque Centre for Climate Change) eta Dylan Inglis Bristolgo Unibertsitatekoa (Erresuma Batua). Zeregin horri heldu zioten, eta Euskal Herriaren ekialdean Pirinioen inguruan ondu duten azterlanak erakusten du badaudela loturak euskararen eta basoen balioen artean. «Gizatalde nabarmen batentzat, euskarak pisua du basoarekin duen harremanean», azpimarratu du Inglisek. Iruditzen zaio, bide batez, harreman horri buruzko marko kontzeptuala sortu dutela ikerketarekin. People and Nature aldizkari zientifikoan argitaratu dute.
Aztertu dute Irati eta Arbailako oihanekin «zer harreman lehenesten closenahiago izatendituzten» Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoako ibarretako herritarrek; horretarako, elkarrizketak eta talde eztabaidak baliatu dituzte, baita lehentasunak kuantitatiboki ikertu ere. Ibar horietako ehun lagunek baino gehiagok parte hartu dute lanean.
Aurrez aztertuta zegoen naturak kultur identitateei egiten dien ekarpena. Beste zerbait ikertu nahi zuten, ordea, Pascualek eta Inglisek. «Aztertzen hasi ginen, jakin gabe ea lotura gauzatuko zen», zehaztu du Bristolgo Unibertsitatekoak. Baina frogatu dute naturaren balioen eta euskararen artean lotura bat dagoela, eta «bi noranzkotan» gauzatzen dela. Inglisek azaldu duenez, euskara garrantzitsua da naturaz gozatzeko.
«Jende multzo horrek esan zigun oso garrantzitsua zela euskarazko leku izenen bidez disfrutatzea basoaz». Eta, gainera, natura garrantzitsua da han «euskal nortasunarentzat». Ibar horiek eremu «eleaniztuna» izanik —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez hitz egiten da—, ikertzaileek jakin nahi zuten ea euskara pisuzko aldagaia ote zen herritarrek naturarekin duten harremanean. «Egiaztatu dugu badagoela harreman bat, eta hori inportantea da hizkuntzen biziberritzerako».
«Egiaztatu dugu badagoela harreman bat, eta hori inportantea da hizkuntzen biziberritzerako».
Pascualek pentsatzen du topatutako loturak «berritzaileak» izan daitezkeela hizkuntzak eta natura zaintzea helburu duten mugimenduentzat.