Ane Gabarain: «Jo eta ke ari naiz 20 urte ditudanetik; utzi glamourra»
Unean uneko istorioan sartu, pertsonaia bere egin, eta, atsedenerako asti handirik gabe, beste norbait bilakatu berriz. Hiru hamarkada pasa daramatza langintza horretan Ane Gabarain aktoreak (Donostia, 1963); zineman, telebistan, antzerkian. Antzerti Arte Dramatikoaren Zerbitzuko lehen promozioko aktoreetako bat da.
Nola hartu zuen inguruak Batxilergoa amaitu berri Antzerti eskolan ikasten hastea?
Nik ordurako banuen sena. Herrerako antzerki talde batean ibilita nengoen, eta sumatu nuen hura gustuko nuela. Gurasoek normal-normal hartu zuten. Esan izan banie abokatu izan nahi nuela, uste dut gehiago harrituko zirela. Amak bai, amak entzun behar izan zuen: «Nola utziko diozue hori ikasten, ez du etorkizunik...». Baina esan zuen: «Aizu, ba, bokazioa du, eta probatu dezala». Eta gaur arte.
Antzertiko lehen promozioa izan zen zurea?
Bai, bi promozio paralelo izan ziren. Han ginen Elena Irureta, Kandido Uranga, Patxi Santamaria, Karlos Zabala, Isidoro Fernandez, Eneko Olasagasti, Kontxu Odriozola, Mikel Garmendia... horietatik dezentek jarraitu genuen. Eskolatik atera eta Bederen Bat taldea sortu genuen, zortzi bat urtez aritu zena. Gero, Txalo konpainia sortu zen handik.
Baina euskaraz profesioa egin gabe zegoen; telebista ere orduantxe hasi zen, eta horrek eman zigun prestakuntza handia.
«Euskaraz profesioa egin gabe zegoen; telebista ere orduantxe hasi zen, eta horrek eman zigun prestakuntza handia».
Belaunaldi bati jositako esana bilakatu da jada: «Dena sortzeko zegoen, eta gu han ginen».
Dena sortzeko, eta gu gazte-gazte, ilusio huts. Badirudi orain datozenek dena emana dutela, baina ez dute batere erraza. Azkenean, nor bere garaiaren semea edo alaba da; bidea egiten zoaz, ahalik eta ondoena, ahalik eta gehiena disfrutatzen —sufritzen ere bai—, eta gerora baino ez duzu hartzen garaiaren kontzientzia.
Bi eta bat, Jaun eta jabe... etxe askotan bat gehiago zineten.
Bi eta bat-en sitcom formatu hura bukatutzat jo da, baina orduan oso modan zegoen, eta EITB lehenengoetakoa izan zen apustua egiten. Orain zaila da imajinatzea zenbat ikusten zen, ikaragarri.
Euskal Telebistako mugimendu hura sortzen bezala ikusi duzu itzaltzen?
Zeharo. Basamortua etorri da gero. Eta urteak daramatzagu jada basamortuan. Pena handiz hartu da hori sektorean. Tristurarekin, ze zuk ere apustu bat egin duzu, Euskal Herrian geratzekoa, hemen lan egitekoa... baina ikusten duzu gauzak itzaltzen ari direla, gero eta aukera gutxiago dagoela, eta jendeak azkenean ihes egiten du, ze bizi ere egin behar du.
Pentsa, Bi eta bat-ekoak ordu erdiko atalak izaten ziren, eta astebete hartzen genuen bakoitza grabatzeko. Muturreraino zaintzen zen. Hartualdi mordo bat egiten genuen. Alfonso Arandia zen errealizadorea, eta oso zorrotza zen. Dirua eta denbora zeuden lehen, eta orain pentsaezina da hori. Pikutara joan da. Orain, ia hiru orduko lan bat egin dezakezu astebetean.
Aktore gazteagoekin lan egitean, zer gogoeta ateratzen dira?
Niri pila bat gustatzen zait belaunaldi gazteagoekin lan egitea. Indar handia ematen dit. Eta aktoreak soilik ez, alderdi teknikoetan ere gazte asko ikusten da; jende langilea eta zentzuduna, lan egiteko gogoa duena. Eta horrek poza ematen du. Gauza bat esaten diot neure buruari: ez dut inolaz ere iritsi nahi puntu batera non pentsatuko dudan 30 urteko zuzendari batek ezingo didala ezer irakatsi. Hori pentsatzen dudanean, hilda egongo naiz.
«Niri pila bat gustatzen zait belaunaldi gazteagoekin lan egitea. Indar handia ematen dit».
Hartzen zaio neurria ezegonkortasunari?
Ikasi egiten da horrekin bizitzen. Hilabeteak lanik gabe egon ostean, batera heldu daitezke aukerak, eta denari baietz esan eta gero ezin moldatuta ibiltzea ere gertatzen da. Biek sortzen dute antsietatea, eta hori kudeatzen ere ikasi behar da. Baina hileroko soldata finko bat, opor ordainduak... hori zer den ez dugu sekula jakin.
Alfonbra gorriaren gainean agertzen zarete, baina azpian...
Ene, azpian! Ni jo eta ke ari naiz 20 urte ditudanetik, eta ez glamourrean, utzi hori... Gu langileak gara, oinarri-oinarrikoak.
Ofizioak badu, ordea, oso ardatz ederra, pertsonaiak antzeztea. Nola lantzen duzu hori?
Nork eta nondik eramaten zaituen, era batera edo bestera lantzen duzu pertsonaia. Oso polita izaten da, adibidez, zuk etxetik zerbait oso landuta eramaten duzunean, argi ikusten duzunean pertsonaia nolakoa den, nolakoa izan behar duen eszenak, eta bat-batean zuzendaria etorri eta zirt-zart pikutara bidaltzen duenean dena, eta, gainera, konbentzitu egiten zaitu.
Eta nola kudeatu pertsonaiarekin sor daitezkeen gatazkak?
Pertsonaiekin baino gehiago, sortzen diren eszenekin eduki izan ditut nik gatazkak. Batzuetan zuk ez duzu argi ikusten, eta blokeoak etortzen dira. Baina gero, azkenean, ez dago ezer hain inportantea, eta, sormen lan batean zabiltzanean, batzuetan gauzei ere utzi egin behar zaie berez etortzen. Txarrena da askotan azkarregi doala dena: oso denbora gutxi izaten dugu sekuentzia bat egiteko, eta entseatu egin behar da, eta gauzak ulertu.
Baduzu pertsonaia kuttunik?
Bi eta bat-eko Jaione bai, behintzat. Kuttuna dut Ados-ekin egin genuen Maitasunaren ostean maitasuna antzezlaneko pertsonaia ere. Alzheimerrari buruzko obra bat izan zen, eta asko gozatu nuen harekin. Gero, azkenaldikoekin gelditzen zara, eta bai Patria-koa eta bai Allí abajo-koa ere gustura egin ditut. Eta Fadoak entzuten zituen gizona-ko pertsonaia ere bai, noski.
Emakumezko aktoreentzat urriagoak dira lan aukerak; are urriago adin batetik aurrera?
Bai. Betidanik ezagutu dugu errealitate hori. Gizonezkoek lan gehiago daukate; pertsonaia gehiago izaten dira, eta aukera gehiago izaten dituzte. Aldatuz doa pixkanaka, eta emakumezko ekoizle eta zuzendariak ere gero eta gehiago dira, baina oraindik gizonen alde dago balantza.
Rol jakin batera murriztua ez izatea borrokarako gai izaten da?
Ohikoa izaten da, eta normala ere bai. Merkatua ikusita, produktoreak eta zuzendariak ez dira hor askorik arriskatzen. Ni ikus-entzunezkoetan batez ere komedia egiteko deitu izan naute, eta lana denez, ba, pozik. Baina aktore batentzat erregistroz aldatzea da polita, probatzea. Antzerkiak aukera gehiago ematen ditu horretarako.
«Badakizu zerk tristatzen nauen asko? Gure lanarekiko kontsiderazio faltak, leku batera iritsi, kamerinora joan, eta ez egotea ez ispilurik, ez berogailurik, ez komuneko paperik. Horrek negargura ematen dit».
Zerk liluratzen zaitu oraindik ere mundu honetatik, eta zer bihurtu zaizu zama?
Badakizu zerk tristatzen nauen asko? Gure lanarekiko kontsiderazio faltak, mimo faltak. Detaile txikiak dira, baina leku batera iritsi, kamerinora joan, eta ez egotea ez ispilurik, ez berogailurik, ez komuneko paperik. Horrek negargura ematen dit. Negargura. Tokatzen dira emanaldi gogorrak, baina egin behar dira horiek ere. Publikoa, normalean, esker onekoa izaten da, gainera, eta hori baltsamo bat da. Sendatu egiten du.
Eta alde politak... badago zerbait barrukoa dena, eta horrek aurrera bultzatzen zaitu. Niri indarra jendeak ematen dit, proiektuak eta ilusioak konpartitzeko gogoak. Ziur aski, beste lanbide batzuetan ere pasatuko da, baina beti iruditu izan zait harreman oso bereziak sortzen direla gurean.
Jatorrizko artikuluak
- «Jo eta ke ari naiz 20 urte ditudanetik; utzi glamourra» Itziar Ugarte Irizar | |