Duela bost mende, armada batek Amaiurko gaztelua inguratu zuen; Espainiako erregeordeak zuzendu zuen armada hori, eta bost mila soldaduk osatzen zuten.
Gazteluaren barruan, Jaime Velaz Medrano kapitainaren agindupean, ehun nafarrek astebetez eutsi zieten bonbardaketei eta erasoei. Konkistaren azken guda handia izan zen.
1522ko uztailaren 19an amaitu zen Amaiurko gazteluaren setioa. Nafarroako konkistako batailarik esanguratsuenetakoa izango zena irabazita, Karlos V.a enperadoreak suntsitzeko agindu zuen, «harri gainean beste harririk ez geratu arte». Abuztuaren 11n, Baztan osoan entzun omen zen leherketaren burrunba.
Zer egoeratan gertatu zen konkista?
Orduko Nafarroa hark 150.000 biztanle inguru zituen. «Erreinu txikia zen; giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxi zituen», zehaztu du Peio Monteano historialaria eta Nafarroako Errege Artxiboko teknikariak. Erdi Aroa amaitu berri, Europako beste erreinuen aldean, atzeratuta zegoen, XV. mende amaierako krisitik ateratzeko zein modernizazio politikoari aurre egiteko. «Erregeen boterea nahiko ahulduta zegoen», Monteanoaren arabera. Paradoxikoki, Espainiaren eta Frantziaren artean kokatua izanik, bere balio estrategikoa handitzen hasia zen. «Denbora asko zeraman mehatxupean».
Nola eragin zuen gerra zibilak?
Konkista hasi baino mende erdi lehenagotik, XV. mende erdialdetik —zehazki, 1451tik—, erreinuko jauntxoak bi bloketan banatuta zeuden: batetik, agaramontarrak, Erriberan, Nafarroa Beherean eta ekialdean nagusi; bestetik, beaumontarrak, batik bat mendialdean nagusi.
1451etik, erreinuko jauntxoak bi bloketan banatuta zeuden: batetik, agaramontarrak, Erriberan, Nafarroa Beherean eta ekialdean nagusi; bestetik, beaumontarrak, batik bat mendialdean nagusi.
1512ko uztailean, Espainiako armadak Nafarroa inbaditu zuen, hogei mila soldaduren ekinaldiaren bidez. Hilabete eta erdiren buruan, ia erreinu osoak amore eman zuen. Beaumontarrek konkista babestu zuten; agaramontarrek errege nafarren alde egin zuten.
Lehen inbasio horren ostean, espainiarren boterea sendotu egin zen, eta, haserre zeudenez, jokabide aldaketa batzuk ekarri zituen. Hala, 1521ean, Frantziaren laguntzaz, Nafarroako erregearen aldeko tropak erreinua berreskuratzen saiatu ziren, eta «beaumontar talde handi batek bat egin zuen errege legitimoen aldarrikapenarekin».
Zer garrantzi zuen Amaiurko gazteluak?
Erdi Aroan, Nafarroako erreinuaren defentsa sisteman batik bat, Iruñeko Santiago gaztelua eta hegoaldeko mugako gazteluak ziren funtsezko. Haatik, «Espainiaren eta Frantziaren arteko gatazka areagotzean, Europako nagusitasuna bereganatzeko», Pirinioak zeharkatzeko bidea kontrolatzen zuten gazteluek garrantzi estrategikoa hartu zuten: Donibane Garazikoak, Orreagaren inguruetako Peñon gazteluak eta Amaiurrekoak. Azken horrek «Baiona eta Iruñea arteko bidea babesten zuen».
1513ko apirilean bereganatu zuten espainiarrek, eta, zuen balio estrategikoaren jakitun, ondorengo urteetan Erdi Aroko egitura berregin zuten, «menderaezin» bihurtzeko asmoz.
1513ko apirilean bereganatu zuten espainiarrek, eta, zuen balio estrategikoaren jakitun, ondorengo urteetan Erdi Aroko egitura berregin zuten, «menderaezin» bihurtzeko asmoz: «Muga berria babestu behar zuen. Horregatik, artilleriari aurre egingo zion kanpoko egitura sendo eta modernoa eraiki zuten. Bertan, bi dorre zilindriko gehitu zizkioten. Bunker baten gisa, alderik hauskorrena babestea zuten xede».
Nafarroako tropek noiz hartu zuten Amaiur?
1521eko irail amaieran. Udaberrian, Frantziaren laguntzaz eta Lesparre jeneralaren gidaritzapean, Enrique II. errege gaztearen aldeko tropek Nafarroa osorik berreskuratu zuten, oso denbora gutxian. Ahalegin handi hura Noaingo batailaren porrotarekin amaitu zen. Alta, uda iragan ostean, bigarren ahalegin handi bat egin zen: Bonnivet jenerala buru zutela, Orreagatik sartu ziren, eta, hegoaldera beharrean, iparralderantz jo zuten.
Amaiurrek udaberriko setioari eutsi egin zion, baina udazkenekoari, ez. «Udaberrian hara joan ziren tropek ez zuten artilleriarik. Lesparre jeneralak berekin eraman zituen kanoiak Iruñera, Lizarrara eta Logroñora, eta horrela ezinezkoa zen Amaiur eroraraztea». Irail amaieran, berriz, artilleria ugarirekin inguratu zuten gaztelua: «Amaiurren teknikarik modernoenak erabili ziren gaztelua gotortzeko, baina artilleria are gehiago garatu zen garai berean zehaztasun eta suntsipen ahalmenari dagokionez». Ondorioz, egun bakarrean hartu zuten gaztelua, eta Jaime Velaz Medrano egin zuten hango buru.
Nor zen Velaz Medrano?
Konkistako pertsonaiarik interesgarrienetakoa da. «Nafarroako erresistentziaren arima da», laburbiltzen du Monteanok. Historialariak aurreratu du haren biografia lantzen ari dela orain. 1475ean jaioa, bi Nafarroak hartzen zituen Velaz Medranok: ama, Baigorrikoa, Etxauz jauregikoa, eta aita, Leartzako jauna —haien leinuko jauregia Iguzkitzan dago—. Errege nafarren konfiantzazko kapitain izan zen erreinua berreskuratzeko saio guztietan. «Bizirik iraun zuen guztietan, eta bere konpromisoa sendoa izan zen, garaiko beste nobleen aldean».
«Velaz Medranoren konpromisoa sendoa izan zen, garaiko beste nobleen aldean».
Nolakoa zen gazteluko bizimodua?
Velaz Medranoren eta galtzaileen gutunak onik iritsi dira gaurdaino, eta «galtzaileen ikuspegia» eman dute. Oso udazken euritsua izan omen zen hura. Bideak lokaztuta eta negua ate joka, eguraldi txarrak arnasa pixka bat eman zuen. Velaz Medranoren kezka nagusia zen Amaiurko gaztelua sendotzea.
Baztanen, Nafarroan bezala, jauntxoak zatituta zeuden, baina leinurik garrantzitsuenak (Ursua, Etxaide, Arizkun eta Iturbide) beaumontarrak ziren, eta, Nafarroako erregeen aldeko tropak eskualdea bereganatu zutela ikusirik, Donezteben babestu ziren. «Etsaia etxean izanik, mehatxuari aurre egin beharreko tenorean zen Velaz Medrano».
Amaiurtik kontrolatzen zuten lurraldea, eta beste hiru defentsa lerro kokatu zituzten: bata, Doneztebetik gertu, Bertizen, Bertizaranako jauna buru zela; bigarrena, Elizondon, Xabier gazteluko jaunaren ardurapean, eta, azkenik, Zigako elizan, Aginagako jaunaren mende. «Handik gobernatzen eta defendatzen zuten kontrolpeko lur eremua, eta etsaiaren lurrei erasotzen zieten, hurrengo udaberrian frantziarrak etorri eta Iruñerantz joango ziren esperoan».
Nolakoa zen arerioen gudarostea?
Uztailaren 5ean atera ziren Iruñetik Espainiako erregearen tropak, Mirandako konde eta Nafarroako erregeordea buru zutela. Donezteben babes hartutako gudarosteekin bat eginda, uztailaren 13rako bost mila soldaduz eta seiehun zaldunez osatutako armada batek inguratu zuen gaztelua. «Gehienez ere, sei mila ziren», Monteanoeren arabera. Zenbaitetan aipatu da hamar mila soldadu zirela, baina datu hori gezurtatu du Monteanok: «Dokumentazio historiko fidagarriena xehetasunez aztertzen denean jabetzen zara kronika egileek eta haien kontakizunetan oinarritu diren historialariek kopuruak puztu dituztela».
Uztailaren 13rako bost mila soldaduz eta seiehun zaldunez osatutako armada batek inguratu zuen gaztelua.
Armada horren erdia soldadu profesional espainiarrak ziren, eta beste erdia, miliziano nafarrak, Iruñeko eta Zangozako merindadeetan, eta Lizarra eta Erriberriko merindadeen iparraldean errekrutatutakoak. «Batzuk gustu onez zihoazen, eta beste batzuk, behartuta», dio Monteanok.
Nortzuk zeuden gaztelu barruan, eta zergatik?
Zortzi hilabetez gaztelua zaintzen izan ziren soldaduei zortzi aldiz pagatu zitzaien ordainsaria azkenekoa, ekain amaieran, eta agiri hori gordeta geratu denez, horko izenei esker egiazta daiteke gehienak gaskoiak zirela. «Espainiarren erasoa hasi zenean, atzera egin zuten haiek, Baiona defendatzeko. Velaz eta bere albokoek gazteluan geratzea erabaki zuten, eta frantziarren tokia ehun bat soldadu nafarrek bete zuten, ordura arte, Ziga, Bertiz eta Elizondoko posizio aurreratuetan izan zirenak, alegia». Velaz Medranoren alboan ziren Xabier, Aginaga, Azkona eta Sadako jaunak. Noble horiez gain, gehienak anonimoak dira.
«Gaztelu horren defentsan hilko gara berarekin guztiok», idatzi zuen Juan Agerre Etxalarko notarioak gutun batean, Velazi erreferentzia eginez.
Geratu zirenek bazekiten armada handia gainera zetorkiela eta gazteluetako setioak oso bortitzak zirela. Bazekiten, halaber, Donibane Garaziko gazteluko setioan hirutik bi hil zirela eta hura gordetzen zuen kapitaina Iruñean modu krudelean hil zutela. Frantsesek ziurtatu zieten ere bai ez zutela laguntzarik izango, eta, halere, bertan geratu ziren. «Gaztelu horren defentsan hilko gara berarekin guztiok», idatzi zuen Juan Agerre Etxalarko notarioak gutun batean, Velazi erreferentzia eginez: «Beste ezein naziok inoiz irabazitakoa baino ohore gehiago izango duzue», erantzun zion Urdazubiko abadeak.
Nolakoa izan zen setioa?
Zehazki, gertatutakoari buruz «bi kontakizun labur eta nahasi» baino ez daude, Monteanoren arabera: «Kronikagile espainiar batek idatzitakoa, bi aste geroago, eta nafar agaramontar batek egindakoa, hamar urte geroago».
«Balentria militar bat izan zen. Erresistentzia irmoari aurre egiteko, espainiarrak denetarik egiten ahalegindu ziren».
Informazio horietan oinarriturik, setioak astebete inguru iraun zuela jakin da. «Balentria militar bat izan zen. Erresistentzia irmoaren aurrean, espainiarrak denetarik egiten ahalegindu ziren. Lehenik, eskailera handien bidez, harresiak horiei eraso eginez hartzen ahalegindu ziren. Gero, bi dorre zilindrikoen arteko harresien aurka zuzendu zuten bonbardaketa». Bonbardaketa bortitzaren ondorioz, espainiarren hiru kanoi nagusiak apurtu egin ziren, eta, gaztelukoen defentsa amorratuari aurre egin ezinik, eta Pirinioetatik bestaldera laguntza izango ote zuten beldurrez, estrategia aldatu zuten espainiarrek: «Tunel bat ireki zuten dorre zilindriko bateraino, eta, eztanda egin zuenean, dorre nagusia eraitsi, eta zirrikitu itzela ireki zen. Gaztelua defendaezina zen». Uztailaren 19an erori zen dorrea, eta, harekin, gaztelua.
Zer gertatu zen galtzaileekin?
«Amaiurren amore ematea negoziatu egin zen. Beharragatik edo miresmenez, barruan zirenei bizitza salbatu zitzaien. Iruñera bidali zituzten, eta, denborarekin, presondegitik atera ahal izan ziren, denak Velaz Medrano izan ezik», dio Monteanok. Preso hartu eta aste gutxira, hilik agertu zen Iruñeko gazteluko ziegan Velaz Medrano. Heriotzaren arrazoiei buruzko aipamenik ez dago agirietan. Harekin, konkista garaian erresistentzia nafarraren erreferentzia nagusiak desagertu ziren.
Zergatik suntsitu zen gaztelua?
Ez dago argi. Nafarren erresistentziak suminduta, mendekuz egin ote zuten aipatu izan da, baina Monteanok uste du arrazoi militarrengatik suntsitu zutela: «1521eko kanpainak erakutsi zuen Pirinioetan espainiarren defentsa sistemak huts egin zuela. Mugaren lehen lerroan eraiki edo zaharberritutako gazteluak erraz erori ziren armada franko-nafarraren eskuetan, eta espainiarrei asko kostatu zitzaien haiek berriz hartzea». Horregatik, haren ustez, gazteluok eraitsi, eta defentsa Iruñean oinarritu zuten. «Estrategia horren emaitza oraindik ere ikus liteke hiriburuan». Hango gotorleku handia, alegia.
Zer ondorio izan zuen?
Amaiurrekin, Nafarroa Garaia espainiarren eskuetan geratu zen. «Gerrak beste bost urte jarraituko zuen, baina soilik erabakitzeko nor geratuko zen Nafarroa Beherearekin». Bertako jauntxoek lortu zuten erresistentziaren suari eustea eta 1527an espainiarrak handik kanporatu zituzten.
Jatorrizko artikuluak
- Erresistentziaren ikurra Joxerra Senar | |