Ane Zabaleta: «Bada momentua pentsatzeko zeintzuk diren ur arazoei aurre egiteko alternatibak»
Ane Zabaleta Lopetegi (Zumaia, Gipuzkoa, 1978) geologo eta EHUko irakasleak dioenez, uraren zikloan oso garrantzitsua da lurraldearen kudeaketa, ura ez baita zuzenean pasatzen prezipitazioetatik hornidura sistemara: «Lurraldearen erabilera guztiek ez daukate eragin bera».
Euskal Herrian ba al dago arazo bat urarekin?
Beti pentsatu dugu hemen uraren arazorik ez dagoela, baina aurten oso bistan geratu da momentu jakin batzuetan arazoak sortzen direla. Eskualde batzuetan, arazo horiek lehenagotik datoz, eta aurrera begira gero eta gehiago gertatuko dira, klima aldaketan adituak direnek diotenez. Bada garaia pentsatzeko zeintzuk diren arazo horiei aurre egiteko alternatibak.
Lurraldearen kudeaketak eragina izaten du uraren kantitatean eta kalitatean?
Batzuetan pentsatzen dugu euria eginez gero ura daukagula, eta euririk egiten ez duenean hasten direla arazoak. Baina kontuan hartu behar dugu euria ez dela zuzenean deposituaren gainean erortzen: ura lur gainean erortzen da, eta hortik pasatzen da ura biltzeko sistemara iritsi aurretik. Prezipitazioa ur baliabide bilakatzeko bide horretan, oso garrantzitsua da lurraldea, eta hori nola kudeatzen den. Lurraldearen erabilera guztiek ez daukate eragin bera baliabide horietan.
Adibidez?
Landare belarkarekcloseBelar itxurako landareak.
askoz ur gutxiago kontsumitzen dute zuhaitzek baino. Bestalde, abeltzaintza estentsiboacloseGanadua larreetan, zelaietan eta antzekoetan elikatzen duen abeltzaintza mota.
galtzen ari den honetan, gure larreetako asko basotzen ari dira. Eta ez da berdina lasai eta denboraz hazitako zuhaitz helduak dituen ingurune bat, edo hazkunde azkarreko plantazioak, gero eta urte gutxiagoko errotazioetan mozten diren zuhaitzekin. Horiek ur asko kontsumitzen dute, ur hori lurretik hartzen dute, eta, beraz, ez da iristen ibaietara eta hornidura sistemetara.
«Hazkunde azkarreko plantazioek ur asko kontsumitzen dute, ur hori lurretik hartzen dute, eta, beraz, ez da iristen ibaietara eta hornidura sistemetara».
Eta uraren kalitateari dagokionez, nola eragiten du lurralde antolaketak?
Askotan ikusten dugu gure errekak marroi daudela. Horrek bi irakurketa ditu: alde batetik, kalitatea galtzen dugu, eta ur horiek ezin dira hornidurarako erabili; eta, beste aldetik, kolore marroi hori lurzorutik dator, zeinak ura belaki baten moduan gordetzen duen. Bi baliabide ari gara galtzen hor, ura eta lurzorua.
Eragile batzuek pinuak eta eukaliptoak sartu izana salatzen dute.
Bertako daturik ez daukagu, baina beste leku batzuetako ikerketak publikatu dira, eta argi dago horrelakoek ur asko kontsumitzen dutela eta, beraz, ez direla onuragarriak ur baliabidearen ikuspegitik. Ura babestu behar badugu, ur hargune bat daukagun lekutik gora horrelako landaketak ez dira egokienak.
Busturialdeko herritarrek hango ur eskasiari buruz aipatzen duten beste faktore bat turismoaren neurriz kanpoko hazkundea da. Zuk zer deritzozu horri?
Ur baliabideez ari garenean, oso garrantzitsua da, baliabideez gain, eskaria ere kontuan hartzea. Eta eskariaren barruan, beharrak eta nahiak desberdindu behar dira. Horrelako egoera batean gaudenean, beharrak bermatu egin behar dira, eta nahiak, berriz, ahal dugun moduan kudeatu.
Tokian tokiko ura kontsumitzea garrantzitsua da?
Zero kilometro filosofiak ia gauza guztietarako balio du, eta uraren auzirako ere bai. Zenbat eta hurbilagokoa izan gure baliabidea, orduan eta hurbilago izango dugu horren kudeaketa, eta kontzientzia handiagoa izango dugu baliabide hori ematen digun ingurunea zaintzearen garrantziaz.
«Zazpi alternatiba planteatzen ziren Busturialdeak pairatzen duen ur eskasiari irtenbide bat emateko. Alternatiba horietatik azkena zen ura Zadorratik ekartzea».
Uraren Agentziak, 2013an, txosten bat egin zuen Busturialdeak aspalditik pairatzen duen ur eskasiaren arazoari irtenbide bat emateko, eta, orotara, zazpi alternatiba planteatzen zituen, eta bakoitzean hainbat neurri. Alternatiba horietatik azkena zen ura Zadorratik ekartzea. Badirudi zuzenean horretara joko dutela, aurreko guztietan pausorik eman gabe.
Jatorrizko artikuluak
- «Uraren eskarian, beharrak eta nahiak desberdindu behar dira» Gotzon Hermosilla | |