Abortu librerako urratsa

  • Albistea entzun

Abortuaren lege proiektua onartu du Espainiako Gobernuak. Heziketan eta osasun menstrualean eragiteko neurri sorta bat jaso dute. Besteak beste, higiene menstrualerako produktuak doan banatuko dituzte institutuetan.

Hauek dira legeak Hego Euskal Herrian eraginen dituen aldaketa nagusiak:

HAURDUNALDIA ETETEA 
Nork bere gorputzaren gainean erabakitzea xede

Legea onartzen denetik, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen haurdunaldia eteteko. Arauak kendu eginen du orain arte indarrean egon den beste baldintza bat: abortatu ahal izateko hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra. Ipar Euskal Herrian otsailean aldatu zuten abortuaren legea. 

16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen haurdunaldia eteteko. 

Beste neurri bat ere jasoko du Espainiako legeak: haurdunaldia eteten dutenei gaixo agiria emanen zaie, eta artacloseArreta, atentzio. eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Abortuak osasun sare publikoan eginen dituzte. Aborturik egin nahi ez duten medikuen kontzientzia eragozpena bermatu eta, era berean, abortatzeko eskubidearen bidean traba izan ez dadin, kontzientzia eragozleen zerrenda bat onducloseEgin, osatu.ko dute. 

HAURDUNALDIARI LAGUNTZA 
Lehentasun izanen da haurdunen borondatea

Haurdunaldia bururainocloseAmaieraraino. eraman nahi dutenei dagokienez ere, legeak «lehenetsi» eginen du emakumeen borondatea eta ongizatea. Horretarako, «praktika onak sustatzeko neurriak» ezarriko dituzte, haurdunaldiaren fase guztietan. Indarrean jarri nahi dituzten neurrietako bat da erditze aurreko gaixo agiria, haurdunaldiko 39. astetik aurrerakoa. 

KONTRAZEPZIOA 
Antisorgailuak, herritar denen eskura

Kontrazepzio metodoak orokortzeko zenbait neurri ere jaso dituzte lege berrian. Batetik, hurrengo eguneko pilula doan banatuko dute osasun etxeetan eta sexu eta ugalketa osasuneko zentroetan (gaur egun, farmazietan eros daiteke hurrengo eguneko pilula, errezetarik gabe eta 20 euroan). Bestalde, pilula antisorgailurik berrienak sartuko dituzte gizarte segurantzan, eta gizonentzako kontrazepzio metodoak sustatuko dituzte, «erantzukizuna ez dadin emakumeena soilik izan».

Hurrengo eguneko pilula doan banatuko dute osasun etxeetan eta sexu eta ugalketa osasuneko zentroetan.
OSASUN MENSTRUALA 
Neurri aitzindaricloseBerritzaile.ak, hilekoa tabu izan ez dadin

Hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortuko diete. Horrez gain, ordea, beste zenbait neurri ere jasoko ditu arauak: higiene menstrualerako produktuak —tanpoiak, konpresak eta kopa menstrualak, besteak beste— doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, gizarte etxeetan eta bestelako guneetan, «pobrezia menstruala bukatzeko xedez».

Hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortuko diete.
SEXU HEZIKETA 
Hezkuntzan eragin

«Derrigorrezko sexu heziketa integrala» ezarri nahi dute hezkuntzako fase guztietan, «adostasunean eta tratu onetan oinarritutako sexu harremanak» sustatze aldera: «Erabaki behar dugu gure seme-alabek nola deskubrituko duten sexua; pornografia biolentoaren bidez, edo errespetua ardatz izanen duen heziketa baten bidez», Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak adierazi zuenez. Sexu heziketari buruzko kanpaina bereziak ere sustatuko dituzte ikastetxeetan, antisorgailuak banatuko dituzte, eta, besteak beste, sexu heziketari eta osasun menstrualari buruzko prestakuntza berezia eskainiko diete irakasleei, langile publikoei eta espetxeetako funtzionarioei. 

«Erabaki behar dugu gure seme-alabek nola deskubrituko duten sexua; pornografia biolentoaren bidez, edo errespetua ardatz izanen duen heziketa baten bidez».

Irene Montero (Espainiako Berdintasun ministroa)

INDARKERIA MOTAK 
Haurdunaldi subrogatua jomugan, baina zigorrik gabe 

Haurdunaldi subrogatua «emakumeen aurkako indarkeria erreproduktibo» gisa sailkatuko dute Abortuaren Legean. Gaur egun ere praktika horiek debekatuta daude Espainian, baina lege berriak ez du joko horien bila atzerrira doazen bikoteen aurka. Bestelako indarkeria mota batzuk ere jasoko ditu legeak; besteak beste, desgaitasunen bat duten emakumeak esterilizatzea eta haurdun gelditzera edo abortatzera behartzea.

Jatorrizko artikuluak