Bakardadeari buruz ari da artikulu honetan Goizalde Landabaso kazetaria. Pandemiak behartuta, bakardadea areagotu egin da, Landabasok dioenez, baina uste du osasun larrialdiaren aurretik agertzen hasiak zirela gero eta gizarte bakartuagoan bizi garen zantzuak.
Bakardadeaz berba egiteko mahai-inguru batera gonbidatu naute. Beti iruditu izan zait bakardadeari ez zaiola nahikoa garrantzirik ematen, eta deigarria egin zait horrelako zerbait antolatzea. Gure bizitzetako konstante bat dela uste dut; garaiotan, baina, areagotu da. Ez bakarrik pandemiagatik edo derrigorrezko etxeratzearengatik. Erlauntz bakartuetan bizi garela iruditzen zait askotan, elkartasuna balio gisa demodé, eta gero eta bakarrago eta bakanago. Akorduan daukat eskolakide bi nituela, bikoitzak; berdinak ziren, eta beti elkarrekin egoten ziren. Batzuetan neure buruari galdetzen nion inoiz bakarrik sentituko ote ziren. Beharbada ordukoaren oihartzun da, baina bikiak ikusten ditudan aldiro gauza bera galdetzen diot neure buruari: ea bakardadea zer ote den ba ote dakiten.
Duela bi urte Erresuma Batuan Bakardadearen Ministerioa sortzea erabaki zuen Theresa Mayk, orduko lehen ministroak. Populazioaren %14 inguruk pairatzen zuen bakardadea, edo bakarrik sentitzen zen, eta ezinbestekotzat jo zuen Mayk ministerioa sortzea. Horrek, jakina, ez du arazoa konpondu, baina bideak ezarriko ditu. Azken asteotan Japoniako lehen ministroak erabaki du Bakardadearen Ministerioa sortzea. Iaz 20.000 pertsonak bere buruaz beste egin zuten. Datu lez utz dezakegu Japonian koronabirusaren eraginez hildakoak urte horretan: 3.400 inguru. Emakumeen artean %14 igo da suizidioen tasa. Bakardadeak emakumezkoak jotzen ditu portzentaje handiagoan; emakumezko jiteacloseIzaera. du batez ere.
Erresuma Batuan eta Japonian ulertu dute bakardadea ez dela norbanakoaren auzia, latzagoa dela, kolektiboari dagokion arazoa dela. Kolektiboaren gabeziak bistara uzten baititu bakardadearen arazoak.
Bakardadeak amildegiak sortzen ditu gure baitan, troka erraldoiak. Ez dut uste konponbide erraza duenik, baina zenbat eta bakanago, orduan eta gorriagoa izango da.
Jatorrizko artikuluak
- Bakardadeaz Goizalde Landabaso | |