Autogintza hasia da nabaritzen erdieroaleen osagaien eskasia
Mundu mailako arazoa da, eta sektore ekonomiko gehiagori eragin die, hala nola automozioko, telefoniako eta aparatu elektronikoen arloko ekoizleei. Finean, digitalizazio handiko sektoreei.
Klik egin eta agindu bat ematen den bakoitzean, erdieroaleek bidea zabaltzen diote bilatzen den erantzuna emateko gai den mekanismoari. Txikiak izanagatik, atzean duten teknologia oso konplexua da.
Egoera bideratzea «premiazko lehentasunik handiena» izendatu du Joe Biden AEBetako presidenteak, eta Euskal Herrian ere nabaritu da txip eskasia. 2021. urtearen hasieran, Volkswagenek eta Mercedesek jakinarazi zuten euren produkzioari eragingo ziola.
VWek aurreikusi baino 23.000 ibilgailu gutxiago egingo ditu aurten Landabenen. Mercedesen Gasteizko fabrikan, berriz, aurten 19.500 furgoneta gutxiago egingo dituzte: azken urteotan aurrekaririk izan ez duen ekoizpen maila bat da hori.
VWek aurreikusi baino 23.000 ibilgailu gutxiago egingo ditu aurten Landabenen.
Hornidura krisiak autogintzari eragin dio bete-betean. Besteak beste, VWek, General Motorsek, Fordek, Hondak eta Nissanek produkzio jaitsierak iragarri dituzte. Arazoak agerian utzi du ekoizteko unean bertan hornitzeko just in time ereduaren arriskua. Aholkularitza etxe baten arabera, 51.000 milioi euro gutxiagoren diru sarrerak izango ditu aurten sektoreak. AEBetan, baliteke 1,3 milioi ibilgailu egiteari uztea sektoreak.
AEBetan, baliteke 1,3 milioi ibilgailu egiteari uztea sektoreak.
Dena den, gero eta digitalizatuago dagoen ekonomia batean, autogintzak erdieroaleen egungo merkatuaren %10 baino ez du ordezkatzen, eta sektore teknologikoetan ere nabaritu da eskasia. Adibidez, udazkenean Applek hilabete batez atzeratu behar izan zuen iPhone-12ren aurkezpena, osagai faltagatik, eta antzera gertatu zitzaion iPad-en azken modeloarekin. Microsoftek eta Sonyk ere euren kontsolen merkaturatzea atzeratu behar izan zuten.
Zergatik gertatu da?
Arrazoien artean nagusietako bat pandemia bera da. Iazko konfinamenduaren ondorioz, autogintza gelditu egin zen hainbat astez, eta horrek erdieroaleen eta txipen eskaria murriztera behartu zituen autogileak. Aldi berean, konfinamenduak berak etxetik lan egitera, eskolak ematera edo aisialdia teilatupean egitera bultzatu zuen, eta horrek ordenagailu, kontsola, telebista eta bestelako tresna elektronikoen gorakada ekarri zuen.
Eskaintza ez da gai eskariaren igoera handi horri erantzuteko.
Digitalizazioaren joera aurretik ere bazetorren, baina pandemiak nabarmen bizkortu du, eta funtsean eskaintza ez da gai eskariaren igoera handi horri erantzuteko. Gabezia horren atzean, baliteke COVID-19aren aurretiko erabaki politikoen ondorio ekonomikoa egotea. Donald Trump AEBetako orduko presidenteak Txinako produktu teknologikoei ezarritako blokeoak epe luzeko kaltea eragin zuen. 2018. eta 2019. urteetan, Txinak inoiz baino gehiago bereganatu zituen nazioarteko merkatuan txip eta erdieroaleak, 5G sareei eta behar teknologikoei erantzuteko. Orain, biltegi horrek lehia abantaila handia ematen dio Txinari.
Pandemiaren hasieran, osasun arloko materialen produkzioarekin gertatu zen bezala, arazoak agerian utzi du mendebaldeko herrialdeen beste gabezia bat: besteen menpe daude. Erdieroaleen ekoizpenaren %80 inguru Asia ekialdean egiten da, Taiwanen eta Hego Korean bereziki.
Jatorrizko artikuluak
- Txip txipi, buruko min handi Joxerra Senar | |
- Txip aldaketa autogintzan Jokin Sagarzazu | |