Alaia Martin: «Bertsoak eman didan gauzarik onena lagunak izan dira»

Alaia Martinek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, aurreko bi aldietako garaile Beñat Gaztelumendiri buruz burukoan nagusituta.

Lekua egin diozu etxean txapelari?

Ez, eta pentsatzen ibili naiz ea lekurik ba ote duen etxean. Agian beste nonbait topatuko diot lekua. Funtsean, gauza asko mugiarazten ditu edo dizkit txapel batek. Beraz, ez dakit etxeko egunerokotasun horretan bere lekua behar ote duen.

Zer eskaini nahi zenion txapelketari?

Buelta asko eman nizkion horri: aurkeztu edo ez zalantzan ibili nintzen. Nondik kantatu nahi nuen aztertzen ibili nintzen, zer eman nezakeen eta zer eman ziezaiokeen horrek nire inguruari. Garai honen tenperatura eman nahi izan nuen, nolabait. Horrez gain, bizi egin nahi nuen, azken bost urteotan bertsogintzan garatu den mugimendu horren lehenengo dardaracloseAstinaldia.
hori bizi nahi nuen, hor egon. Eta eragin, ez nekien zein eskalatan, baina behintzat gozatuz. 2011. urtean sailkatu nintzen lehenbizikoz finalerako, eta ordutik izugarri aldatu da. Ilusio handia nuen final hau gorpuzteko, konpartitzeko eta bestelako elkarrizketa batzuk sortzeko.

Finalaren aurretik, txapelketa honetan «arnasa» hartzeko abaguneak izan dituzula aitortu zenuen. Zerk lagundu dizu horretan?

Egia da arnasa luzeagoko txapelketa bat izan dela niretzat. Horretan eragina izan dute bi faktorek. Batetik, sekula baino lehenago hasi nintzen txapelketa prestatzen. Hain zuzen, banekienez urte hasieran ume txiki bat izango nuela, eta, hortaz, hilabetez geldituko nintzela, lehenago hasi nintzen lanean. Ni ez naiz bertso zaharrak irakurtzekoa izan, eta horretan jardun nuen. Beste leku edo interes batzuetatik iritsi izan naiz bertsora; esaterako, sorkuntzatik tradiziotik baino lehenago. Horrez gain, sarritan elkartu izan gara bertsolariok. Julio Sotorekin batera ibili nintzen hura Nafarroako Txapelketan zebilenean. Beñat Gaztelumendik ere asko lagundu dit, baita beste zenbait bertsokidek ere; horien artean dira Ane Labaka, Maider Arregi eta Oihana Arana. Luxua izan da hori.

«Banekienez urte hasieran ume txiki bat izango nuela, eta, hortaz, hilabetez geldituko nintzela, lehenago hasi nintzen txapelketa prestatzen».

Alaia Martin (Gipuzkoako bertsolari txapelduna)

Oso lagunduta sentitu naiz. Etxetik ere bai, noski, baina hori kontratuan dator, adostasun batetik. Baina, beste sare horiek, adin batetik aurrera ehuntzencloseEratzen.
zailagoak diren horiek eutsi egin didate, eta badakit ez litzatekeela posible izango horiek eutsiko ez balidate.


Aldi luzeko lehiaketetan, zuretzat garrantzitsua da hasiera?

Baietz esango nuke. Aurten, bereziki, niretzat oso garrantzitsua izan zen, zeren eta ez nekien oso ongi kalibratzencloseNeurtzen.
nola nengoen. Egia da plazaz plaza gozatzen ari nintzela, baina exijentzia beste leku batean neukan. Egunerokoa oso intentsoa izaten da beste norbaiten zaintzarekin horren lotuta zaudenean, eta ez nuen neure burua asko zigortzen. Orduan, baneukan bertigo handi samar bat lehenengo saio horrekin. Esango nuke zorte handia izan nuela lehenengo final laurdenekoa egokitu zitzaidalako. Zuzenean sartu nintzen, asko pentsatzeko eta aztertzeko aukerarik izan gabe. Era berean, ongi egokitu nintzen ezarritako gaietara, gorputzaldi ona nuen, eta lo eginda iritsi nintzen. Beraz, bai, lehen harria ziurtasunez jartzeak norbere buruari halako patxada bat ematen dio, edo aurrera jarraitzeko oinarri bat behintzat.

Nola ikusten duzu datorren bertso belaunaldia?
Ekarpen handiak egiten ari dira. Gure belaunaldikook asko jaso dugu zaharragoetatik, eta hortik gatoz. Bistan da beste gatazka batzuetatik gatozela, eta asko edan dugu horretatik. Edonola ere, izugarri eman digute gazteagoek. Areago, esango nuke motibatuta jarraitzeko hauspotucloseAkuilatu, zirikatu.
gaituztela, edo nautela, nire kasuan. Berritasuna, mamia, zalantza eta beste zenbait kontu eman dizkigute. Niretzat oso aberasgarria izan da denbora eta elkarrizketa konpartitzea, bertsoaz gain. Oso garai interesgarria dator, orain ere badugu, noski, baina are interesgarriago bat ere etorriko da.

«Oso garai interesgarria dator, orain ere badugu, noski, baina are interesgarriago bat ere etorriko da».

Alaia Martin (Gipuzkoako bertsolari txapelduna)

Zuretzat garrantzitsua da ikus-entzuleekin hartu-emana izatea?

Bai. Azkenean, bertsoak gauza ugari barnebiltzen ditu, baina bere berezitasun handiena momentuan gertatzen dena da. Hortaz, komunikazioa ezinbestekoa da, bai denborarekin, garaiarekin, lekuarekin, eta baita norbere gorputzaldiarekin ere. Orduan, etengabeko kodifikazioa dago entzulearekin, adostasuna eta desadostasuna, hurbiltzea eta urruntzea. Jolas hori norberaren baitan dago, eta esango nuke bertsolariok beti gabiltzala jolas horretan, baina esentzia edo oinarria harreman horretan dago. Egin dezakeguna edo egin nahi duguna bi norabidetakoa da.

Nola deskantsatzen du bertsolari batek?

Ez dakit nola deskantsatzen duen bertsolari batek. Gainera, hain gara ezberdinak gure artean... Egia da txapelketa batek denoi uzten digula ajecloseBestondo.
emozionala. Esanak esan, nire asmoa atseden hartzea da, ospatzea, konpartitzea eta gero bila jarraitzea. Asko motibatzen nau horrek, bai bizitzan, bai bertsogintzan: kode zein erronka berriak bilatzea, entzuten jarraitzea eta bertsokideekin gozatzea. Bertsoak eman didan gauzarik onena, inolako zalantzarik gabe, lagunak izan dira.

«Asko motibatzen nau kode zein erronka berriak bilatzea, entzuten jarraitzea eta bertsokideekin gozatzea».

Alaia Martin (Gipuzkoako bertsolari txapelduna)

Beste zerbait gehitu nahiko bazenu, hauxe da zure tartea, nahi duzun doinu eta neurrian.

Neurri libre-librean, gauza gutxi. Batez ere esker ona adierazi nahi dut. Bizikidetasun zirkulu estuenetik hasita, lagunen kapa zabaleneraino, eskerrak. Bestalde, elkarteari ere aipamen berezia egin nahiko nioke, baliabideak jartzeagatik. Garbi esanda, bularra emateko aukera emateagatik, baita momentu bakoitzaren berezitasuna ulertzeagatik ere. Ez daukat beste gauza handirik gehitzeko.

Jatorrizko artikuluak