Natxo Ibarguen izena zuen Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean ageri den gizonak —ezkerretik hasita bigarrenak—. Igeltseroa zen, eta 1919. urtean egin zuen alde Argentinara, soldadutzatik ihesi. 1925. urtetik aurrera bizi izan zen New Yorken.
Balmasedan (Bizkaia) jaiotako gizon bat, 1932. urtean, New Yorkeko Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean, beste hamar beharginekin batera. Eraikinaren 69. solairuan atera zuten argazkia, 240 metroko altueran. Mundu osoan da ezaguna irudia, eta Harresi elkarteak jakinarazi du euskalduna dela bertan ageri direnetako bat. Baina nor zen gizon hori? Zer egiten zuen han? Zein zen haren jatorria?
Natxo Ibarguen Moneta (Balmaseda 1899 - New York 1957) Balmasedan bizi izan zen 20 urte bete zituen arte, baina, derrigorrezko soldadutzatik ihesi, atzerrira alde egitea erabaki zuen. Argentinara joan zen, Buenos Airesera, itsasontziz. Dena den, ez dirudi Argentinan oso gustura zegoenik, eta Ingalaterrara zihoan itsasontzi batean eman zuen izena.
Uharte hartara iritsitakoan, Bristolen bizitzen jarri zen, baina itsasgizon gisa jarraitu zuen lanean, eta Europako hainbat portutan izan zen, tartean Errusiako zenbait portu, herrialde hartan iraultza igaro berria zela. Europako egoera, ordea, ez zen oso ona urte haietan, eta, AEBen hazkundeak erakarrita-edo, New Yorkera joan zen bizitzera Ibarguren. Han ezagutu zuen emazte izango zuena, Esperanza Ojinaga, eta 1924an edo 1925ean ezkondu ziren; lau seme ere izan zituzten.
1929ko crash-aren ostean eraikuntzan lana lortu zuen, orain hiriaren ikur diren etxe orratzak eraikitzen. Aurrez ezagutzen closeAEBetako burtsak izan duen beherakadarik handiena.zuen igeltsero ofizioa, haren aitaren lanbidea ere hura baitzen. 1957. urtean hil zen Natxo Ibarguen.
Geroago itzuli zen Balmasedara haren semeetako bat, Peter, bere erroen bila. Hark jakinarazi zien Balmasedako senideei argazkikoa bere aita dela.
Arriskua, benetakoa ala irudikaturikoa?
Ibarguren ageri den argazkia ospetsua da. Atera zen garaian, zeresana eman zuen; izan ere, zorakeria dirudi 11 langile horiei altuera horretan halako argazki bat ateratzeak. Kontraste handia dago egoeraren arriskuaren eta langileek erakusten duten lasaitasunaren artean. Zenbaitek diote langileek ez zutela arrisku handirik hartu; izan ere, metro gutxi batzuk beherago, erabat bukatuta zegoen eraikinaren solairuetako bat.
Argazkia 1932ko irailaren 20an atera zuten, eta lehen aldiz New York Herald Tribune egunkariak argitaratu zuen, urriaren 2an. Duela urte batzuk, The New York Times-ek erreportaje bat argitaratu zuen argazkiaren egilearen inguruan, eta ondorioztatu zuten ezinezkoa dela nork atera zuen jakitea. Argazkiaren egileen helburua New Yorken eraikitzen ari ziren eraikinen publizitatea egitea zen.