Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek debekatu egin dituzte sakelakoak

  • 267 hitz

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien erabilerari buruzko gogoeta kritikoa bultzatu du, ikastetxe bakoitzak araudi propioa landu dezan. Altxa Buruak zenbaitetan eskatu arren, Hezkuntza Sailak inoiz ez ditu debekatu sakelakoak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek erabaki dute sakelakoak debekatzea. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, martxotik abendura bitarteko gogoeta prozesu baten emaitza da erabaki hori. Sakelakoa oso kasu bakanetan soilik erabili ahal izango da, «ehuneko txiki-txiki batean», helburu pedagogikoren baterako bada. Halakoetan, baldintzak ondo zehaztuta egongo dira, eta «familiekin hitzartuta» jardungo dute.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean eman du berria Pedrosak. Azaldu du Jaurlaritzak gogoeta prozesu kritiko bat bultzatu duela martxotik ikastetxeen artean, teknologia horien erabileraz hausnartu zezaten. Abenduan bururatu zen prozesua: ikastetxeek euren araudia landu behar izan dute, eta, hura osatzeko, Hezkuntza Sailaren laguntza izan dute. «Gure asmoa da hezkuntza komunitateari hausnarketa kritiko bat eginaraztea. Teknologia bai, baina noiz, non eta nola? Familiek eta ikastetxeek eurek badute ardura ariketa horretan», esan du Pedrosak.

«Gure asmoa da hezkuntza komunitateari hausnarketa kritiko bat eginaraztea. Teknologia bai, baina noiz, non eta nola? Familiek eta ikastetxeek eurek badute ardura ariketa horretan».

Begoña Pedrosa (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua)

Aspaldian piztuta dago sakelako telefonoen erabilerari buruzko eztabaida. Jaurlaritzak orain urtebete egin zuen gaiari buruzko agerraldia, baina ez zuen irizpide zehatzik eman; ez zituen eskoletan sakelakoak debekatu, eta ez zuen esan baimenduta egongo zirenik ere. Hain zuzen, ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuten sakelako telefonoen eta erloju adimendunen erabilera erregulatzea.

Alabaina, badago mugimendu bat eskoletan beren-beregi closeBerariaz.
eskuko telefonoak debekatzearen alde: Altxa Burua; sakelako telefonoa erabiltzearen ondorioek kezkatzen dituzten familiak dira. Komunikabideetan-eta hainbatetan aldarria zabaldu ondotik, abenduan egin zuten agerraldi bat Eusko Legebiltzarrean. Hartan, zera galdegin zioten Hezkuntza Sailari: propio ontzeko dekretu bat eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» edo «espazio libreak» bihur daitezen. Jaurlaritzak ez du horrelako erabakirik hartu.