36ko gerratik erregistratu gabeko 42 gorpu topatu dituzte Bilbon
1936ko gerrako hildako 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu hobi komun batetik Aranzadi zientzia elkarteak Begoñako hilerrian, Bilbon. Horietatik 42 orain arte desagertutakoenak ziren, erregistratu gabeko hildakoenak. Guztira, hilerri osoan gerran hil ziren 76 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte.
Gorpuzkiekin batera, munizioa, txanponak, botak eta txapak aurkitu dituzte, besteak beste. Aurkitutako arrastoengatik, ELAren, UGTren eta anarkisten batailoietan ibilitako «gudari eta milizianoak» direla uste dute. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hildakoen inguruko xehetasunak eman zituen: «Bilboren defentsan parte hartu zuten ideologia askotako pertsonak [dira]. Gudari eta miliziano gazteak, bizitza gobernu legitimoa defendatzen eman zutenak. Askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren gazteak».
Bilboren defentsan hildakoen senideei Gogora institutura informazioa ematera ager daitezela eskatu zien Artolazabalek. Beharrezko kasuetan, DNA lagin bat ere utzi ahalko dute. Izan ere, aurkitutako gorpuzki guztiei proba genetikoak egingo dizkiete hildakoen identifikazioan laguntzeko.
Ezustekoa
Ezustekoa izan zen Aranzadikoentzat hainbeste gorpu aurkitzea, erregistroek lauren berri ematen zutelako. Halaxe esan zuen Carmen Coch proiektuko arkeologia zuzendariak: «Bagenekien bertan lau gorpu zeudela, baina ez genekien lau aurkitu beharrean 46 aurkituko genituela guztira». 42 frontean hildakoak dira, seguruenik Artxandako batailan. Zauriak eta metraila zatiak ikus daitezke hezurretan, eta ikertzaileek ondorioztatu dute 1937ko ekainaren 15 eta 18 artean lurperatu zituztela. Gudari eta milizianoez gain, bando faxistako errekete bat ere aurkitu dute.
42 frontean hildakoak dira, seguruenik Artxandako batailan. Zauriak eta metraila zatiak ikus daitezke hezurretan.
2021eko urrian ekin zioten Begoñako Argia proiektuari Aranzadikoek. Bilboko Udalak adierazi zuenean 2006tik itxita zegoen hilerria kendu eta parke bat egiteko nahia zeukala, zientzia elkartekoek iritzi zuten aukera ona zela ikasleei indusketa mundua erakusteko. Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak azaldu zuenez, «orain arte memoria historikoaren alorrean lan egiteko aukera izan ez duten ehun ikaslek baino gehiagok» hartu dute parte bertan, eta Espainiako bost unibertsitate aritu dira elkarlanean EHUrekin.
Hilerria 1813an zabaldu zuten, baina XX. mendeko hazkundearen ondorioz, txiki geratu zen. 1943an itxi zituzten lurperatzeak hobietan, eta 2003an, panteoienak. Mende bi hauetako guztia hustean, 2.200 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte. Otsailean, gainera, karlistaldietako hobi komun bat aurkitu zuten.
Jatorrizko artikuluak
- 36ko gerratik erregistratu gabeko 42 gorpu topatu dituzte Begoñako hilerrian Javi West Larrañaga | |