36ko gerran hildako alde bietako herritarren datuak webgune batean bildu dituzte
Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak sarean jarri ditu 36ko gerran hildako 21.000 herritarren datuak: Errepublikanoen aldean hildakoak eta frankisten aldean hildakoak agertzen dira.
Oraindik ez dakite 7.795 biktima non dauden lurperaturik. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete daukaten informazio guztia eman dezaten. Zenbait biktimaren senideek datu okerrak topatu dituzte webgunean.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sarean jarri ditu 1936ko gerran hildako 20.970 herritarren datuak: 1936tik 1945era gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoak dira, bai eta hiru herrialde horietako batean jaio baina kanpoan zendutakoak ere. Horietatik 13.283 faxistek hil zituzten, eta 7.687, berriz, errepublikaren aldeko indarrek.
Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek esan zuen «legez eratutako erregimen demokratiko baten aurkako matxinadak» ekarri zuela gatazka militarra; hala ere, defendatu egin zuen hildako frankistak ere zerrendan jasotzeko erabakia: «Gaitzesten ditugu haien ideiak, haien arrazoiak, haien proiektu totalitario eta antidemokratikoa, baina pertsonak, biktimak, gure historiaren parte ere badira».
«Gaitzesten ditugu haien [frankisten] ideiak, haien arrazoiak, haien proiektu totalitario eta antidemokratikoa, baina pertsonak, biktimak, gure historiaren parte ere badira».
Fitxetan agertzen diren hildakoetatik gehienak, 19.962, gizonezkoak dira; 977, emakumeak; eta 31 hildakoren sexua ezin izan dute zehaztu.
Frankistek hildakoen 1.361 bonbardaketetan hil ziren; 991 gerra kontseiluen ondorioz exekutatu zituzten; 1.155 epaiketarik gabe exekutatu zituzten; 2.238 preso zeudela hil ziren; 91 nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren; eta 7.204, berriz, borrokan hildako gudari eta milizianoak izan ziren. Horiez gain, badaude beste nolabait hil ziren 243 lagun ere.
Beste aldean, 75 pertsona hil ziren errepublikanoen bonbardaketetan; hemeretzi exekutatu zituzten Euzkadiko Herri Auzitegiaren epai bidez; 971 epaiketarik gabe exekutatu zituzten; eta 5.922 borrokan hildako matxinatuak izan ziren. Badaude sailkatu gabeko beste 700 hildako ere.
Informazioa falta, eta datuak oker
Hildako guztien fitxetan, zenbait informazio agertzen da, baldin eta datu horiek jakinak badira: izen-abizenak, non jaio zen, zenbat urte zituen hil zutenean, familiaren datuak, non dagoen lurperaturik, eta informazio hori guztia non lortu den. Izan ere, datu basea atondu dutenek hainbat iturritara jo dute informazioa lortzeko: udalerrietako erregistro zibilak, Elizaren agiriak, hilerrietako liburuak, historialarien ikerketak eta abar. Baina oraindik ere informazio asko falta da, eta, esaterako, gaur egun inork ez daki 7.795 lagun non dauden lurperaturik.
Datuak sarean eta herritar guztien eskura jartzearen arrazoietako bat horixe da, hain zuzen ere: webgunea etengabe gaurkotzea, eta hildako horiei buruzko informaziorik edo agiririk dutenak informazio hori ematera bultzatzea. Webgunearen aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek dei egin zieten herritarrei datu basera jo dezaten eta, han agertzen ez den agiri edo informazioren bat izanez gero, aurkez dezaten. Datu okerrak atzeman dituzten senitartekoetako batzuk harremanetan jarri dira Gogora institutuarekin, eta datu horietako batzuk zuzendu egin dituzte jadanik.
Jatorrizko artikuluak
- Gogora institutuak sarean jarri ditu gerran hildako 21.000 herritarren datuak Gotzon Hermosilla | |