Amaia Zubia kantariak jaso du 2021eko Adarra saria, Donostiako Udalak urtero ematen duena Musikaren Europako Egunean —ekainaren 21ean—. Berrogei urtetik gorako ibilbidea egin du kantagintzan, eta bidearen zati handi bat Txomin Artolarekin batera egin du. Harro dago egindakoaz, uste baitu bere kantuak denborarekin ez direla alferrik galdu.
«Benito Lertxundik esnatu ninduen ni euskal kantagintzara», kontatu du Amaia Zubiriak: «16 urte nituen nik, eta Benitok, bost gehiago. Abesti lehiaketa batera joan nintzen ezkutuan, etxean ezer esan gabe, Donostiako Arte Ederrak teatrora [1963an]. Han aditu nuen Benito, erdaraz kantatzen aurrena, eta gero euskaraz. Orduan esnatu nintzen». Irratian entzuten zituen abestiak ikasita kantatzen zuen Zubiriak sariketetan: espainolak, italiarrak, kubatar bat ere bai. «Baina Benito euskaraz abesten entzundakoan dena aldatu zen niretzat. Etxean gezurra esan, zinemara nindoala edo beste edozer gauza, eta trenez eta oinez joaten nintzen Benitok kantatzen zuen herrietara: Lasartera, Usurbilera, Oriora».
«Benito euskaraz abesten entzundakoan dena aldatu zen niretzat».
Ibilbide luzea egin du Zubiriak harrezkero. Txomin Artolarekin bat egin zuen, eta Haizea taldea osatu zuten. Haizea (1977) eta Hontz gaua (1979) diskoak ondu zituzten. Gero, Pascal Gaigne ezagutu zuen, eta elkarrekin lanean hasi ziren 1983ko udan. Egun argi hartan (1985) eta Kolorez eta ametsez (1986) diskoak plazaratu zituzten, alde batetik; bestetik, zinemarako musika sortu zuten film hauentzat: Zergatik panpox (1985), Ander eta Yul (1988), Santa Kruz (1990), Loraldia (1990), Como tu quieras (1992). Eta berriro Artolarekin elkartu zen gero, eta Folk lore sorta bildumako hiru diskoak egin 1991-1993 urteetan.
Beste sei lan ere argitaratuak ditu Zubiriak. Horien artean dira Amonaren mengantza (1995), Haatik (2002), Nabil (2008) eta Amona mantangorri (2010).
Musikak asko eman dio bizitzan: lagunak, pozak, maitasuna. «Oso azkar igaro dira 44 urte, lehen diskoa atera zenetik. Harrotasun pixka bat sentitzen dut, orain kantak entzun eta neronek ezagutzea polita da-eta. Beti saiatu naiz kantu atenporalak egiten, eta denborarekin ez dira alferrik galdu».
«Beti saiatu naiz kantu atenporalak egiten, eta denborarekin ez dira alferrik galdu».
Jatorrizko artikuluak
- Amaia Zubiriak jasoko du Adarra saria Musikaren Europako Egunean Gorka Arrese | |